Kattalin umezurtza, Alejandro Tapia Perurena
Egan, 3/4-1985

 

IV

 

LENGOAK TA MUTIKO MORDOSKA BAT

 

(Mutikoak sartzen dira laisterka eskuin aldetik).

 

MUTIKO I: Kaxo. Eldu gaituk. Bañan zer ari zerate? Auxen duk komedi! Mutur yoka? Tira, tira emen ez dugu aserren bearrik! Tira, baketu, ta gauden adiskide!

II. MUTIKO: (Parretsuki) Ori duk! Ta aserretu nai duenak, nerekin kontuk garbitu bearra izain du.

BESTE MUTIKOAK: Ederki errana! Gora gure buruzagia!

III MUTIKO BAT: Gora gure kaligorri!

II MUTIKO: E! ze erran duk? Mille demonioa! (Beti irritsuki, maukak goratzen ditu okondoraño ta ayeruka (kiñuka) II. mutikua arrapatzera doa. Bat-batez, yauzi aundi bat dagi, baño une berean III. lurrera botatzen da, ta onekin trabatu ta, II m. zalapartaka erortzen da. III. gana doala dio) Madarikatua! oraintxe ikusiko duk zer dituken atzapar ok. Arri! (yauzi dagi ta erortzen da).

GUZIOK: (oyuka ta zalapartaka) Gora gure buru zagi! Gora gure errege I'go kaligorria! (II. zilipurdi bat egiñik zutitzen da).

MUTIKO BAT: Aizak, adiskidea, atzeko aldean zilo galanta baduk.

II MUTIKO: Ene! Ageri alda?

MUTIKOAK: (oiuka) Errege zarpala! Gure erregea atzeko aldetik urratu da! Bestelako erregea! Nola egin duk zarratako ori?

II MUTIKO: Nola egin diaten? Errango ditzuet. Baño... adiskideak, onezkero eskola-garaia duk. Tira, erregeak agintzen ditzue! Guziak eskolara! Abudo gero!

JOXE: Ez motel! Zer eskola ta zer eskolondo! Egin dezagun piper!

PATXIKO: Ez yauna! Eskolara yoan bear gaituk!

II MUTIKO: (Erramuni) Gogorakada (gogorapen) bat!

PATXIKO: Ia ba, kaligorri ortatik ateratzen dan gogorakada ez da gauza onik izain.

ERRAMUN: Ik zer dakik! Ona nere gogorakada: goazen sagarrak ebastera!

GUZIAK: Gora zu! Iupa! Gora kaligorria!

PATXIKO: Banean kaska gogor ortatik ez litzakakela gauza onik aterako!

JOXE: Aizak ik; baño non dituk sagarrak?

ERRAMUN: Bazekiat, bai non dituken ongi ederrak alere! Nere kasko adiñekoak!!

JOXE: Orren gogorrak ere baldin ba dituk, ez dik balio.

ERRAMUN: Joxe... kontuz ibilli gero! Gorri-gorriak ta gozo-gozoak...

JOXE: Jo, nai ago diat samiñak...

ERRAMUN: Guzitatik baduk... Tira, nai duzute jakin non diren ala ez!

GUZIOK: Non, non? (Erramun inguratzen dute).

ERRAMUN: (Arro, arro, beatza erabiltzen, ta abots aztunaz) Mis queridos niños, gure maisu gaizoak dion bezala...

JOXE: Bai! ao betez «mis queridos niños», ta gero zigarro(a) artu ta gibeleko (atzeko) aldea xautu.

ERRAMUN: Iri bai, astaputz alaena! Galtza-gorri makurrago baiaiz!

JOXE: Jo, i ere ez ago urrun!

MUTIKO BATEK: Tira, tira... zer ai gaituk emen denbora galtzen! Atso berritxinak dirudizue. Non dituk ire sagarrak?

ERRAMUN: «Mis queridos niños...».

JOXE: Bego erdera zatar ori! Naikoa diagu eskolan!

ERRAMUN: Gaye, gaye; erraiok ori don Restituto'ri.

JOXE: Bai ba; ez diat batere bildurrik.

ERRAMUN: Ik? Ziriñe!

MUTIKO BATEK: Asi gaituk, berriz ere? Demoni berritxuek! Sagarrak bela! Gañerakoan, ba-nik!

JOXE: Gaye nai baduk. Ez dugu kontra egiten.

MUTIKO BATEK: Ba nik ba. Zoazte zuen berritxukeriekin.

ERRAMUN: Ago, ago. Bazetozek sagarrak. «Mis queridos niños» erran gabe gañera.

MUTIKO BATEK: Tira ba, gelditzen nauk.

GUZIAK: Non dituk, non dituk? (inguratzen dute).

ERRAMUN: Larraldeko bordan.

JOXE: Tokitan zeok!

ERRAMUN: Ago ixillik tetela! Bai baita belai borobil bat «Apeziturri» ko bidean, bordaren arateko aldean! An dituk «nere» sagar galantak.

JOXE: «ireak» diok?

ERRAMUN: Bai, gizona. Ikusiko duk istant batez.

PATXIKO: Sagarrak galantak izain dituk; baño zakurra ere ongi galanta duk... Aantzi al duk?

