II
(Argi aldaketa: irakurleena)
(Zutik biak, ikusleei)
BESTE IRAKURLEA (Sarrionandia):
Obra hori ez da erabat kabitzen literatura sailkatzeko usatu ohi diren zakuetarik batean.
Teatroa da,
baina egitura arras berezikoa, gertaerarik gabea;
poesia moldekoa ez bada, hagitz poetikoa da;
narrazioa ere bada, narrazioaren antsia dario behintzat;
eta filosofia tratatua ez bada, gogoeta metafisikoa besterik ez da
lehen arnasetik azken silabara arte.
(beste irakurleak irakurle batek irakurri bitartean,
gidoiarekin aurpegia modu ezberdinetan
estali eta erakusten du poliki-poliki).
IRAKURLE BAT (Sarrionandia):
Zer da drama estatikoa?
Gatazkarik eta mugimendurik ez dagoeneko teatroa.
Posible ote da?
Drama estatikoan argumentua ez da ekintzen bilakaera eta ondorioetan oinarritzen, dramaren haria, arimaren biluzketa hutsean finka daiteke.
Bizitzaren tentsioa lekorean bilatu beharrean, pertsona barruan topatzen da.
(IRAKURLE BATek irakurtzen amaitzean
BESTE IRAKURLEA hasten ez dela ikusterakoan
berari begiratzen dio.)
IRAKURLE BAT:
Ainho!
(beste irakurlea bere jokotik esnatzen da)
BESTE IRAKURLEA (Sarrionandia):
Obra hau Pessoaren obra guztiaren kontestuan entelegatzen da egokien.
Pessoaren obra ugariak ez dira hari puska solteak,
baizik eta sare zabal baten zatiak.
Eta sare handi horretan, O Marinheiro, besteak beste, lehen lokarrien artean dago.
IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia):
(Irakurtzeko doinuarekin, ez beilariarenarekin)
Contai sempre, minha irma, contai sempre...
Ez zaitez kontatzeaz gelditu, ez zaitez sortzen diren egunetaz ohartu...
Eguna ez da inoiz sortzen bere burua ordu amestuen magalean imintzen duenarentzat...
Ez itzazu eskuak oker.
Horrela, suge ezkutuaren antzerako hotsa sortzen da...
Hitz egiguzu askozaz gehiago zure ametsaz.
Hain da benetakoa non eta batere zentzurik ez duen.
Zuri entzuteaz pentsatu bakarrik eta musika egiten zait ariman..
BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia):
(Irakurtzeko doinuarekin, ez beilariarenarekin)
Bai, gehiago esanen dizuet ene ametsaz.
Gainera, kontatzeko beharra dut.
Kontatuz noan heinean, ene buruari kontatzen diot...
Hiru dira entzuleak
(Bat-batean, aulki hutsera begira, eta larri)
Hiru, ez... Ez dakit... Ez dakit zenbat...
(Argiak irakurleenetik beilarienera aldatzen doaz)
IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia) (aulki hutsari begira eta beilaria ahotsa hartuz):
Minha irma, porque e que vos calais/
Ene ahizpa, zergatik isildu zara?
(beste irakurleak aulkiak poliki mugitzen ditu, arrastan,
aurrera begira jarriz hirurak eta eskuinekoan eseriz)
BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahots doinu apalez):
Ez da sobera mintzatu behar...
Bizitzak beti zelatatzen gaitu...
(Hemendik aurrera irakurle batek tarteka
“bizitzak beti zelatatzen gaitu” errepikatzen du)
Ordu guztiak dira ametsen amak,
baina hau ez da jakin behar...
Gehiegi mintzo naizenean enegandik bereizten hasten naiz eta ene burua mintzo dela entzuten.
Horrela, ene buruaz gupidatzen naiz,
eta larregi sentitzen dut bihotza.
Orduan, semetxo bat bezala kulunkatzeko,
ene besoetan edukitzeko gogo negartia daukat...
Begira:
ortzimuga zurbildu da...
Eguna ez da jadanik berandutuko...
Beharrezkoa dea ene ametsaz zuei oraindik ere gehiago esatea?
IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia) (ikusleei):
Bizitzak beti zelatatzen gaitu.