Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970

 

II

 

IZAR eta PELI

 

PELI: (Agertuaz.) Kapitana ikusi?

IZAR: Noiz guaz, Peli?

PELI: Segurutik gaur ez.

IZAR: Zegaitik ez?

PELI: Jaubien agindua zan len. Polizikoen agindua da orain.

IZAR: Politikako gauzaren bat?

PELI: Ez jakin. Kontrabandoren baten susmoa egon lei.

IZAR: Ze kontrabando? Legea bera ez al da kontrabandoa sarritan?

PELI: Edo drogak.

IZAR: Nungo drogak Bilbon? Otxandianoko kerixakin egiñak? Edo Somorrostroko burdiñaren izerdiarekin?

PELI: Ez jakin. Edo batez. Askotan salakuntza bat, edo kezka bat, edo oker nai bat sortuten da, eta denpora galdu eragin. Kapitana?

IZAR: Garratz dabil.

PELI: Urtekeretan, beti. Nora joan da?

IZAR: Urrunera ez. Ibilli dabil, atzetik aurrera. Gaur ez dauka andre atsegin barriak billatzeko begi solirik.

PELI: Kapitanesiak puentetik begirik ez dautsa galduko-ta.

IZAR: Barruan dator?

PELI: A barruan datorrenetan, gauzak garratz eta mingots ikusten dira. Gaixorik etorten da.

IZAR: Zein, kapitana?

PELI: Bata ta bestea.

IZAR: Zer dauka kapitanak?

PELI: Amorrua. Itsutasuna, edo... jaubetasunik eza.

IZAR: Pentsaten neban gaiztorik etorri dala. Eta emazteak?

PELI: Andren gaixoa. Andra-miñak. Zeloak.

IZAR: Asko ikasi dozu. Ez dozu gelditu nai unetxo baten?

PELI: Emen? Zetan?

IZAR: Gau giro ederra dago.

PELI: Parkatu. Kapitana ikusi bear dot.

IZAR: Ta geroago?

PELI: Lemia zaindu bearko dot.

IZAR: Barkua geldi dagola?

PELI: Aginduak artzen lotu bearko naiz.

IZAR: Guzurra dirudi. Beti zagoz lotu.

PELI: Galoi geiago artu arte, keixu.

IZAR: Baiña galoiak ez dautzue emongo andrerik.

PELI: Txarrago al da galoi asko ta bakarrik?

IZAR: Nik ez dakit zegaitik, baiña triste nago. Itzal. Sekula ez lako utsune bat igarten dot inguruan. Ez bildurtu. Ez da zuk pentsatu zeinken utsunea. Ez dakit zelan esan be. Baiña... Peli, maitasun premiñan nago.

 

Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970