I
(Argi aldaketa: irakurleena)
(beste irakurleak liburuak erdiko aulkian uzten ditu)
IRAKURLE BAT (Sarrionandia) (ikusleei):
Fernando Antonio Nogueira Pessoa
hori baitzen bere izen ofiziala
1888. urteko ekainaren hamahiruan sortu zen,
arratsaldeko hiruretan,
Lisboan.
Eta Lisboan bertan hilko zen,
47 urterekin,
alkoholismo kronikoa eta zirrosia medio.
BESTE IRAKURLEA (Sarrionandia) (ikusleei):
Pessoak esaten zuenez, bizitza bi izaten ditugu:
bata, egiazko bizitza,
haurtzaroan amets egin eta harrezkero ere irudimenaren behe-laino mehe artean segitzen duguna;
eta, bestea,
bizitza faltsua, besteekin eta jarduera praktikoan konplitu eta hil-kutxan amaitzen dena.
IRAKURLE BAT (Sarrionandia) (ikusleei):
Sei urte zituela hil zen Pessoaren aita,
tuberkulosiak jota.
Ama alarguna militar batekin ezkondu, eta hirurak Hego Afrikara, Durbanera bizitzera joan ziren.
Han, Pessoa, eskola ingelesetan hezi zen
eta gazterik hasi zen literatura estudiatzen eta izkiriatzen.
Hamazazpi urterekin itzuli zen Lisboara, eta ez zen inoiz gehiago atera bertatik.
BESTE IRAKURLEA (Sarrionandia) (ikusleei):
1912an argitaratu zituen Pessoak bere lehen idazlanak.
Berpizkunde eta eztabaida garaia zen orduko abangoardietan,
eta berehala eman zen ezagutzera,
eztabaidetara bete-betean sartu eta jakintza literario aparta erakutsi zuelako.
(Eserlekura gonbidatzen du irakurle batek beste irakurlea:
eskuin aldeko aulkia eskuinera begira jartzen dio
irakurle batek eta ezkerreko aulkia beste irakurlearen aurrez aurre
jarri eta beste irakurlearen aurrean esertzen da)
IRAKURLE BAT:
Ba al zenekien Pessoak amodiozko gutunak idatzi zizkiola bere bizitzako maitasun bakarra izan zen Ophelia Queirozi?
BESTE IRAKURLEA:
...
IRAKURLE BAT:
Baina Alberto Caeiro bere heteronimoak zioen maitasunezko gutunak erridikuluak direla...
BESTE IRAKURLEA:
Eta?
IRAKURLE BAT:
Ba ez zirela inoiz bikote izan...
BESTE IRAKURLEA:
Crusha?
IRAKURLE BAT:
Maitasun platonikoa...
Alegia... imajinatzen dun eguna joan eta eguna etorri, gosaltzeko, hamaiketarako, bazkaltzeko, merendatzeko eta afaltzeko, beti dilistak jaten?
BESTE IRAKURLEA:
Ba... ez!
BESTE IRAKURLEA (Sarrionandia) (ikusleei):
O Marinheiro antzezlana 1913ko urrikoa da.
Oraindik ez ziren agertu Pessoaren heteronimoak,
alegia, aipatutako Alberto Caeiroz gain Ricardo Reis, Alvaro de Campos, Bernardo Soares eta Antonio Mora.
Baina, drama estatiko honetan daude heteronimo horiek, bakoitzak bere tankera berezian, zabaldu eta borobilduko zituzten gairik funtsezkoenak.
IRAKURLE BAT (Sarrionandia) (ikusleei):
Eta bizitzari eta lengoaiari buruzko ideiak batez ere.
Gero, Livro do Desassossego delakoan, agian beste liburuetan baino era zuzenagoan azaltzen direnak.
(Argi aldaketa)
(Bata besteari begira, gertu.
beste irakurleak bere ahotsetik irakurtzen du,
irakurle batek ahapaldiak errepikatuz edo beroriei aurrea hartuz
oihartzun egiten dio beilariaren ahotsetik.
Biek batera bukatzen dute)
BESTE IRAKURLEA eta IRAKURLE BAT (Sarrionandia):
«Egun enauzu neu etorri
Alberto Caeiro baino» erraiten zautan
Fernando Pessoak, eta mintzaira nahasiz
eta lokarri gabez irauten zuen solasa.
Eguzkiloreek bezala behatzen zituen
hormetan zelai urregorriztatuak
edota muino izarez estaliak
ene begi lausotuek pinturaren bat,
ispilua edo horma soila ikusten zuten lekuetan.
Natura ederra eta zaharra dela erraiten zuen,
artzainak ardiei begira bezala.
Eta gaua abaildu orduko
euria, eguzkia, ilargia eta etxe atarian aulkia
desiratu eta alde egiten zuen lasai
sonbreiruaren hegala altxatuz.