Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970

 

II

 

IZAR, KAPI eta PELI

 

PELI: (Agertuaz.) Kapitana!

KAPI: Enagizu molestatu.

PELI: Telegrama bat.

KAPI: Irakurri ta egunerokoan sartu. Ikasiko dozue bein zeregiña? Zetarako zagoz guardian?

PELI: Zuretzako da, ez da ontziari dagokiona.

KAPI: Ondo etorriren bat? Bota egizu uretara. Ez dot nai ontzian paper ondakiñik.

PELI: Bota aurretik...

KAPI: Ixo! Egin diñotzudana. Ez dot nai nire kamarotian alperriko paperik.

PELI: Premikazko dozu irakurtea.

KAPI: Nok izenpetuten dau?

PELI: Zure emazteak. Eta orain iru egun Bilbotik bialdua da, azken ordurarte erakutsi ez ba dautzugu be.

KAPI: Sekula ez eta maitekerietan bigundu ete da oraingo sarreran? Beranduko elgorria.

IZAR: Esperantza barrien bat aurreratu naiko dautzu. Emazte batek ez dauka maitekeririk, maitasuna baiño.

KAPI: Emazteak, besteak lez, laurdena gurari, laurdena aize, laurdena lizun eta beste laurdenetik erdia egi ta erdia puts.

IZAR: Ta gizonak? Ai, gizonak! Super-jakintsuak! Gixurenak! Giganteak!

PELI: Jauna, nire iritziz, irakurri bear zenduke.

KAPI: Zelan dakizu?

PELI: Egia esateko, ontziko telegrama oi bat zalakuan irakurri dodalako. Telegrama korriente bat zalakuan. Eta telegrafista eta nik ba dakigulako zer dan.

KAPI: Ta? Dakizula, zegaitik esan ez?

PELI: Zure alabeari dagokio.

KAPI: Zer da? Okerren bat? Esaidazu.

PELI: Telegramak auxe diño: Eztakit alaba bizirik billatuko dozun.

Bilbora urreratzean, ainbat lasterren etorri zaitez.

KAPI: Zegaitik ez daustazue esan ariñago?

PELI: Ez dot tarterik artu.

KAPI: Alaba ilteko zorian? Zetatik? Zelan? Alaba? Zegaitik ez dau nire emazteak argitasun geiago emoten? Ez dau esaten zegaitik? Eta Bilbotik dator telegramea, Sopelanatik edo Algortatik etorri bearrean? Klinikan baten ete dago?

PELI: Telegraman ez dago zertzeladarik.

KAPI: Deitu egiozu ontzi languntzallen baten. Datorrela beriala. Ainbat lasterren.

PELI: Etxeari, kompañiari baimena eskatu bearko dautsagu.

KAPI: Zetarako?

PELI: Araudiak agintzen dau.

KAPI: Araudiak beste gauza asko be agintzen ditu. Zetarako? Konpañia eta gizartea eta danok, danok, bardiñak gara. Gauza bat agindu eta komeni dana egin.

IZAR: Libertaderik egon ezkero komeni dana egiteko.

KAPI: Iñori ez dautsagu begiratzen, norbere interesa bitarteko danetan.

PELI: Itxasoan ezin geinke ori egin.

IZAR: Amak be ezin izaten dabe nai dabena egin.

KAPI: Ba dakit. Eta orren aurka ez nabil. Eta premiña andiago bat ba lego, ni izango nitzake, ni, andre ta alaben gaiñetik, nire tokian egongo nitzakena. Baiña emen, gizon batzuk lo egitearren, era yatorkezan ordu batzutan lana egitearren, alperrik gagoz, egunari itxaroten. Gizonen libertadea alkarren errespetutik asi bear da.

IZAR: Ala bear litzake.

KAPI: Kompañiko agintariak zer egingo ete leuke olako baten? Zer? Burubako legeak egitea erreza da. Propagandako legeak egitea errezago. Baiña legeak beteteko egin bear dira. Eta beteteko, lege zuzenak izan bear dira, burutsuak, errazoidunak.

PELI: Iñor ez dago orren aurka. Baiña nik, pilotu lez, kontseju ori emon bear neutzun. Parkatu. Ez da kontsejua. Gogoratzea da.

KAPI: Edozein gizonek, olako kasu batean, bere zeregiña bete lei. Ta kapitanak ez. Ontzia txarto ba dabil, estu ba dabil, kapitanak eutsi egin bear dautsa azken unerarte, ta premiña egon ezkero, ontziagaz ondoratu. Zer da kapitanaren bizitzea?

IZAR: Alaxe da. Legeak interesak eta ondasunak zaintzera geiago egiten dira, gizonen arduraz baiño.

KAPI: Olako zoritxar baten, ontzia bere tokira sartu arte, kapitanak eutsi egin bear dautsa bere lemiari. Zer da kapitanaren biotza? Marmoka bat? Deitu, deitu ontzi txiki bateri.

PELI: Ta ondorenak?

KAPI: Erabagi bat artzen dodanean, nik jakin bear dot erantzuten.

PELI: Beriala deituko dautsat. (Juaten da.)

 

Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970