Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

ZORTZIGARREN JARDUNALDIA

 

INAXI eta LUIXA

 

(Itxaso aldetik sar bitez kalakari, berritsukerian, alegia.)

 

LUIXA: (Arrazoiaren puztutasunez.) Zer esan diñat, zuntzun ori ? Orra, itxasotik etortzea ozta-ozta egin din Keleo'ren semeak eta dagoneko Agata eta biok alkarrekin egonak dituk.

INAXI: Ziur al-zera berak zirana?

LUIXA: Joxe Migel argi ta garbi ikusi diñat. Agata ez ain ongi, baiñan. Joxe Migel'ek neska batekin ziardunan izketan eta au Agata izan ezik zertan igesi joan? Zer pekatu ziñan gorde bearra?

INAXI: Arrazoi duzu, Luixa. Eztakit nora begira egon naizen Joxe Migel'ek egiten zizkidan purrustadak non zuten jatorri ez ikusteko. Nigandik alde egiteko alegin guziak egiten zitun mutillak, beste «zer» bat euki bear tartean. Oraintxen ba-dakit Joxe Migel'ek zergatik ez didan egiten jaramonik, ba-dakit nor dun maitagai eta norengatik esesten naun. Kiskil ori! Nork esan, neu baiño ezerezagoa den orri, orrelako aundi aizeak jo bear zionik? Norekin eta markesaren alabarekin! Ez nau arritzen! Itsasoan ibiltzea baiño gozoago baita andrearen lepotik jatea!

LUIXA: Ondo egin din: Iri markesen bat inguratu ezkero, ez al-intzaken berarekin ezkonduko ire biotzeko kuttun guziak ostikoz jota?

INAXI: (Suminduta.) Nik ori egin? Luixa, ez nazan nire onetik atera...

LUIXA: Ire onetik atera ez, sartu nai diñat egin. Gogoan eduki zan: Agata alaba bakarra den. Ik ba'al-dakin, beraz, gabetik goizera Joxe Migel bezalako arrantzale gizajo bat markestuta eta dirututa arkitzea zer den? Ba-al-dakin ik, baserritan bakarrik zer ondasun duten Berriatu-Torreko markesak?

INAXI: Lotsa gutxirekin jaiotako gizona!

LUIXA: Orra ba, norekin nai unan ezkondu. Zuek ordea, gaztetxuak, mundurik eztaukazute eta okasiño ontan den bezelaxe ezagutu ezpa'unan, akatsik txikiena ez ionan ikusiko.

INAXI: Bai, ba'liteke orrela obeki izatea, neri begiak zabaltzearren, Jaungoikoa'k orrelako samintasuna bidaltzea... Baiñan, nire indarrak baiño, andiagoa da ezbear au. Ezin-etsiak ito bear nau, Luixa... (Negar-zotiñak.)

LUIXA: Ez aiz zentzutuko urteakin baizik, Inaxi. Apostu egingo niñan, oraintxen bertan, Agata'k zapuztuko ba'lu Joxe Migel eta onek iri ezkontzeko zerarik aipatu, delako Joxe Migel'ekin uztartu baietz, anka ta buruz gaiñera.

INAXI: Ezin uka... maitasuna itxua baita.

LUIXA: Itxua baiño obeto esango niñan... zoroa!

INAXI: Diruak eta aundinaiak eragin dio soilki urrats ori ematea Joxe Migel'i.... Baiñan alperrik ibilliko da iturburu oietan zoriona billatzen. Zoriona neuk emango nioke iñork ez bezalakoa, neuk lilluratuko nuke maitasunik mozkorgarrienaz, neuk, bai, eta ez Berriatu-Torre'ko erregintxo ziztriñak!

LUIXA: Nik etzekiñat euk mozkortuko unan maitasunez Keleo'ren semea, baiñan onek benetan mozkortu din markesaren alaba. Nik ezin neurtu dizkiñat pixu batean ire maitasuna eta Agata'rena Joxe Migel'enganako, baiñan, onena eztun iñolaz ere txantxetakoa, Oartzen al-aiz, ondotxo, neska onek bere bake, zorion eta etorkizunik goitarrena gal-zorian jartzen dula bere jokabidearekin? Euk, neurri ortaraiño jokatuko al-uken Joxe Migel'egatik?

INAXI: Oraindik asi besterik eztira egin. Ontaz aurrera ikusi bear maitasun orri ekaitzaldi guzien aurka eusten dion.

LUIXA: Ni ere zaletuta natxegon ikusteko. Komedia ala trajedia, zerbait piperduna beñepein ikustekoak gaitun aurki Mutriku'n.

