Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

LENENGO JARDUNALDIA

 

Markes senar-emazteak

 

PABLO: (Besotik elduta, kuttunki sar bitez senar-emazteak.) Bizi guzian izan zait atsegingarri, nire lanak amaitu ondoren, Atxukale'ko gaindegi zoragarritik igaroz, gure erriko kai zahar ontara txango etortzea, Zorigaitzez, aspaldi ez giñan etorri, gure buruak kalean agertzeaz lotsatzen baigiñan.

KATTALIN: Bai, aspaldiko partez gaur dugu lenengoa. Alabaiña, orain eztaukagu zertaz lotsatu Jaungoikoa'ri eskerrak eta gaurgero maizago etorriko al-gera kutsu darion kai ontara bela-txalopa eta potin liraiñak ikustera.

PABLO: Bai, gure lotsakizun denbora joan zen eta orain buru arro pasa giñezke non-naitik.

KATTALIN: Baiñan, gure buru-goitasun eta aundikitasunari zutik eustearren ia-ia alaba galdu genun. Joxe-Migel'en ilberria jaso zunean izan zun biotzeko atakia ikaragarria izan zen. Etsipenari emanda gero, uste ezean, poliki-poliki onik jarri zen. Bearrik, Burgos'en igaro duten aurtengo udaraldiak bere osasunari on aundia egin dio.

PABLO: Ezin ukatu gure alaba Il-agiñean jarri dugula, baiñan ori igaro zen eta gure lotsakizuna garaitu dugu. Aurtengo Eguberri jaiak gure artean igaroko dituzte eta gero bein betiko beren kabia Madrillen jarri bearko diegu, emengo giroa baiño obe baitu angoa.

KATTALIN: Agata'k naiago zukean Donostia'n, itxasorik gabe ezin bizi dela esaten baitu eta nik ere naiago nuke, Madrillera joatekotan tokitan gelditzen baitzaigu alaba...

PABLO: Dena den, orain gure artera etorriak ditugu eta alkarrekin itz eginen dugu erabateko bizilekua nun derizkioten egokiago. Non nai dela, beren aundikitasun eta leñargitasunari dagokien etxea jarriko diegu.

KATTALIN: Guztiorrek, zahartzen ari gerala esan nai du, Pablo. Laister aiton-amonak gaituzu, baiñan, ala ta guziz ere, alaba ezkondu gendun ezkeroz zoriondun bizi naiz. Egiari zor, ezkontza ez genun egin guk nai aiñakoa, baiñan, Joxe Migel'en atzaparretatik atera dugunean, egon giñezke kontent.

PABLO: Bai, tamalez, eztugu iritxi markes edo duke sendi batekin lokartzerik eta gainbera etorritako konde batekin naikotzat etsitu bearrean arkitu gera. Baiñan, Joxe Migel ezin zitekean luzaroan gordean euki arrisku gabe eta naitanaiezkua zen lenbailen ezkontzea.

KATTALIN: Lapuebla'ko kondeok, jatorriari begiratuz beñepein, eztira ain gauza utsa. Gu aiñakoak ez izanarren, Medina del Campo'n, euren errian alegia, jaun aundikitzat omen dituzte.

PABLO: Errian dirauteño zerbait ditezke, andik erten orduko utsaren urrengo.

KATTALIN: Bai, ori ala da, baiñan guk eztugu iñoren aurrean olakorik esan bear, bestela, gutxietsiko gaituzte. Jendearen aurrean jo dezagun goitik Lapuebla'tarren audikitasuna.

PABLO: Iñundik ere, jatorrizko aundikitasun ortara jo bearko, dirutan oso ezkontza kaxkarra egin baitugu. Lur-jotako jendea, zorra beste ondasunik eztaukatena.

KATTALIN: Baiñan, ala're, itxurak gordetzen iñork ez bezala dakitenak. Bazter guzitan zorrak izanarren, nork esan beren maillari dagokionez bizi eztiranik.

PABLO: Zorionez, Medina del Campo emendik oso urruti dago eta emengo jendiak eztu jakingo zeiñen eroriak dagozen Lapuebla'ko kondeak.

