Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970

 

III

 

KAPI eta IZAR

 

KAPI: Parkatu. Nire gauzak gertu bear dodaz. Eneban uste olako azkenik. Zure adizkidetasuna eskartuten dautzut. Kapitanok atsegiñak izaten alegindu bear izaten gara. Ori, egia esan, ez da ain lege okerra.

IZAR: Norbaitentzako izan lei.

KAPI: Bere arriskua euki lei. Baiña andiago egoten da olatu artean ta aurrera egin bear izaten dogu. Jakiña, atsegiñak agertzeko, batzutan jostari, bestetan akulari... Baiña, zer esanak egonarren, uniforme garbia eukiten dakigu kapitanak. Kalean or konpon. Bilbon ikusiko gara?

IZAR: Lagundu gura neutzuke gaur bertan.

KAPI: Ezin lei.

IZAR: Eta zuk bai?

KAPI: Nire egoeraz konturatu zaite.

IZAR: Ni be ama naiz. Konturatzen naz olako egoera baten ama bat zelan egon leiken.

KAPI: Ama asko dagoz munduan. Zorionean batzuk ta besteak miñetan. Egia da.

IZAR: Nire laguntasuna ukatuten daustazu?

KAPI: Kapitan lez ezin daiketzut itxi ontzirik lagaten portura sartu aurretik. Une onetan, kapitan lez, zure aita eta jabe antzeko naz.

IZAR: Orrekin ez diñostazu, ba, zure eskuetan nagola?

KAPI: Lege baten menpean.

IZAR: Zure legearen menpean.

KAPI: Ni enaz legeak, diru ordez, patrikaran erabilli neikezana, nai dodan eran jokatzeko. Ta gaiñera, zure laguntasuna, zintzoena izan da be, beste norbaiten asarre biderako izango litzake.

IZAR: Ortik ixiltzen naz. Andre... bildurtia daukazu?

KAPI: Gizonak euki bear genduke andren bildur geiago.

IZAR: Ezagutu aurretik ala ondoren?

KAPI: Sekula amaitzen al da andren ezaupiderik?

IZAR: Ontzia laga ondoren, zein geratuko da emen nagusi?

KAPI: Lenengo pilotoa.

IZAR: Ta zuri sortu nai ez dautzudan problemaren bat areri sortuten ausartuko ba nitz?

KAPI: Al dala ez billatu problemarik bizitzan. Billatu barik be sortuten dira.

IZAR: Pozik joango nitzake zure ondoren. Benetako ume zale naz. Senarrik ez daukat eta ama naiz. Etzenkien?

KAPI: Nik ez dot iñoren fitxarik egiten.

IZAR: Ez dot tarterik artu esateko.

KAPI: Mesedez, alabeagaz gogoratzen itxi egidazu.

IZAR: Nik nirea, ezagutu ez da be, irudimenean daukat.

 

Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970