Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
ganbila.eus, 2020
Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia
Mikel Antza
ganbila.eus, 2020
[aurkibidea]

 

VII

 

(Argi aldaketa: beilariena)

 

(Aulkiak poliki, arrastan mugitzen dituzte, hiru aulkiak
aurrera begira lerrokatuta utzi arte.

irakurle bat ezker aldekoan esertzen da
beste irakurlea eskuin aldekoan)

 

(egilearen argia)

 

(egilea zutitu eta beilariei hitz egiten die)

 

EGILEA (Atzerri liburutik): Nire oroitzapenean baino ez da izango nire aberria

BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):

              Irla urrinen batean galdutako marinel batekin egin nuen amets.

              Irla horretan palmondo irmoak zeuden, gutxi, hegazti noragabeek inguraturik...

              Ez nuen inoiz ikusi pausatzen zirenik...

              Naufragatu eta salbatu zenez geroztik, marinela han bizi zen...

              Bere aberrira itzultzeko modurik ez zuenez,

              eta bere aberriaz oroitzen zen bakoitzean arrenguratu egiten zenez,

              sekula ukan ez zuen aberri bat amesten hasi zen.

              Eta berea,

              beste aberri bat,

              beste lurralde mota bat beste paisaia mota batzuekin,

              eta beste jende, eta kalean ibiltzeko

              eta leihora azaltzeko beste modu bat zituenak izan zela imajinatu zuen...

EGILEA (Atzerri liburutik):

              Iraganean gelditutako etorkizuneko aberri ezinezkoaren ordezko berria asmatzen.

              Ez dagoen herri horrek bere lekua mapan aurkitzen ez duen bitartean

              ezin itzuliko dela dakienaren grinaz.

IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):

              Ordurik ordu, aberri faltsu hori eraikitzen zuen ametsetan,

              eta ametsetan zegoen etengabe:

              egunez, palmondo handien itzalpe laburrean, ertz zorrotzez islatzen baitzen lur hareatsu eta beroan;

              gauez, hondartzan etzanik, bizkar gainean eta izarretaz ohartu gabe.

EGILEA (Atzerri liburutik):

              Sepia koloreko argazkia margotzen,

              etxe zaharren ordez orube hutsak aurrena eta eraikin modernoak ondoren diseinatzen,

              errealitatekoekin ahalik eta antza gehien izango duten esperantzaz,

              oinarri horretatik dagoena hobetzeko asmo eraldatzailez.

BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):

              Durante anos e anos, dia a dia,

              marinelak amets etengabean bere sorterri berria eraikitzen zuen...

              Ametsezko harri bat imintzen zuen egunero ezinezko edifizio horretan...

              Laster, jada hainbeste aldiz ibilitako lurraldea edukiaz zihoan.

EGILEA (Atzerri liburutik):

              Denbora aurrera doan arau

              bata gero eta lainotsuagoa eta une berean zehatz eta ttipiagoa bihurtzen den neurrian,

              bestea puztu egiten da,

              itxuragabeki,

              anonimotasunez betez espazio guztia,

              sekula arrotz izateari utzi gabe.

IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):

              Milaka ordu oroitzen zituen jada bere itsasertzen luzeran ibiltzen iraganak.

              Bazekien iparraldeko halako kalan zein koloretakoak ohi ziren oskorriak,

              eta zein suabea zen sartzea,

              gau zarratuan eta bere arima itsasontziak irekitzen zuen uraren murmurioan sostengaturik,

              hegoaldeko portu handi batetara,

              non behiala iragan baitzuen,

              zoriontsu agian,

              bere gazte aldiko...

EGILEA (Atzerri liburutik):

              Ni sekula izan ez naizen leku batean bizi zarete jadanik.

              Nigan dagoen herria, aberria, nirea baino ez da,

              nik baino ez dut ezagutzen.

              Eta nigan sortu den atzerriarekin partekatu behar du lekua.

 

(egilea bere lekuan esertzen da)