Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

LAUGARREN JARDUNALDIA

 

ANTTON eta BILLOBATXOA

 

ANTTON: Eldu gaituzu, billobatxo, nire biotzari ain maitagarri zaion kai zahar ontaraiño.

BILLOBATXO: Aitona, zergatik maite duzu onenbeste gure kaia?

ANTTON: Nire izanaren oroimiñez ementxen asetzen naizelako iñun ez bezala, billobatxo.

BILLOBATXO: Aitona, eztizut ulertzen itz oiekin zer esan nai duzun.

ANTTON: Ez da erreza. Ni ere, noizpait, oso antziña, zu bezalako motiko txikia izan nintzan eta ez nitun ulertzen gizonen jardunak. Urteak erakutsiko dizute nire itzen esangura. Artean, jolastu zaitez aiton zahar onen letaniai jaramonik egiteke, urteok baiño ederragorik nekez billatuko duzu-ta.

BILLOBATXO: Aitona, Atxukale'ko gaindegitik itxasoari begira sor eta lor gelditzen zeranean, zerbait esaten al-dizu belarrira?

ANTTON: Itxasoak? Esaten ote didan! Aurtzarotik asi ta zahartzaroraiño nire bizi guziaren berri maten dit itz gutxitan. Nolako ixilpeko gozotan aritzen geran itxasoa ta biok!

BILLOBATXO: Bai ote? Eta zer esaten diozute alkarri?

ANTTON: Orra, parraskiro zertzuk esaten dizkioten: «Antton nauk, Keleo'neko zaharra, bizibearrak eraginda ire sabeletik ainbat ume ostutakoa eta sarritan nirekin gaizto ta zital izan ba'aiz ere, ire beltzalditan ni irentsimiñez, maite aut Itxaso, arraiak ez beste, maite aut mariñel gose orruka ari aizen Itxaso ikaragarria, estuasunik gorrienakin batean zor baitiat iri nire bizitzako laurogei urte aunditan jandako eguneroko ogia. Iri eskerrak seme-alaba eder galantak azi nizkikan eta auek, iri bearrik ere, ekarri zizkidatek nire zahartzaroaren pozkarri billobatxo zoragarriok. (Au esanaz maiteki igurtzi beza elboan daukana.) Mutil koskortu orduko, txalopa aieneko ire erraietan murgildu nindukan eta geroztik, nirebiziko ordurik gozoenak eta samiñenak ere bai, ire altzoan egin dizkiat. Orain, zaharreriak jota, ire sabeleko gazi-gozoak xurgatzeko deuseztuta gelditu naizelarik, Mutriku'ko leiotil zoragarri ontara natorkik, aspaldiko lagun zahar ori, agur gozo bat egitera.

BILLOBATXO: (Aitonari begira lilluraturik.) Egundaiño ez nizun entzun orrelako gauza politik esaten, aitona. Eta itxasoak ulertzen al-dizu guztiori?

ANTTON: Bai, billobatxo.

BILLOBATXO: Euskeraz ba'ote daki ba?

ANTTON: Jakingo eztu ba? Norekin itz egin ote du geiago Kantauri itxasoak joandaneko bi edo iru milla urtetan euskaldunakin baiño.

BILLOBATXO: Eta itxasoak zer esaten dizu zuri, aitona?

ANTTON: Zer esaten didan? Orra, nirekiko oi dun biotz-izketa: «Nik ere maite aut, Keleo'neko Antton, euskaldun arrantzale zaharra, maite aut nire arraitxoen pare. Nekez eta izerdiz eskuratu diat nire erraietako altxorra eta bide-lapur antzo nire umetxoak ostutzera etortzen intzalarik, zenbat aldiz ez ote aut nire atzaparrez estutu ire lapurretaren kontu zorrotza eskatuz? Ala're, irekin biotz-bera eta errukiorra izan nauk. Ire bizia nire esku eukirik, nire barrutira lapurretara etorri aizen orotan ire kupida izan diat, bai-ba'nekikan zenbat ume itukan legorrean niri ostutako janarizai. Eta bidezkoa ukan Jainko-legez nire umien bizi-eskeintza gizadia azi ta zabaldu dadin aldi amairaño.»

BILLOBATXO: Aitona, Fermin jaunak ere eztitu orrelako gauza politak esaten pulpitutik.

ANTTON: Biotzari izketan uzten ba'zaio, bururik argienak baiño gauza ederragoak esaten ditu sarritan.

BILLOBATxo: Aitona, Kristo Tranpako'ri Aitagurea esatera joan bearko dugu aurki.

ANTTON: Bai, kuttuna, kai zahar oni azken agurra eginda joango gaituzu.

BILLOBATXO: Aitona, Kristo'ren oiñetan dagozen bi doneak nork lepotu zitun ba al-dakizu?

ANTTON: Orain berrogeitamar urtetsu gertatu zen. Bearrik, Kristo gurutz-iltzatuari eraso zion arrantzalea etzen Mutrikuarra, Debarra baizik. Orain, Deba'n ezta itxasora arrantzalerik ertetzen, baiñan, nire gaztetan debarrak Mutriku'ko txalopetan ibiltzen ziran. Au dala-ta, itxasorako joan-etorria Mutriku'tik egiten zuten. Beiñola, bixigu-garaian, ekaitz aundi batek erasota arribadan sartu ziran arraiñik ekartzeke. Itxasotik etorri-berri zen Debatar batek, Tranpa-kalean gora zijoalarik, Gurutz-iltzatuaren irudi aurrera eldu zanean, ikaragarrizko biraua jaurtiaz, jo zun esku batean zeraman abriñarekin eta Kristo'ren oiñetako bi doneak lepotu zitun. Arrantzale zital ori, ordea, bere egitekoaren ondoren zerraldo erori zen bizi gabe.

BILLOBATXO: Eta zuk ikusi al-zendun nola il zen?

ANTTON: Egia esan, nik ez nun ikusi, baiñan oraindik ere bizi dira Mutriku'n eriotz orren testigu diranak.

BILLOBATXO: Debarrak gaiztuak al-dira, aitona?

ANTTON: Otsokoak nun-nai dabiltz, Ondarru'n, Deba'n eta Mutriku'n. Zure adiskide tartean arkituko dituzu, apika. Erne ibilli, beraz.

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958