Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

LENENGO JARDUNALDIA

 

LUIXA eta ANDRE JOXEPA

 

ANDRE JOXEPA: Dirudinez, Agata berearekin atera dun.

LUIXA: Ez niñan, ba-ezpa'da ere, oraindik kukurrukurik joko. Markes jaun-andreak azari aundiak ditun eta auskalo zer burubide dabilkiten beren egitekoan.

ANDRE JOXEPA: Boskarren illabetea ba-dun Joxe Migel Salamanca'ra bialdu zitenala estudiatzera eta ontaz aurrera itzekoak izango al-ditun!

LUIXA: Orra ba, Joxepa, etzekiñat nik zer esan. Mutillari beren alabarekin ezkontzeko jarri zioten baldintzak oso kezkaturik naukatxion. Salamanca'ra joan bear omen ziñan estudiatzera pixkabat ere edukatzeko eta buruz jazteko... Zelan esaten diote ba orain? (Ezin asma.) Zera... dun, kulturadun. gizona izateko alegia, iñoren aurrean ez-jakiñarena egin ez dezan, nunbait. Aundikien artean lotsagarri bai omen da gu bezalako ezjakiñak eta landugabeak izatea... Baiñan, Joxepa, neri esango didan, bizi guztian tutik estudiatu ez diñan mutillak, erderaz deusik jakin gabe gaiñera, zer egiteko zeukan Salamanca'n?

ANDRE JOXEPA: Arrantzan egin... Besterik ba'al-zekiñan ba, Joxe Migel'ek?

LUIXA: Arrantzan egin ez, Joxepa, Salarnanca'n itxasorik ezpaitzegon ortarako. Arrantzak, bai. egingo dizkin arek galantak, gure ukulluko astuaren moduan.

ANDRE JOXEPA: Ixtudianteen artean arrantzaka asten baldin ba'dun, a ze makillazuak artu bear ditun.

LUIXA: Bai, orixe. Bere ikaslagunen iseka ta burlak burutzen bakarrik naiko kalbario izanen din. Kultura baiño, sufrirnentua zer dun obeto ikasiko din gizajoak...

ANDRE JOXEPA: Eta ezin al-zitenan mutilla, Donosti'ra, Bergara'ra, Oñati'ra edo beste urreko toki batera bialdu, edukaziño eta estudio pixkabat eman nai ba zioten?

LUIXA: Bai zera! Baldintza orrekin bakarrik amor eman zitenan neskaren gurasoak. Eztakin ondotxo zelako trumoiak ibilli itunan auzi au erabaki artean. Markes jaun-andreak bere onetik atera itunan Peru jaunak maiteminduen berri ziotenean. Sumin-sumin eginda, neskari, Joxe Migel'engana geiago ez urbiltzeko agindu ziotenan eta etxetik ateratzen ere gal-erazi ziotenan laguntzalle batekin izan ezik. Peru jaunak ikaragarriak esan zizkienan markex petralai, kristauak ere etzirala orrela jokatzen zutenak, arrokeria beste gizalegerik etzutela eta abar... Azkenerako ordea, neskaren osasun-ezak ikaratu zizkiñan. Jateko ganorik ez, egunean baiño egunean goibelago ta medarrago, izketan ere ezin egin erazi... Zer nai dun, Joxepa? Nik ba-zekiñak zerbait amodio kontuan, asko sufritu baidiñat nire gaztetan itxaropenik gabeko maitasunetan eta Agata'ri gertatutakoak ez natxion batere arritzen. Ni ere ala egon niñunan, jankar eta nakar, ziaro pattalduta eta iltzeko desiotan sarri... Orra ba, alaba itxura ontan ikusita, gurasoak ziaro larritu itunan eta medikuari ots egin ziotenan. Baita onek garbi itz egin ere. Alegia, neska galdu nai ezpa-zitenan, amor emateko beren seta gaiztoari eta Joxe Migel'ekin ibiltzen uztekotan pozaren pozez ziaro pizkortuko zela.

