Kattalin umezurtza, Alejandro Tapia Perurena
Egan, 3/4-1985

 

XV

 

(Apeza dator).

 

APEZA: Jesus, Jesus! Zer gertatzen da emen? Inpernuko deabruak errian sartu zaizkigu, edo? (Mutikuak, apeza ikusi orduko, gudualdia etentzen dute). (Aita ta ugazamari): Tira, esadazue ba zer gertatzen dan emen. Nork nasi ditu sorti ok onelako katazka gogorrean?

AITA: Ez bait dakigu. Iskanbilla sumatu-ta etorri gara ea zer gertatzen den ikustera. Basati ok berak mintza bitez.

APEZA: (Joxe'ri so egiten) Ots, ea zer derraigun! dioskun zantzail onek! Otian! zer du biurri onek kopetan?

UGAZAMA: Kolpatu digute gure semea anker oiek! Baño ongi pagatu bearko dute!

AITA: Ta nere alabatxoa bos-pa-sei mutikotzarren artean artuta, errukirik gabe zanpatu dute. (Sutua zutitzen da): Baño nik xautuko ditut zorri bezala!

APEZA: (Galerazten diola) Poliki, poliki. Yakin dezagun nola gertatu diran gauzak. Ots, Joxek edestuko (kontatuko) digu guzia. (Eskutik artzen du): Tira erraguzu: zergatik aserretu zerate?

JOXE: Erramun ta Patxi asi dira mokoka. Onek Patxi egiten zuen erruduna.

APEZAK: Erruduna? Zeren erruduna, ordea? (Joxe zalantzan gelditzen da): Alo, alo, guzia yakin bear dugu. Obe duzu len-bai-len erratea.

JOXE: Patxik erran dio Erramun'i onengatik yoanak garela...

APEZA: Tira, tira yarrai, nora?

JOXE: (Burua makurtuz) Sagarrak ebastera.

APEZA: Deabru zikiñak! Ez denentz bada lotsagarri! Lapurretan! Ta egia da? Erramun'engatik yoanak zerate?

ERRAMUN: Ez yauna!!

ZENBAIT MUTIKO: Bai yauna!!

BESTE MULTZO BAT: Ez yauna!!

APEZA: Ixillik!! Ea berriz asten zeraten burrukan? Nik esaten dutena bakarrik mintza bedi (Joxe'ri). Ta ik zer diok?

JOXEK: Erramun'ek bururatu digu asmo ori. Auxe ez daike ukatu.

APEZA: Erramun, beti biurri ori!

ERRAMUN: Baño nik ez zaituztet beartu. Ea nai zenuten etorri besterik ez ditzuet erran.

APEZA: Gutxi zaik zantzail ori? (Joxeri). Ta zuek yoan, e?

JOXE: Bai yauna. Multzo bat Erramun'ekin yoan gara. Besteak berriz, Patxi'ri yarraiki, eskolara.

APEZA: Ordun, argi dago Erramun errudun dela. Baño baita zuek ere, aren asmoa onartu dezuelako. Ta gero zer gertatu da?

JOXE: Sartu gera Larraldeko sagastian. Aratokian, Mikelatxo etxeko alaba, ikusi dugu, ta guk galdetu: ire etxean nor dun? ta arrek: Aitatxi bakar bakarrik. Non ditun ba besteak? —Iratziketara yoanak dituk, Mailantz'era ta ni arratsaldekoakin (merendu) noai. Ta gu, yarraiki aitzinera. Sagardin sartzerakoan, ikusi dugu aitatxi kalerietan eguzkia artzen. Oiuka asi zaigu, baño, ainbat axolik zitzaigun agure xaar okitu arengatik! Aitatxii... erran diogu —zertako dituzu sagarrak? Ortzik ezta, nola yan bear dituzu?

APEZA: Alkegabekoak, agure xaar batez nausatu.

