IV
(Argi aldaketa)
IRAKURLE BAT (ikusleei):
60ko hamarkada: Kartzela.
(irakurle batek ezkerreko aulkia hartzen du eta
beste irakurleak eskuinekoa. Hiru aulkiek bizkarraldea erdirantz dutela,
hiruki txiki bat sortzen dute. beste irakurlea espazioaren erdian
kokatzen da, eta bertatik hitz egiten du)
BESTE IRAKURLEA:
1961eko uztailaren 18an
Donostiara 25 Bake Urte ospatzera zekartzan soldadu frankistez betetako tren bat.
Trena erraietatik ateratzen saiatzeagatik
hainbat ETAko kide atxilotu zituzten;
horien artean Rafa Albisu Ezenarro.
Basatiki torturatu zituzten.
(Bere mintzaldia amaitu eta eskuin aldeko aulkian esertzen da.
irakurle bat hirukiaren barrura sartzen da; bertatik hitz egiten du)
IRAKURLE BAT:
Urte eta erdiko alaba baten eta bi hilabeteko seme baten aita zen.
Epaiketa guztiz sumarioan heriotza-zigorra eskatu zioten arren, 20 urtera kondenatu zuten.
Semeak Carabancheleko kartzelan ezagutu zuen aita.
Eta gero Soriako kartzelara joan zitzaion bisitan, ia bost urtez.
(Argi aldaketa: beilariena)
(Txandaka, irakurle bat eta beste irakurlea
beren mintzaldia amaitzean zutitu eta
aulkien inguruan eta haien arteko espazio txikian
poliki-poliki mugitzen dira, berriro ere eseri
eta beren mintzaldia egin bitartean)
BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):
Iraganaz mintzatzea...
hori ederra da, agian, alferrikakoa delakoz,
eta hainbesteko atsekabea ematen duelakoz...
(irakurle bat esertzen den une berean
jaikitzen da beste irakurlea)
IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):
Mintza gaitezen, nahi baduzue,
ukan ez dugun iragan batez...
(beste irakurlea esertzen den une berean jaikitzen da irakurle bat)
BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):
Ez.
Apika izan genukeen...
(beste irakurlea jaikitzen den une berean esertzen da irakurle bat)
IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):
Hitzak besterik ez dituzue esaten.
Hain tristea da mintzatzea!
Geu ahazteko modu hain faltsua da!...
Eta ibiltzera bagoaz?...
(beste irakurlea esertzen den une berean jaikitzen da irakurle bat)
BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):
Nora?
(beste irakurlea jaikitzen da)
IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):
Inora.
Hemen ibil gaitezke,
alde batetik bestera.
Sarritan ametsen bila abiatzeko modua da.
BESTE IRAKURLEA (Pessoa-Sarrionandia) (beilari ahotsez):
Zeren bila?
(beste irakurlea eta irakurle bat batera esertzen dira)
IRAKURLE BAT (Pessoa-Sarrionandia) (ordura arteko beilari doinua galduz):
Ez dakit.
Zergatik jakin behar dut?