ERRAMUN: To, egia! Ta ezta errex nik aanztea. Ark egin bait zidekan gibeleko aldeko tarrata.

PATXIKO: Ederki egiña! Zertaz sartu bear intzen besteen sagarrak ebastera?

ERRAMUN: Zer zaik iri? Joanden igandean ukan. Bezpetara piper egin-da, abiatu nindukan Larraldeko bordako sagastira. Nere baitan egin nikan: gaur, igandea, aitatxi zaar ez beste guziak errian izain dituk, bezpetara etorriak. Bear baduk amona ere an izain duk; bañan ainbat axolik neri zaar oien gatik. Zakurra duk makurrena. Otso uzu bezain azkar omen duk. Bildurgarria duk oso. Artemintan, mandatu batekin yoan nindukela, ene izialdia! erra guziakin saingaka asi zitzaidakela. Nolako ortz zorrotzak! Mingain gorri ta apartsu ageri zitzaiokan, ta bazirudiekan begi izigarri aitatik sua botatzen zikela. Bearrik lotua zegokela! Pasatzerakoan, nere kolkora: atx! oraintxe katea autsiko balikek... gaxo Erramun! Bañan bear baduk, gaur ere, lotua izain duk nere kolkorako esanik, yarraitu niokan bideari. Eldu naiz belai esiko elorrietara. Kirika egoten nauk luzaro. Ez duk iñor ageri. Non ote duk zakur izigarria? An dituk sagar galantak, gorri-gorriak, nere kasko adiñekoak. Ortxe zegok balengoa; baño gauez igarotzen ba nauk ikus nazaketek. Azpiko ola poliki-poliki ateratzen diat, ta arrastaka ba nik(noak) belar luze artean esi-ondotik. Ona sagarrondo bat, ongi ederra gañera. Pisuakin (azta) ia lurra ukitzeraño makurtzen dira adarrak baño obe izain duk sagarrondora igotea. Betireki batez gañean nauk.

        Asten nauk, ariñeketan, ta instant batez kolkoa bete-bete daukat. Arranoa! galdua nauk! Norbait eldu duk. Nor ote? Orra! Patxiriko Txomin duk. Zakurra saingaka asi zaiok urrundik. Igaro duk. Ez nauk ikusi. Oberena, zakurra Txomin'ekin ari dukela itzuri. Sagarrondotik yautsi ta tarrapataka abiatzen nauk, tximista bezala, balengorontz; baño arbazta batekin zangoak trabatu ta buruz beiti erortzen nauk. Nere lapurketaren erdiak kolkotik iges egiten zidak. Altxatzen nauk. Sudurratik odola zetorkit. Ene, galdua nauk! zakurrak ikusi niauk. Ba zetorkidak yauzika belar luze artean. Tira, balengora! Emen duk, emen duk! Yauzi batez igarotzen diat balengoa baño izakurra madarikatua! olen artetik muturra atera-ta rau! atseki bat botatzen zidak.

MUTIKO BATZUEK: (izituak) Ta arrapatu induan?

ERRAMUN: Bai ta ez.

JOXE: Gezurra duk! Nola litekek?

ERRAMUN: Aixe, Ara: rau! bota zidakan atsekia, ta gibeleko aldetik zerrenda bat eraman zidaken ortzeen artean. Laisterrari utzi gabe, gibelera beatzen diat. Ortzetatik nere praken zerrenda askatu gabe, iñel guzian eragiten ziokan grru... egiten zikela. Irulegi'ko malda igoraño ez nindukan gelditu, ta andik arrika eman niokan.

PATXI: Ta gero, etxera joan da, amak, makilekin, gibeleko aldea berotu.

ERRAMUN: Bai to! Beiak bazkatzen ari nindukela, iltze batekin egiña ukela erran bai niokan.

PATXI: Sobera luze duk ire kontua, egia izatekotz.

ERRAMUN: Ez jauna. Zer uste duk gezurti bat neukela?

PATXI: To, ez zekiat batere, baño amari beintzat, ziri ederra sartu iokan.

ERRAMUN: (arras bero) Ori beste gauza (bat) duk!

JOXE: Baño zer ari gaituk emen? Jo dezagun norabait.

ERRAMUN: Ni nauk emen buruzagia! Tira, guziok Larralde'ko bordara.

JOXE: Ik zakurrari kont-egiten badiok, bai.

ERRAMUN: Demoni kikila! Bildur aiz? Geldi adi gauza ez baiaiz!

JOXE: Ni bildurra? Tira guazen ikusiko diagu nor duken «balientia».

ERRAMUN: Marchen! gure maisuak dion bezala. Guziak sagarrak ebastera!

PATXIKO: Ez, ni, eskolara!

BI MUTIKO: Ni ere bai. Ni ere bai. (Erramunen gana doazi).

ERRAMUN: Bai nai baduzue. Goraintzik don Restituto'ri. Tira, marchen!

 

(Erramun ta bere jarraitzaleak eskuin aldera abiatzen dira. Patxi ta bere aldekoak, ezker aldera. Une ontan, eskale bat agertzen da. Guziak gelditzen dire).

 

Kattalin umezurtza, Alejandro Tapia Perurena
Egan, 3/4-1985