Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970

 

IX

 

IZAR eta PELI

 

PELI: (Sartuaz.) Izar!

IZAR: Ez dot nai ezer jakin.

PELI: Izar!

IZAR: Laga egidazu. Negar egiten laga egidazu.

PELI: Zer daukazu?

IZAR: Zoaz! Zoaz! Ingurutik zoaz!

PELI: Sentiduten dot.

IZAR: Nik eztakit nun dagon miña. Nik eztakit nun dagon zauria. Baiña gure zauria osatuko dabenik ez dago. Bein eteten da bat, bein eten... eta bein usteldu!

PELI: Ez dakit zer diñozun, Izar. Zure beraldi eta depresiñoiak ez nau arrituten.

IZAR: Galoiak zoratuten zaitue ta gizonkerian arrotu. Zoaz! Ez zaitut nai. Ez nabil zure aragi zimelaren billa. Jakin egizu.

PELI: Izar... Nik... Nik...

IZAR: (Konturatuaz.) Peli zara? Peli! (Jaikiaz.) Laga egidazu laztan bero bero bat emoten.

PELI: Parkatu. Nik ez dakit laztan orde mesederik egiten.

IZAR: Ez zaitez guzurti. Gizon guztiak guzurti zarie. Musurik ez yatzu atsegin? Bekokian emongo dautzut edo matraillean.

PELI: Zure borondate orrekin ordaindua nago.

IZAR: Zimelegi naz, ez? Benetan. Kapitanak be ori esan dausta gordin gordin. Kontzientziko eskrupuloak daukazan kapitanak be, zimela naizela arpegira botateko begirapenik ez dau artu. Gordiñago nitzanean bear ba da... kontzientziaren eskrupuloak ogerleko batzukin kenduko zituzan. Errazoi daukazu. Zer daukagu guk gizartean egiteko? Zer? Kotxe zaar bat apurtzen ba da, biaramonean konponduta ibilliko da. Neska bat jausten ba da... gizarteak, eskua luzatu barik, sakonago jaustera zirikatuko dau, ta sakonago ta lizunago ta salduago ta gaixoago beeratuko dau, griñaetan moskortu eragiñaz, ondatu arte, eten arte, zoratu eragin arte. Eta gizon zuzenen seme-esnearen iltokia dan emakume salduaren aurroe edo sabelean, esne galduen artean, bizi-miña daukanen bat agertuko da nozbaiten. Eta neska galduak bizi-miñari odola ta sabela eskiñiko dautsoz eskrupuluz edo maitasunez... eta aitatasunik emoten ez da iñor agertuko... beste semien lotsa ta izen ona-ohorea-zaintzearren.

PELI: Izar! Baretu zaitez lenengoz. Zetan dator zure illeta ori?

IZAR: Peli! Ba dakizu alaba bat izan nebala.

PELI: Bere billa gabiltz.

IZAR: Ez dakizu norena zan.

PELI: Zurea.

IZAR: Oraindik ez da sortu andrerik bere berez semerik egin dabenik. Baiña ez dautzut esango. Zelan esan, ni-neuk be ez ba dakit, ezin ba naiz konturatu? Nirea zan. Ori. Nirea. Nirea... ta edozeiñena. Ez lotsatu. Gizarte galduarena. Nun da nire alaba?

PELI: Ez dakit.

IZAR:: Zeiñek artu eban nire alaba? Zeiñek?

PELI: Ori... ba dakit.

IZAR: Benetan? Esaidazu! Esaidazu! Zeiñek? Nun dago? Nun? Zeiñek euki lei eskutatuta, edo ostuta? Nire biotzaren zatia nun egon lei? Esan! Ekatzu laztan bat. Ez ukatu. (PELI bere artean artzen dau IZAR'ek, eta laztanak edo musuak emon nairik ibilliko da, PELI lotsaz eta igeskor igarten dala.) Ez ukatu. Ez. Ez ixildu. Esaidazu laster. Esan, mesedez. Nun dago, nun? Ez eskutatu dakizunik!

 

Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970