Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970

 

I

 

IZAR eta KAPI

 

(Gau ondorena. Itxasontzi andi bat egunari itxaroten dago Bilbo'ren inguruetan. KAPI eta IZAR, esku bandan, kontu-kontari, uretara begira.)

 

IZAR: Laiñoa?

KAPI: Laiñoa ez, lurruna. Ibaia dauken erriak, goizaldetan, lurrunpean biziten dira, erritarrak lo egiten daben artean.

IZAR: Ez nekien.

KAPI: Emakumea oiean egoten dan lez, izerditan.

IZAR: Ez beti.

KAPI: Errien antzera. Jakiña. Ez da beti giro bardiña egoten. Emakumeak egoera ezbardiña eukiten daben lez. Baiña legea ez dau batek edo bestek egiten, askok eta geienak baiño.

IZAR. Zirikalari?

KAPI: Iñoiz ezagutu nazu?

IZAR: Begiak beti dabizuz jostari.

KAPI: Ba!

IZAR: Nun da Bilbao?

KAPI: Ez dozu igarten an, urrunean, suaren oria?

IZAR: Bai.

KAPI: Barakaldoko suak dira. Beti garretan Barakaldo.

IZAR: Zeiñen antzera?

KAPI: Kafe zaar baten, erre ta erre, garretan, ketan, gorputz eta gogoa egarriz ditun emakume beroa dirudi.

IZAR: Itxastarrak asko ibilten zarie ta asko dakizue olako gauzetan.

KAPI: Esana geiago.

IZAR: Eta Bilbo?

KAPI: Barrurago. Itxasotik ez da igarten. Obeto esanda, aurrean ikusten dogun dana, itxastarrontzat, Bilbo da.

IZAR: Ba daukat ikusteko garra: Asko dotoretu da?

KAPI: Gaitz da Bilbo txukuntzea. Bilbo sekula ez da izango Donosti.

IZAR: Zegaitik ez?

KAPI: Bilbon lan egin eta Donostian atsegin bear leuke euskaldunak. Bilboren taupadea lana da.

                Ur

                ta

                lur,

                bits

                ta

                lits,

                lan

                ta

                gar,

                kai

                ta

                kei...

IZAR: Poesiak egiten?

KAPI: Goizaldeak kaskar garbia zainduten dau ta poesirako gertu.

IZAR: Kresalaren gatzez sikatu aurretik.

KAPI: Jakiña. Bizitzako une batzuetan biotza izlari igarten da. Ta biotzaren itza ei da poesia.

IZAR: Enekien kapitanak ain biotz mintsu ziñatenik.

KAPI: Guk, orruka, komeni danetan, edo leun-leun, egualdiaren goraberetan, ba dakigu egia erakusten.

IZAR: Eta illargiari kiñu egiten.

KAPI: Bai.

IZAR: Eta olatuen bits eta aparrei musuak eskintzen.

KAPI: Baita.

IZAR: Eta kaixuen eta txirriñen (Itxas-txorien) egoetan amesezko eskintzak bialtzen.

KAPI: Ori be...

IZAR: Eta...

KAPI: Zer?

IZAR: Ez dozu beintzat ezer ukatu. Bai, bai, bai... Ondar garoak lez galduten dira zuen baietzak. Eneuke nai kapitan bategaz emazte lez lotu.

KAPI: Zegaitik?

IZAR: Zintzo uste zaitue zuen emazteak?

KAPI: Sekula ez yako faltako itxastar baten emazteari zerbaiten arrik.

IZAR: Maite-miñak diralakoan?

KAPI: Ba! Lau pitxi ta diruak, eta amesen pozak, itto egiten dabe ar orren kezka. Bizitza desbardiña da. Batzuk ordu erdi bat ezin igaro alkar ikusi barik. Itxastarren emakumeak ordu erdi naiku dabe pozez asetzeko. Ta urrungaitzez bizi. Bear ba da, eleuke jakingo beste era baten biziten. Urrungaitzaren utsuneak gaixotu egingo leukez.

IZAR: Eta zuek? Ez dozue zuen emaztien kezkarik eukiten?

KAPI: Ez. Nigaz bestera gertatu ba da be, alaba bat besterik ez neban euki, geienetan semez beteta lagaten doguz, eta ez dabe bidegabekerietarako premiñarik artzen.

IZAR: Zuek libre ta besteak lotu.

KAPI: Itxastarren legea da.

 

Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970