Pessoak atera zuen kartzelatik
Sarrionandia
(koadro askotako drama nahiko estatiko bat)
Testua: Mikel Antza
Kanpo begirada: Idoia Beratarbide
Argiztapena: Miriam Ubanet
Ekoizpena: Loraldia.
Aurre-estreinaldia: 2020ko urriaren 16an, Oiartzungo Udal aretoan, 21 aulki jaialdiaren baitan.
Ana eta Helenari
Agertokia: Hiru aulki, besterik ez. Ez dago aulkien eskuin aldean leiho luzerik ezta ikusleen aurrean egon beharko lukeen hil-kutxarik ere. Erdiko aulkia hutsik dago, beste bietan, bi dontzeila, idazkia eskuetan, irakurri eta errezitatu egingo dute[1].
Dramatis personae:
egilea (Mikel Antza)
irakurle bat (Erika Olaizola)
beste irakurlea (Ainhoa Alberdi)
[1] Antzezlan honetan agertzen diren Joseba Sarrionandiaren eta Fernando Pessoaren testuak, Alberto Caeiro poema salbu, iurretarrak lisboarraren Marinela antzerki-lanaren argitarapenerako prestatutako prologotik eta berak itzulitako antzezlan horretatik beretik hartuta daude.
(Oholtzaren erdian aulki hutsa, gainean gidoiak, liburuak.
Ezker aldean irakurle bat, ezker aldera begira.
Eskuin aldean beste irakurlea, eskuin aldera begira.
Biek aulki bana dute besoetan, poliki-poliki dabiltza leku berean.
egilea oholtzatik kanpo, erdian, publikotik gertu)
EGILEA: Arratsaldeon.
Pessoa eta Sarrionandia Casa do Fadon elkarrizketa literarioan irudikatzea proposatu zidatenean, gogotsu hartu nuen erronka.
Pessoa eta Sarrionandia Lisboan... Iradokorra baino gehiago zen niretzat.
Ordurako, Lisboara oporretan joatea pentsatua nuen.
Hara joateko asmoa nuen bigarren aldia zen.
Lehena, 1985eko udan izan zen.
Urte hartan, bikotekideak eta biok, Joseba Sarrionandiak itzulitako Fernando Pessoaren Marinela antzerkiaren taularatzean parte hartu genuen, eta irrikaz geunden Lisboako kaleetan fadoaren oihartzunean galtzeko,
Baina, Pessoak berak hil bezperan idatzi bezala, “ez da inoiz jakiten zer ekar dezakeen biharamunak”.
Eta, hala, ezinezkoa izan zitzaigun bidaia hori egitea, patuak hegoaldera baino iparraldera eraman baininduen orduan.
Hogeita hamalau urte beranduago, iaz, Gasteiztik Lisboara irteten zen trenerako billeteak hartuak nituen. Han astebete pasatzeko asmoa genuen semeak eta biok. Ordukoan ere ezinezkoa izan zen.
Marixol Iparragirre irailaren lehen egunetan, gure bidaiaren data bertsuan, Espainiara estraditatuko zutela jakin genuenean, billeteak bertan behera utzi genituen.
Unea iristean, Madrilen beragandik gertu egoteko.
Beraz, Portugalera eta Casa do Fadora joan gabe,
ezinezkoa egin zitzaidan Pessoaren eta Sarrionandiaren arteko alegiazko enkontru literario hori irudikatzea.
Horren ordez, ondorengo irakurketa antzeztu honekin, koadro askotako drama estatiko xamar baten bidez, Fernando Pessoak Joseba Sarrionandia kartzelatik nola atera zuen kontatuko dizuegu.