Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
ganbila.eus, 2020
Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
ganbila.eus, 2020
[aurkibidea]

 

V

 

(Argi aldaketa: irakurleena)

 

(irakurle batek eskuineko aulkia bizkarra emanez
kokatzen du, eta bertan esertzen da.
beste irakurleak, hitz egin bitartean,
ezkerreko aulkia bizkarra emanez kokatzen du,
eta, azkenean, erdikoa, bizkarra emanez ere.
Hirurak lerrokatuta gelditzen dira)

 

BESTE IRAKURLEA (ikusleei):

              70eko hamarkada: Lisboa.

 

(irakurle batek aulkiaren bizkar gainetik hitz egiten die ikusleei.

Amaitzean, berriro bizkar emanez esertzen da)

 

IRAKURLE BAT:

              Bi etakide iritsi dira Lisboara.

              Bata, Txomin Iturbe Abasolo da.

              Burgoseko epaiketak munduan eragindako elkartasun oldarraldiari esker lortu dute kontaktua Portugalgo indar iraultzaileen artean.

 

(beste irakurleak agertokiaren ezker aldetik hitz egiten du,
ikusleei azalpenak emanez)

 

BESTE IRAKURLEA:

              Ez dira fadoa kantatzera etorri.

              Baina kantatzea maite dute,

              eta babes eman dieten etxeko jabeek,

              afalosteko kantu-saioarekin txundituta,

              Casa do Fadora eraman ditu, segurtasun-arauei muzin eginez.

              Ordu txikiak arte eman dute bertan,

              fadoak eta Euskal Herriko kanta zaharrak eta berriak abestuz.

              Biharamunean, Pessoaren etxea ikustera eraman dituzte.

 

(Argi aldaketa: beilariena)

 

(Ezkerreko aulkian beste irakurlea zutik
eskuin aldeko soslaia erakutsiz eta gora begira;
eskuinekoan
irakurle bat, ezker aldeko soslaia erakutsiz
eta aulki hutsari begira hitz egiten du.
Amaitzean burua makurtzen du)

 

IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):

              Konta diezazkiogun ipuinak batak besteari...

              Nik ez dakit ipuinik, baina hori ez da kaltea...

              Bizitzea baino ez da kaltegarria.

              Bizitzak ez gaitzala uki, ez diezagula uki ezta arropen ertza ere...

              Baina, iragana...

              zergatik ez gara iraganaz mintzo?

 

(beste irakurlea aulki hutsari begira.
Amaitzean gora begiratzen du)

 

BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):

              Ezetz erabaki dugu...

              laster jalgiko da eguna eta damutu eginen gara...

                            Argiarekin lokartu egiten dira ametsak...

              Iragana ez da amets bat besterik...

              Gainera, ametsa zer den ere ez dakit...

              Oraina arretaz begiratuz gero, jadanik iragana dela iruditzen zait...

              Oi, mintzo gaitezen, ene ahizpok, mintzo gaitezen errime, mintzo gaitezen guztiok batera...

              Isiltasuna gorpuzten hasten da,

              gauzatzen hasten da.

              Lainoaren antzerako zerbaitek inguratzen nauela sentitzen dut...

              Oi, mintzo, mintzo zaitezte!

              Falai, falai!

 

(irakurle bat aulki hutsari begira mintzatzen da.
Amaitzean behera begiratzen du)

 

IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):

              Zertarako?...

              Gure artean amildegiak hasi direla iruditzen zait...

              Duela gutxi, ezertaz pentsatzen izan ez dudanean,

              ene iraganaz pentsatu dut.

 

(beste irakurlea aulki hutsari begira.
Amaitzean gora begiratzen du)

 

BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):

              Ni ere eneaz egon behar izan naiz pentsatzen...