KATTALIN: Gure Jaungoikoa'k gurutze bat kendu digu eta bestea eman.

PABLO: Guretzat ordea, eramangarriago.

KATTALIN: Eztizut ezetzik esango, baiñan egon ziur, Keleo'tarrak etzigutela sekula xoxik aterako beren pobretasunian eta lotsagabeok, dagoneko, diru eskean asi zaizkigu euren zorrak estaltzeko.

PABLO: Amar milla errial eskatu zizkidaten...

KATTALIN: Ezta auntzaren gaberdiko eztula. Eta eman?

PABLO: Bearko, ezkontz egunean izan baitzen, baiñan laister itzultzeko idean...

KATTALIN: Lenengo amar millak eman ba'dituzu, emanak dagoz, baiñan etzazula itxoin berriz ikusterik. Nondik itzuliko dizute tripa-zorria zerkin engaña eztaukatenok?

PABLO: Aurreneko eskea zen eta ezin ukatu, baiñan, berriz eskatzen ba'didate, aituko dituzte berenak eta asto beltzarenak.

KATTALIN: Engañatuko zaituzte berriz ere, kottau ori, oien koipe ta loxintxak zuk baiño geiago dezakete. Ezagutzen zaitut, senartxo.

PABLO: Oker dabiltza koipelustreok nirekin. Ez didate berriro iruzurrik eginen.

KATTALIN: Ba, euren ustean urre minarekin topo egin dute. Orain egun batzuk entzun nun esaten Madrillera joan bear dutela bizitzera... noski, gure errapeari eraginda.

PABLO: Ezta egia izango.

KATTALIN: Larri ibilli. Orain artean uri zikin ortan bizi ba'ziran, Madrilleko etxe-bizitza baten errenta ordaindu ezin zutelako zen. Eta egingo nuke, orain atera dizkizuten amar milla errialak (eta aurki aterako dizkizuten beste amar millak), eztituztela zorrak ordaintzeko, Madrillen berai dagokien etxe bat artzeko baizik.

PABLO: Arrano, arranoa! Eztidate ba niri geiago xoxik aterako. Eztakite ondotxo norekin ari diran.

KATTALIN: Guztiauek beñepein, eztitezela Pello'ren belarritara eldu. Gutzaz parre egiteko ez luke besterik bear.

PABLO: (Kezkati.) Eztakit ba, obe ez ote genuken, Pello'ren esanari jarraituz Joxe Migel'ekin ezkontzea gure alaba. Izain oiek azkeneko odol tantaraiño xurgatuko digute.

KATTALIN: Ez, Pablo, egon trankil, zu ausartzen ezpa'zera dirua ukatzen, niri aituko dizkidate asto beltzaren arrantzak eta ostikadak. Mutriku'ko alaba naiz eta arrantzale odola daramakit zaiñetan.

PABLO: Kattalin, lenengo aldiz entzun dizut olako zatarkeria esaten!

KATTALIN: Barkatu, barruko irakiñean esan dut-eta. Nire odolaren urdintasuna...

PABLO: Bai, bai, ba-dakit ortik aurrerakoa, ez jarraitu... Besterik esan nai nizun ordea. Gaur jaso dut Lucientes jaunaren eskutitza, zera esanaz, alegia nire aginduak jarraituz, Joxe Migel joan den astean urkatu dutela.

KATTALIN: (Ixututa.) Urkatu?

PABLO: Urkatu esan al-dut? Barka, barka, buru zoro au eztakit nola dabilkidan aspaldi ontan. Askatu, esan nai nun.

KATTALIN: Ba-negon ba...

PABLO: Eta zer deritzazu?

KATTALIN: Trumoiak aurki joko dula.

PABLO: Trumoia besterik eztan artean...

KATTALIN: Ez ezta gauza aundia.

PABLO: Aizea prexkatzen asi da eta ongi ba'deritzazu etxeruntz joango gera.

KATTALIN: Bai, bai, goazen, Joxe Migel'ekin kalean topo egin baiño len.

PABLO: Naiago dut Joxe Migel'ekin topo eta ez Pello'rekin. Onekin ibilli bear dugu kontuz. (Bijoraz.)

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958