ERRAMUN: (Joxe'ri) Aizak, adiskide, ortan ere Erramun duk erruduna? I aiz irain ori bota diokena.

JOXE: Egia, baño i ere ez aiz gibel gelditu. Ez duk ba erran, bizar zikin aiekin, gizon, antza baño artzarena bazula?

APEZA: Artzainak samurtzen diranean, gaztak ayer. (Joxe'ri) Eta gero?

JOXE: Ez genuen batere bildurrik Larralde'ko aitatxirengatik, baño onek ongi asmatu du nola ondatu gure asmoak.

APEZA: Zer egin du ba?

JOXE: Zakurra azkatu ta axatu digu. Lau saltoz (yauziz) gure ondoan agertu da saingaka iñal guzian: Gutxik egin du ez pagera aren ortzetan aragi zerrendaren bat utzi. Norbaitek an zagon zaku zar bat bota dio ta ura urratzen gelditu da pitin bat. Anartean balengoaren gañetik yauzi egin ta atera gera. Ni azkena. Ain estu ibilli naiz non laisterrari eman bait diot itxuka ta, arbazta batean trabatuz, buruz beiti erori naiz ta kopetakin arri bat yo dut. Gero, korde gabetu naiz ta ezagumena berrartu detenean, emen nindagon, nere lagunen artean. Gero Erramun ta Patxi mokoka asi dira, besteak ere neri gera eztabaidan ta onela sortu da liskorra.

APEZA: Eta Kattalin, gure Kattalin eztia, nola sartu da ikaragarrisko naasmas ontan? Bai ote? Ez aalda zuekin sagar-ebastera yoan?

KATTALIN: (Arras larritua) Ez, yauna, errekatik eldu nintzela, emen aurkitu ditut guziok aserre.

JOXE: Ni Patxi'kin ai nintzen iñal guzian burrukan (beakada itzal bat Patxi'ri zuzenduz) ni baño aundiagokoa da, baño ez diot batere bildurrik.

APEZA: Au motel; berriz yoka asteko goguan.

JOXE: Ontan, Kattalin agertu da. Guregana etorri ta esan dio Erramun'i uzteko ni bakean. Nere alde asi da, ta ordun illupe oiek etorri dire ta zanpatu dute.

UGAZAMA: Baño, zer diok, motell? Orrengatik yo dute Kattalin?

JOXE: Bai, ama.

UGAZAMA: Kattalin nere semea aldezten?

JOXE: Bai, ama.

UGAZAMA: O, neskatiko au aingeruñoa da. (Kattalini) Zatoz, maitea, nere besoetara. Gaurdanik, nere alaba kuttuna izango zara.

 

(Kattalin badoa ugazamarengana, ta onek gogotik laztantzen du. Gero, Kattalin ta Joxe besarkatzen ditu).

 

KATTALIN: Au poza!

UGAZAMA: Joxe, musu eman zure arrebatxo on utsari. (Elkar musukatzen dute).

KATTALIN: Tori Josetxo, zuretako altxatu dut goxo au. (Goxoa ematen dio).

UGAZAMA: (Berekiko) Ta nola mindu diogun bizitza aingeruño oni, orain arte! Baño gaurdanik, auxe akitu da. (Joxe ta Kattalini). Ederki olaxe, nere semetxoak; elkar maite ezazute egizko anai-arreba bezala. (Aserre). Baño mutil kazkar oiek, nere maitetxu ok yo dituzten oiek, oiek ordaindu bear dute ongi.

AITA: (Saminki, ukabile goratuaz) Bai oixe! Nik...! (ostiko).

KATTALIN: Aita, ez zigortu. Joxe ta biok barkatzen diegu. Baiba, Joxe,e?

JOXE: Bai, ene arrebatxo, Patxi ez beste guziak.

KATTALIN: Joxe, Patxi nere lengusua baita (da). Ez diozu (duzu) nere lengusuari barkatuko?

