Kattalin umezurtza, Alejandro Tapia Perurena
Egan, 3/4-1985

 

I

 

KATTALIN: (Zapia altxatzen delarik, abesten ari da, zangoekin eres-neurria eramanez).

 

                Ene amatxo biotzekoa,

                gogoan zaukedazana:

                urrunago ta indartsuago

                maitatzen zaitudazana.

 

(Burua paretan irozo ta, begiak zerurontz jasotzen ditu, ta onela dio:)

 

KATTALIN: Ene amatxo maitea: zein illun utzi nauzun mundu beltzuri ontan. Zu emen zinela, zorionekoa nintzen. Goizean esnatzen nintzelarik an ziñen zu, nere aurpegia musu gozoaz yazteko. Eskolatik itzultzen nintzelarik, ongi goxoak izaten ziren zure beso maitekorren besarkak. Ta arratsean, bildurti, geratzen nintzenean, zu nere ondoan baziñan, etzan batere bildurrik. Eta kantatzen ari zinela nere oatze bazterrean; pixkaka-pixkaka loak artzen ninduen.

        Orain ordea, nere amatxo gaxoa galdu dut. Neretako ezta besarkarik, ez musurik. Beste umeak etxera itzultzen direlarik badakite an zai dagokiela amatxo. Ta nolako pozarekin yoaten diran aren magalera! Ni, berriz, etxeko garaia datorrela, illun-illunik kezkati ta bildurrez betea etortzen naiz.

        Nere amatxo gaxoa il ondoan, aitatxok egun batez esan zidan: Kattalin, laister ekarriko ditzut beste amatxo. -Beste amatxo?- egin nion nik- Bai, beste amatxo. Ez duzu esaten zure lagun guziek amatxo badutela ta zuk ez? Orra ba; egun batzuen buruan, zuk ere izango duzu amatxo bat. Nola liteke ori, ordea? Nere amatxo zeruan dago: beste amatxo ez zen nere amatxo izango.

        Aitatxo oldozkor gelditu zen, ta gero belaunetan artu ninduen ta musu bat eman zidan esanaz... gaxo Kattalin!

        Egun batez, amatxo berria etorri zen. Berakin, nexka bat eta mutiko bat ekarri zituen. Baño amatxo berriak okendako zituen musu ta maiteki guziak. Bein mutiltxoa magalean zeukala, urbildu nintzaion ni ere, ta esan nion: amatxo! Ta ark, burua nereganantz itzuli ta esan zidan gogorki: «i ez aiz ene alaba». Isil-ixilik atera nintzen sukaldetik, sartu nintzen xoko batean ta negarrari eman nion. Len, amatxorik ez nuen. Orain, berriz, maite ez nauen amatxo daukat.

        Ene amatxo gaxoa, ene egizko amatxo, zeruan zauden amatxo kutuna: zure alabatxo gizaxo au, etxe ontako neskamea bilakatu da. Ez dut egon nai zugandik urrun. Zure neskatikoa ainbeste maite zenuen amatxo orrek: enaramazu zure gana. Emen, beti illun ta negargale nago ta. (Negarrez asten da).

 

Kattalin umezurtza, Alejandro Tapia Perurena
Egan, 3/4-1985