ANDRE JOXEPA: Peru jaunak eragingo zionan medikuari orrela itz egiteko, lagun aundiak baiditun...

LUIXA: Eztiñat ezetzik esango, baiñan, neska aren planta ikustea aski omen unan edonor ikaratzeko. Arpegia zuri-zuri eta matrail ezurrak agirian jarri omen zitzaizkionan...

ANDRE JOXEPA: Nork kontatu dizkin ipui oiek denak?

LUIXA: Kalamax'ek esan zizkidanan. Ba-dakin, orain laguntasun aundia zeukanagu alkarrekin.

ANDRE JOXEPA: Bai zera! Neska gaztiaz aseta, neska zaharren atzetik asi al-dun, apika?

LUIXA: Kalamax neska zaharren atzetik? Ederki eman ere! Oraindik etzaion burutik egin alproja zahar orri... Baiñan, ba-dakin. Kalamax'ek bere laguntasuna eskeiñi zidanan Inaxi berenganatzeko eta berak, trukean, beste zerbait agindu zidanan...

ANDRE JOXEPA: Baiñan lenago ez al-intzanan tratuan nire alabarekin?

LUIXA: Bai, ala niñunan, baiñan, neri oker atera zitzaidalako Joxe Migel bereganatzea, Inaxi'k etzidanan geiago lagundu izan nai Goñi-zahar nireganatzen eta orain lanbide ori Kalamax'ek agindu zidan.

ANDRE JOXEPA: Alperrik ibilliko aiz bada nire alaba Kalamax'ekin ezkondu naian. Naiago din bere burua urkabetik zintzilik jarri...

LUIXA: Baiñan, ik laguntzen ba'didan... Izan ere, Kalamax baiño sui oberik nun topa? Eguneroko ardua bere kontura izango zenuteke beñepein.

ANDRE JOXEPA: Ardoarekin eztun sabelik betetzen, Luixa.

LUIXA: Gizonak sarriago betetzen diten ba ardoarekin eltzekoarekin baiño. Gaiñera, jakin zan, eztun ardua bakarrik, ontzako urriak ere guk xoxak bezala zeuzkanan orrek.

ANDRE JOXEPA: Bai, euki ere, asko eukiko din orrek, danak urtu ezpa'dizkin beñepein nesketan eta jan-edanetan...

LUIXA: Bai zera! Ik uste baiño gizon zuhurrago dun Kalamax. Orrek, korritutik bai galanki gastatu, baiñan kapitaletik ezta xoxik ere. Eta bere ardo zikiña saltzen zenbat diru ez ote din egin?

ANDRE JOXEPA: Arrantzale gizajoen lepotik.

LUIXA: Ori ala dun, Luixa, baiñan, orain zuek daukazute aukera tabernariaren lepotik jateko.

ANDRE JOXEPA: Eztun arrazoi txarra. Neronek ere gustorago artuko niñan Kalamax suitzat Joxe Migel bezalako arrantzale lander bat baiño. Gure neska zoruoni, ordea, nork kanbiazi?

LUIXA: Esaion, seta gaizto ortan jarraitzen ba'du, ez Joxe Migel eta ez Kalamax geldituko dela.

ANDRE JOXEPA: Saiatuko naun, Luixa, baiñan, alperrik izango dun.

LUIXA: Esaion, ni bezala mutxurdin geldituko dela!

ANDRE JOXEPA: Esango zionat, baiña...

LUIXA: Zer baiña ta zer demontre! Abereak bezala uztarritu ta kitto! Ez al aiz ba bere ama?

ANDRE JOKEPA: Ai, Luixa, Luixa, ama izatea zer den ba'ote dakin ik?

LUIXA: Izatea zer den ez, baiñan, izan naia zer den, bai ondotxo...

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958