INAXI: Bai, markesaren alabarena trajedian amaitzen baldin ba'da, makiñatxo batek negar eginen du, baiñan, nire trajediaz ezta iñor gogoratuko.

LUIXA: Zuntzun orrek, zergatik eztion jaramonik egiten Kalamax'i? Bera ere «sufritzen» ari dun ire maitasunarren eta euk, «erraigabe orrek», eztion errukirik. Gaiñera, Joxe Migel'en aldean aberatsa duk, ardandegi eta jatetxe baten jabea eta bere aita zanagandik jasota ba-dizkin makiñabat ontzako urre kutxa zaharren baten gordeak...

INAXI: Nik Kalamax'i jaramonik egin? Ederki eman ere! Naiago diñat nire burua urkabetik zintzilik jarri.

LUIXA: Ik eztakin jainko txikien berri. Urteak erakutsiko diten mundua zer dan, baiñan bildur naun niretzat bezala iretzat ere berandutxo ez ote den izango.

INAXI: Ezkontzeko aukerik izan zenun, beraz?

LUIXA: Izan eta joaten utzi... (Goibel.) Buru izketari baiño biotz izketari jaramon geiago egin nion zorigaitzez eta nire biotzak nai zukeanik etzen etorri. Dirutan aukera onekoak izan nizkiñan, baiñan nire buru zozongillo onek etzekiñan diruaren balioa neurtzen. Orain, ordea, diruaren eza eta bakartasunaren mingotsa zertzuk diran ondotxo ikusia natxeon. Artzan senarra, Inaxi, eta diruduna obe dirugabea baiño, senarrak zorionik ematen ezpa-din erorren aurrak emango diten-da...

INAXI: Ezin, Luixa, ezin...! Nik ere zure gaztetako lepotik euki burua... Joxe Migel edo batez.

LUIXA: Orra ba, nik esan: bate gabe geldituko aiz.

INAXI: Ez, oraindik gaztea naun eta Joxe Migel'ek Agata bereganatzen ezpa'du, neuk irabaziko diñat niretzat.

LUIXA: (Parrez.) Besteak utzitakoa?

INAXI: Ezin bizi ninteke bera gabe.

LUIXA: Iñor gabe bizi bearko dun ba.

INAXI: Ene! Au samintasuna! Au mundu zitala!

LUIXA: Biotzaren samintasuna eta munduaren zitalkeria bear bestean ezagutzeko oraindik gaztetxoa aiz. Ni bezala berrogeitamarretik gora irixten aizenean iñor alboratu gabe, bizi garratz onen berri jakingo dun zertxobait... (Asperenka.) Ez ote dun mutil zahar bat izanen bazterren batean nitzaz gogoratuko dena?

INAXI: Oraindik ez itxaropenik galdu, Luixa, urtetan aurrera xamartua egonarren andrie gordiña zagoz-ta. Ba-dira bazterretan mutil zaharrak zurekin pozik ezkonduko lirakenak...

LUIXA: Bai ote?

INAXI: Bai, orixe! Goñi-zahar, adibidez. Zer deritzazu?

LUIXA: Zurrutari emana eta jokalari xamarra izanarren, pozik artuko nuke, besterik ezean... Baiñan nork atera ura tabernazulotik?

INAXI: Ia ba, Luixa, zuk laguntzen ba'didazu Joxe Migel nereganatzen, nik ere lagun nezaizuke Goñi-zapar zuria izaten.

LUIXA: Benetan?

INAXI: Bai, Luixa, trankil egon, baiñan eztut uste zure Goñi-zahar «besteak utzitakoa» baiño obea denik.

LUIXA: Nai denik eztago eta ahal dena...

INAXI: Ai nire Joxe Migel!

LUIXA:: Ai, zozoa! Amaika aldiz damutuko zain Kalamax'i jaramonik ez egiña. Nik ere garai batean Xixilio'ri eskabide ainbat uko egin ezpa'nio...

INAXI: Zer?

LUIXA: Neu izango nintzakela bere zortzi ume ederren ama.

INAXI: Ori ezta gizon-egarria, Luixa, amatasun egarria baizik.

LUIXA: Luzeran, emakumeok eztugu beste egarririk gure sabeleko frutuarena baizik. Gizona bitarteko bekigu, ez elburu. Denbora lekuko, Inaxi. Ez dezazula esan, gaur nik bezala, iñorengandik izan zenitzakean umeak ikusita «Ai, nireak ba'lira!».

 

(Bijoaz erri aldera.)

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958