Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970

 

X

 

TOBA, KAPI, PELI eta IZAR

 

IZAR: (Agertuaz.) Garratza da bizitza.

KAPI: Zer dakartzu?

IZAR: Bizitzea barriztuten asteko gogua. Lizunak kentzeko garra. Kateak eteteko premiña. Sustrai-sustraitik. Adoretsu sentiduten naz.

TOBA: Joan zaite emendik, pizti zatarroi.

IZAR: Bizitzako problemak ez dira argitzen bildurrez eta lotsaz basterrean lagata.

TOBA: Ez dira argituko be bakea etenda. Ez zaitut nai ikusi. Zoaz!

IZAR: Kapitana, esku-banda onetan egoteko eskubiderik ba daukat? Bestean ezin lei egon. Andre moskor bat dago lurrean etzanda.

KAPI: Peli, begiratu nor dan eta zaindu egizu.

IZAR: Itxaron. Andra ori ezagunegi da niretzat eta zure emaztearentzat.

TOBA: Beste maltzurkeri bat?

IZAR: Beste argitasun bat geiago oraindik.

KAPI: Zer? Beste seme bat?

IZAR: Edo alaba bat. Zegaitik ez?

TOBA: Agiñak atarako dautzudaz! Zetan lagaten dautsazue jarraitzen?

IZAR: Orain, nire eskubidez. Nire zerbait agertu bear dodalako. Nire soiñari ta nire biotzari ta nire izateari ikututen dautsanadalako. Kapi, zuk ba dakizu zure emazteak seme bat izan ebala. Iruntsita zagoz

KAPI: Jakin bai, ta sinistu...

IZAR: Iruntsita zagoz. Ez ukatu. Beraz ba dakizu zure emaztea ama izateko kapaz zala.

TOBA: Nora zoaz? Ez dozu azpikeririk amaitu? Zer nai dozu orain?

KAPI: Geldi!

IZAR: Baiña ba zenkien zure alabea... zurea ez danik?

KAPI: Zoro dagoz? Edo zoro nagolakotan diarduzu?

IZAR: Gogoratu... Peli, zenbat urte daukazuz?

PELI: Ogetabi egiteko.

IZAR: Zure amak berrogetasei, nik baiño bat geiago.

KAPI: Ta zer?

IZAR: Peli, edozein egunetan zure jaiotzaren agiria eskatu ziñei Bilboko Amatasun etxean.

PELI: Zetarako?

IZAR: Anai arrebarik euki ezin zeinkela konturatuko zara fitxa aretan.

TOBA: Zelan esan ziñei ori? Nundik atarata?

KAPI: Orretara, ta zoratzen ez ba nazue, nik ekarritako alaba ez da nirea? Peli, lemia ondo dago?

PELI: Ustez, bai.

KAPI: Makiñak be bai?

PELI: Ez dago kontrakorik.

KAPI: Ur gaiñean gagoz?

PELI: Barkuan egon ezkero...

KAPI: Beraz, ez gagoz zoroetxe baten.

IZAR: Ta ni be ez. Ni be ez! Zure emazteak ume garra agertuko eutzun oi dan lez.

KAPI: Barruko bizitzari, gure arteko bizitza ixillari ez ikutu, mesedez.

IZAR: Ezin dabenak gar geiago eukiten dabe ta ezkontzea justifikatzeko premiña geiago. Kapi. Zure aitatasunaren lenengo barriak, ezkontzetako barri pozgarriak, etxean artu zenduzan?

TOBA: Edozein andre txatxalari gure barruko izatea agertu bear al dautsagu? Goazen, Kapi. Ezin nei geiago. Edozer izan ba naiz be, ezin nei!

IZAR: Mesedez! Laster joango zarie. Parkatu, Kapi. Gogoratu.

KAPI: Ainbesteko jakin naia ba dozu, barku onetantxe, Pillipinas'etatik gentozala.

IZAR: Eta zure emazteak ba ekian barriro joateko ziñala?

KAPI: Urte birako. Ba ekian.

IZAR: Eta bera ez zan zeurekin joan.

KAPI: Amatasunik ez galtzearren.

IZAR: Zer galdu? Sinistu; ez eukan ama izateko gairik. Ez eukan sein lekurik, ez eukan bizi barririk indartzeko aalik, mamiñik ez muiñik. Ez zenkien? Peli jaio zanean ebagi ta kendu eutsezan.

KAPI: Ori egia ba da... Ori egia dalako... bere amatasuna Bilboko Casa Cunan iñoren odoleko neska bat artuta billatu eban. Toba!!

TOBA: (Burua makur, erantzunik ez.)

KAPI: Toba! Au be egia da? Esan! Egia da?

TOBA: Bai.

KAPI: Zegaitik egin zendun? Zegaitik?

TOBA: Zeugaitik.

KAPI: Nigaitik? Zegaitik?

TOBA: Zuri poz emotarren. Zuri bizi barri bat eskintzearren.

KAPI: Baiña atzipetu, engañatu ninduzun.