JOXE: Tira, ba; zuk galdetuz geroz nola ukatu? Barkatzen diot.

APEZA: Arrigarria da emen gertatzen dena. Neskatiko onek ikasbide ederra eman digu. Arrigarria da, benetan, ain neskatiko gaztea orren ederki ekitea. Guziak badakigu etxe ontan ez zela ain ongi ikusia. Ala ere, Kattalin'ek errarik ez du iñoendako, guziak maite ditu, ez da ala, kuttuntxoa? (maiteki egiten dio).

KATTALIN: Bai yauna.

AITA: Baño Josetxo ere bai? Ez da arras ona zuretako izan, aatik!

KATTALIN: Bai Josetxo, ta baita Lolita ere. Nere etxekoak ez ditut, ba, maite izango?

APEZAK: Enetxoa, Yainkoa mintzatu zaigu zure aoz. Ikas dezagun ongi ikasgai au. (mutikoei). Ta zuek mutikotzar oiek, emen duzute eredua. Zuek, bela pizten (sortzen) duzute iskanbilla ta zalaparta. Den gauzarik xumena (txikiena)rengatik zartakoka ta ostikoka asten zerate. Ikasi, ikasi Kattalin'engandik. Ortaz, bertzalde, gaur txarkeri itxusi bat egin duzute. Zigorgarriak egin zerate, ta egia errateko, yautsi zaitzue Yainkoaren zigorkada. Ara Joxe kopeta zilatua. Guziak zerate errudunak, baño i, Erramun, andiena; bestiak ik bultzatu bai dituk gaiztakeri ori egitera.

ERRAMUN: Yauna, damutu zait gaiztakeri ortaz, neri beintzat, ta uste det oiek ere nerekin bat direla. Ez da ala?

MUTIKO GUZIAK: Bai, damuturik gaude.

APEZA: Ez da, ordea, aski damua. Asmo sendoa ere bearrezkoa da. Utziko dezute, betiko, txarkeri oiek?

MUTIKO BATEK: Bai noski, gure sagar lapurketarenak egin du. Nik segurik, ez naiz gain. Atz! izialdi ederra eman dit zakurtzar arrek...

BESTE MUTIKO: Aise, sagurtxoa baño bildurtiago aiz da!

MUTIKO B.: Ta i zer aiz? ni baño geiago bildurtu aiz... Ikustekoa eikan nola eman iokan laisterrari.

BESTE MUTIKO: Ori bai, baño ni baño firrinda aundiagoz eman ziotek Jesus, ta Peru, ta Pettan, ta... zoazi zenbatek.

MUTIKO BATZUEK: (Zalapartaka asten dira). Ez yauna! Bai yauna!

APEZA: (Berekiko) Mutikoak beti muko! (Zangoakin lurra yoaz). Aski!! ortan dago zuen damua? Berriz asiko zerate mokoka?

ERRAMUN: Tira geldik egon ta eskatu dezagun barkapena.

APEZAK: (Aita ta ugazamari) Zuen neskatikoa(k) eman digu ikasbidea. Barka ditzagun, damuturik bait daude mutil koxkor oiek. Gaur egun aundia da guretako. Kattalin, bere biotzeko edertasunaz, benetako amatxo bat aurkitu du. Lolita ta Joxen biotzak irabazi ditu. Orobat, gure mutiltxo oiek onaren bidean sartzeko asmoan daude. Bozkarioz bete bitez gure biotzak. Goraldu dezagun txarkerietatik ongiak ateratzen dituen Yainko ona, eta eman dezagun elkarri gentza ta maitasunezko besarka bat.

KATTALIN: (aurreratzen ta zerura begiratzen) Amatxo! Esker mila. Pozik zaude zure alabatxoren egikeraz?

        Bai egi andia Irene'k esana! Besteen biotzak irabazteko, ongi egitea bezelakorik ez da.

 

Kattalin umezurtza, Alejandro Tapia Perurena
Egan, 3/4-1985