Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
ganbila.eus, 2020
Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
ganbila.eus, 2020
[aurkibidea]

 

PROLOGOA

 

(Irakurleen argia)

 

(egilea bere lekura doa.

irakurle bat eta beste irakurlea, dauden lekutik
aulkiak airean mantenduz eta publikoari begira mintzatzen dira)

 

IRAKURLE BAT:

              “I know not what

              tomorrow will bring”

              Ez dakit

              biharamunak zer ekar dezakeen

              idatzi zuen Pessoak 1935eko azaroaren 29an, hil zen eguneko bezperan.

BESTE IRAKURLEA:

              “Artea kritika egiteko modu bat da,

              artea egitea, bizitzak balio ez duela edota nahikoa ez dela aitortzea baita” idatzi zuen ere Pessoak.

 

(irakurle batek aulkia aurrera begira jartzen du,

erdikoaren ezker aldean.

beste irakurleak eskuin aldean, aurrera begira ere.

Esaldiak aulkiak kokatu bitartean esaten dituzte.

Gidoiak hartzen dituzte erdiko aulkitik)

 

IRAKURLE BAT:

              Pessoa, antzerkia, Sarrionandia eta kartzela.

              Lau elementu horiek osatzen dute ondorenean ikus-entzutera zoazten koadro askotako drama estatiko xamar hau.

BESTE IRAKURLEA:

              Ipuin baten moduan has genezake...

 

(irakurle batengana hurbiltzen da)

 

              Bazen behin batean...

 

(irakurle bat zutitu eta eskuineko aulkian esertzen da)

 

(irakurle batengana hurbiltzen da berriro)

 

BESTE IRAKURLEA:

              Bazen behin batean...

 

(irakurle bat berriro zutitu eta ezkerreko aulkian esertzen da)

 

BESTE IRAKURLEA (ikusleei):

              Bazen behin batean, Fernando Pessoa idazle portugaldarra maite zuen gazte bat, Espainiako kartzela bateko ziega batean gatibu.

IRAKURLE BAT (Zutituz, ikusleei):

              Eta bazen beste gazte bat,

              Pessoa eta Sarrionandia maitatzeaz gain antzerkia ere maite zuena.

BESTE IRAKURLEA:

              1985eko urtarrilean argitara eman zuen Susa argitaletxeak O Marinheiro/Marinela Pessoaren koadro bakarreko drama estatikoa, Joseba Sarrionandiaren itzulpenean, haren hitzaurre eta oharrekin.

IRAKURLE BAT:

              Luar antzerki-taldeak,

              Mikel Antzak kudeatuta edo, gaur egun esaten den bezala, kanpo begiradarekin,

              Marinela taularatzeko probasaioak hasi zituen,

              artean hilabete batzuk falta zirenean Pessoaren itzultzailea,

              aldi baterako, Martutenera lekualda zezaten.

BESTE IRAKURLEA:

              Sarrionandiak luar hitz portugesa ilargitasun hitzarekin eman zuen euskaraz.

              Honoko ohartarazpen hau eginez:

 

(IRAKURLE BATek liburua pasatzen dio eta bertatik irakurtzen du)

 

              “hitz hau ez da euskarara ez beste hizkuntzetara zehazki itzultzen.

              Gailego eta portugesez malenkoniarekin erlazionatzen den bihotzaren egoera bat adierazten du. Gaztelaniara claro de luna har liteke itzulpentzat, eta frantsesez, beau clair de lune.

              Euskaraz ilargia izan daiteke esakera normalean, baina aipaturiko esanahi berezia adierazteko, zilegia iruditzen zait testuinguruaren arabera eta abstrakzioa markatzeko ilargitasun hitza asmatzea”.

 

(Argia jaisten doa)

 

(irakurle bat frontalaren argi intermitentearekin,

beste irakurlearen atzean jartzen da)

 

IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia):

Ao longe, ao luar

No rio una vela,

Serena a passar

Que e que me revela?

 

Urrinean, ilargitan

Lasai irristatzen da

Ibaian bela bat

Zer adierazten dit?

 

BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia):

Ez dakit, baina arrotz

Bihurtu zait ene burua,

Eta ikusi gabe amesten ditut

Ditudan ametsak

 

Zer larritasunek harrapatu nau?

Zer amodiok ez du azalpenik?

Eta badoa bela urrunduz

 

IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia):

Geratzen den gauean.

 

(irakurle batek frontala itzaltzen du)