Kattalin umezurtza, Alejandro Tapia Perurena
Egan, 3/4-1985

 

XII

 

(Beste mutikoak eldu dira, erauntsi gogorrean)

 

ERRAMUN: Zaozte ixillik astoak!

PATXIBesteen makurrengatik ez nauk alaituko, baño errain (errango) nikek ongi egin zaitzuela. Gaizki dabillena, gaizki amaituko. Eskolara etorri baziñate ez zitzaitzuekean ori gertatuko.

ERRAMUN: Etorri aiz ire sermoiekin. Ire ikusteak min egiten zidak badakik?

PATXI: Iretsi zak ba! Emen nauk gogoa dutelako!

ERRAMUN: Ago nai baduk; baño berriz asten ba aiz sermoia egiten...

PATXI: Ordun... zer, zer? Burua makurtuta egon bear intzenean, olako arrokeriekin ator?

ERRAMUN: Bai, iregatik! Utzi nazak bakean ta gaie emendik!

PATXI: Ez nauk gain. Guziok yakin bear dute nor izan duken emen erruduna. Gaxo onek (Joxeri zuzenduaz) min artu baduk, iregatik.

ERRAMUN: Zakurra lotu bazio ta balengotik salto egitean erori baduk, nik diat kulpe, e?

PATXI: Bai yauna, ik eraman duk Joxe sagar ebastera. Baita beste guziek. Iregatik yoanak dituk. (Mutikoengana itzuliz) Ez duk ala?

MUTIKO BATZUEK: Ez yauna!

BESTE MUTIKOAK: Bai yauna!

MUTIKO BATEK: Kaligorri kankal orrek zirikatu giantuk, bestela nori gogoratuko zitzaiokean sagar-ebastera yoatea?

ERRAMUN: Illupe, aske itzen ez yoateko! Burruka nai ba duzute izain duk.

MUTIKO B.: Burruka? Asto kankaila! Zer uste duk beti ire pean egoin gaitukela?

ERRAMUN: Jo ta botako aut!

MUTIKO B: Jotzak, ez nauk bildur!

ERRAMUN: ...Jozak ik, ain ausarta baldin ba aiz.

MUTIKO B.: Jotzak ik, i asi aiz-ta.

ERRAMUN: Agoaundi alaena!

MUTIKO B.: I bai agoaundi! Mutiko guziak ire atzetik eraman nai dituk beti. Zer aiz ba i, gure buruzagia, edo? Ire yabegoak gaurdanik pot-egin dik. Ire ausarkeriak non dituk? Or ago sagu bildurti bere zuloan bezala.

ERRAMUN: Ago ixillik, gero...!

MUTIKO B.: Ez, iregatik! Gaye agintzera ire etxeko labezomorroen artean. Ek bezin nazkagarri aiz-ta!

MUTIKO BATZUEK: Labe-zomorro, labezomorro!

ERRAMUN: Ots, aski duk! (Bultzada bat egiten dio) Gaye kakomarroen gana, zarpail ori! (Mutiko b. doi-doi gelditzen da zutik).

MUTIKO B.: Kakamarroen gana? Ordun ire gana! (Erramunen gana doa ta biok yoka asten dira. Gero elkar lotzen dute. Zenbait mutiko Erramuni aldeztera doaz, baño beste multzo batek eragozten die. Oiuka ta zalapartaka, guziok burrukan asten die).

 

Kattalin umezurtza, Alejandro Tapia Perurena
Egan, 3/4-1985