Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970

 

VII

 

TOBA bakarrik

 

TOBA: (Beterik urtenda dator. Minduta, barru barrutik minduta.) Zikin! Azpi jantzalle!! Saldu...!!, besterik ez esateagaitik. Itxaroten neban. Nire senarra ezagutu zendunetik, ba nekien zetan amaituko zendun. Biotzik bako andre negargarri! Ofizioko lagun bat baiño okerragorik ez dago iñor nastatzeko. Saldu nau! Zeloetan ebillan. Igarten neutsan. Ezin nindun ikusi... ta saldu nau! Nire izakera guztia jakingo da. Nire bizitza baltza... gordin gordin agertuko da. (Itxasoari begira asiko da, bere bostean, ixiltsu, bidegabeko erabagien bat artu nai ba leuken eran.) Itxasoa...!! Itxaso sakona...!! Ez...!! Ez...!! Kobardiegi naz. Itxasoa ez da kobardeen iltokia. Itxasoa kapitan andien misteriozko eta ohorezko gorde-lekua da ta ez bizitzeaz lotsatu diranena! Ez...!! (Barriro, lengo antzera.) Itxasoa...! Itxaso zabala!! Leenago be ikusi zindudazan, oraintxe lez... Ta ez nitzan ausartu. Ta biziari begiratu neutsan... tatarrez ibillita be. Itxasoa...!! Barcelonan be ikusi zindudazan; goseti ta gaixo nebillela zure egalera urreratu nitzan... ta bizia maiteago izan neban. Ta jaso nitzan. Itxasoa...! Ez...!! Ez!!! Nirea al da bizia? Eta izarrik ez al da goietan... gora begiratzeko? Eta biotzik ez ete da munduan, gizon antzera agertzeko... edozer, edozer eta edozein izan da be...!

 

Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970