Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

IRUGARREN JARDUNALDIA

 

KALAMAX eta PERU JAUNA

 

PERU JAUNA: Zer zenduten orrelako ixkanbillan Inaxi ta biok?

KALAMAX: Oso arrotuta zegon Pertxal'en alabatxo pertxenta.

PERU JAUNA: Ura arrotuta eta eu pattalduta? Kalabazak eman al dizkik?

KALAMAX: Orrek niri kalabazak emanda, nik nai aiña izango ditut gero're, baiñan orrek eztu izango nai dunik, berak ala uste ba'du ere.

PERU JAUNA: Orren gogokoa joan zen, zorigaitzez.

KALAMAX: Berak ezetz diño ba... Joxe Migel piztu egin omen da eta berriz ere arekin ezkontzeko ustetan edo... gogotan asi da.

PERU JAUNA: Joxe Migel piztu? Burutik egin al-zaio orri? Azken orduan lagundu zion apaizarekin neroni egon nintzan, il-agiria egin zun medikuarekin ere bai, Salamanca'raiño ortarakoxe joanda gezurrik ote zen ala ez jakiteko. Eskela ere, aundi askua jarri zuten Donostia'ko eta Salarnanca'ko egunerokotan.

KALAMAX: Nik ere, bere buru-berokeriren bat zela pentsatu nun aurrenean eta algaraka ekin nion. Baiñan, gero kezketan jarri miñun albistea nundik zetorren esatean.

PERU JAUNA: Nundik baiña?

KALAMAX: Alegia, Luixa'k esan omen zion eta sorgin orrek ba-daki zer esaten dun.

PERU JAUNA: (Asaldatuta.) Baiñan, esaidak nola esan ziken.

KALAMAX: Nola esango zidan ba? Joxe Migel bizirik dagola, Getari'ra eldu dela eta besterik gabe kukurruku joka asi da, Keleo'neko mutilla seguru omen dauka orainguan.

PERU JAUNA: Baiñan, nire senideak orrelako urdekeririk egin ote didate? Jaungoiko santua! Nola ez nitun nik begiak lenago zabaldu?

KALAMAX: Ez niri jaramon audirik egin, Peru jauna. Bearbada, neska ziztrin orren asmamenean sortutako buru-berokeriak besterik eztira.

PERU JAUNA: Ala izan dadilla, baiñan, ziaro kezketan jarri nauzu oraintxe. Sendagille, apaiz eta denak erosiak ote zituzten ziraun oiek? Nola ez ote naiz nire senideen zapokeriaz lenago oartu? Bai, bai, zalantzik gabe dana antolatuta zeukaten. Joxe Migel'en eriotza zabaldu zuten bein bitartean berak nai zuten ezkontza moldatzeko. Ala're, ez berak nai zuketean maillakoa, baiñan, bai Joxe Migel'ekiko ezkontza galtzeko laingoa. Nik, txarkeri onen susmorik izan ba nu, etzidaten niri orrelako ziririk sartuko. Suge narraztarien antzo jokatu dute... Eta bitarte ontan nun egon da Joxe Migel?

KALAMAX: Nik al-dakit? Ondo lotuta eukiko zuten beñepein Agata ezkondu artean.

PERU JAUNA: Milla deabru! Ziraunkume oiek egin digute egitekoa! Nun da Luixa? Esaidazu, beragana joan nadin.

KALAMAX: Luixa? Ezkoba gaiñean jarrita bazterrak miatzen non bait. Sorgiña alakoa! Lurpetik ere ateratzen ditu albisteak orrek! (Bijoaz biak.)

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958