Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
ganbila.eus, 2020
Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
ganbila.eus, 2020
[aurkibidea]

 

2020ko urriaren 16ko
estreinaldiaren osteko hiru poema

 

 

I

 

Isildu dira hiru beilariak

amaitu da marinelaren ametsa

esnatu eta itzuli da bere aberrira

baina ez du inor ezagutzen

bere herria, aberria

berea baino ez da jadanik

eta bere barneko atzerriarekin

partekatu behar du lekua

 

 

II

 

Gauetan alferrik

abiatzen da irla bakartian

egiten zituen ametsen bila

contai sempre contai

minha irma

erregutzen die alferrik

honezkero badaki

magia gezurra dela

denborak ez duela atzera egiten

ezinezkoa dela behiala

askatu zuen soka

berriro ere eskuetan hartzea

maitatu zuen gorputza ferekatzea

ez duela ezerk beteko bere gogoa

bizitza faltsua

eguneroko jarduera praktikoetan igaro

eta hilkutxan amaitzen dena

hautatu zuenez geroztik

 

 

III

 

Hiriko kaleetan alderrai dabilenean

entzuten ditu jendeen murmurioak

bere zortea miresten

hainbeste urte galduta egon eta gero

herrira itzuli delako

eta irribarre egiten die

ez die esan nahi

inor ez dela inoiz inora

itzultzen

galdutako maitasuna

betirako galtzen dela

bihotzaren bihurguneetan

korapilatuta