Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
ganbila.eus, 2020
Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
ganbila.eus, 2020
[aurkibidea]

 

III

 

(Argi aldaketa: irakurleena)

 

(irakurle bat eta beste irakurlea eszenatoki erdian eta aurrean ikusleei)

 

BESTE IRAKURLEA (Sarrionandia):

              Itzultzea deliberatzean,

              zergatik O Marinheiro hau eta ez beste edozein hautatu dudan galdetzen badidazu,

              ez dut arrazoi handirik, salbu eta irakurtzean laket egin zitzaidala.

              Itzultzea, gero, berrirakurtzeko modu on bat da,

              eta, gainera, irakurlea zerbaitetara gonbidatzeko modua ere bai.

IRAKURLE BAT (Sarrionandia):

              Gonbidatu egin nahi zaituztegu, bada,

              Fernando Pessoaren kantiga ahaireko mintzairaren bidez

              edo lur gotor gisa habitatzen dugun gure hizkuntzaren bidez,

              hiru dontzeila geldi eta misteriotsuen

              eta laugarren geldiago eta misteriotsuagoaren gelara.

BESTE IRAKURLEA (Sarrionandia):

              Gela honetan,

              Pessoak aipatzen zituen bizitza bietatik egiazkoenean,

              amets eta beldur batzuk besterik ez duzu aurkituko,

              [zigor ziegan] libururik gabe eta egunsentira orduko leihotik begiratu

              eta bizitzari buruz gogoeta eginez eduki ditzakezun sentsazio berberak, agian...

              baina sar zaitez.

 

(Eszenatokiaren albo banatan jarrita, ezkerrean irakurle bat,
eskuinean
beste irakurlea, deskribapena, jolasa, espazioa baliatuz)

 

IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia):

              Gaztelu zaharren bateko gela.

              Gela zirkularra dela ikusten da.

              Erdian, oinarri baten gainean, hil-kutxa bat dago

              eta bere barruan dontzeila bat, zuriz jantzita.

              Lau aizkora kantoietan.

              Eskuinean, gela imajinatzen duenaren ia aurrez aurre,

              leiho bakarra dago, altua eta estua,

              zeinetik, mendi urrun biren artean, itsasoaren zati tipi bat ikusten den.

BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia):

              Leihoaren aldetik, hiru dontzeila daude, gaubeilan.

              Lehena, leihoaren aurrean eserita dago,

              eskuineko goiko aizkorari bizkar emanez.

              Beste biak, bakoitza leihoaren alde banatan eserita daude.

IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia):

              Gaua da,

              eta ilargitasun arrasto mehe bat dago.

 

(irakurle bat ezkerreko eserlekuan esertzen da,
beste irakurlea eskuinekoan)

 

(Argi aldaketa: beilariena)

 

BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):

              Oraindik ez du batere ordurik jo.

IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):

              Ezin izan da entzun.

              Ez dago erlojurik hemen inguruan.

              Gutxi barru argituko du eguna.

BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):

              Ez, ortzimuga beltza da.

IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):

              Zergatik ez dugu, ene ahizpa,

              behiala izan ginena kontatuaz atseden hartzen?

              Ederra da, eta faltsua da beti...

              E belo e e sempre falso...