TOBA: Bestera eukiko ez zendun bizi barri bat sortu neutzun. Ez ukatu. Ez ukatu orain itxaropen barri bat sortu neutzunik. Ez ukatu gizontasun barri bat emon neutzunik. Ez ukatu... amesez eta kezkaz eta maitasunez biziteko indarra eta gogoa emon neutzuzanik.

KAPI: Ta orain? Orain? Ez nazu ikusten danen lotsari, salduta, minduta, etenda?

IZAR: Eta alaba ori... nirea zan. Nire alaba zan.

KAPI: Peli, benetan be ondo gagoz?

PELI: Ekaitz baltza da au, kapitana.

IZAR: Nire alaba zan, bai! Argalkeri baten alaba. Mundu gaizto baten alaba. Baiña nirea!

KAPI: Nundik dakizu?

IZAR: Peli, Bilboko Casa Cunan zeiñek artu eban nire alaba?

PELI: Kapitana, Bilboko Casa Cunan eta gure barkuan klabe bardiña dago ixillekuak gordeteko.

KAPI: Zelan dakizu? Nundik?

PELI: Ni Casa Cuna orretan anditu nitzalako, aitatasun eta amatasun barik. Bilboko Casa Cunan, orain amabi urteko Mayatzaren bostean dagon fitxan, klabean, auxe esaten da: Neska. Sopelanako Aboitiz kapitanaren emazteak beretzakotua.

IZAR: Nirea zan. Ba ekian Tobak.

KAPI: Peli! Itxasoa zabala da. Itxasoa luzea da. Itxasoa sakona da. Baiña itxasoan be gizontasuna bear da. Itxasoan be kontzientzia bear da. Itxasoan be amesa bear da. Ta biziteko arnas garbia. (Galoiak besotatik kenduaz.) Peli...! Zu joan ziñei aurrera. Ni ez! Ni, oraintxe bertan, liorreratuko naz. Eta Sopelanako baster baten eskutatuko naz.

IZAR: Sopelanara ni joan bear naz zure aurretik.

TOBA: Guzur barriak agertzen?

IZAR: Nire alaba billatzen. Nire alabari laztan bero bero bat emoten.

KAPI: Zoritxarrez, il zan alaba.

IZAR: Zorionez bizi da alaba.

TOBA: Ez daustazu kenduko! Ez daustazu ostuko! Eskubiderik ez daukazu! Urteak laga dozuz eskatu barik! Eskubideak galdu dozuz!

KAPI: Zein alaba? Besteren bat? Nik ez dakienen bat aurreragotik?

IZAR: Yone.

KAPI: Yone? Kanposantutik be atara nai dozue? Joan zaiteze danok emendik! Peli! Arlankak jasoteko agindu.

PELI: Ezin giñei etxearen eta poliziaren aginduen aurka joan.

KAPI: Ez jaramonik iñori. Ni naz kapitana. Makiñak ibilten ipiñi ta urten daigun. Bira osorik lemiari. Guazen aurrera.

PELI: Ezin giñei.

KAPI: Ez al naiz iñor?

PELI: Zeuk galdu dozu nortasuna.

KAPI: Galoiak falta dodazalako? Itxurei begira? (Asarre, bizi-bizi.) Barrabillak falta yataz. Dana jo ta apurtu, dana eten eta ebagiteko kobardegi naizalako.

IZAR: Oraindik... oraindik ez.

KAPI: Oraindik ezetz? Ez.

IZAR: Zure alaba nirea da. Ba dakit eskubiderik ez dodala, odolarena ezik. Laga egin neban. Bizi premiñan. Nire bizitzatik urten nai nebalako nik be ta berari bizitza zatarrik ez erakusteagaitik. Ala ta be, nirea da. Ezin ukatu. Ezin ziñei. Edo bestela... oraindik ama izateko gai naz. Ezin nei bakartadean bizi. Ezin nei esperantza barik bizi. Ezin nei Kety gure adizkide galdua lez, moskorrean eta drogaetan bizi.

PELI: Zeiñek moskortu eta drogatu dau Kety?

KAPI: Zein Kety?

IZAR: Zure emazteari erantzuna eskatu.

PELI: Poliziak billatzen daben emakumea Kety da.

KAPI: Ontzian ez dator iñor Kety izenekorik.

IZAR: Igone Dongaitz, listakoa, Kety da.

KAPI: Nok daki ori?

IZAR: «Klabeliñetan» eta «Potxoletan», gure sasoian, Toba, Kety eta Izar giñan entzutetsuenak.

KAPI: Eta ni... irurokin batu naz zimeldu naizenean.

IZAR: Peli, ekarri bear zenduke gure aurrera.

TOBA: Zetan ekarri? Gaixo bat da. Galdu bat. Bere jaube ez dan bat.

IZAR: Egia esaten dakian gaixoa. Ta zuk, nai dozuna eragiten jakin dautsazun gaixoa. Ona nentorrela, Ameriketatik netorrela, beragandik artu zendun albistea. Eta zoratu ziñan, nire alaba zendula ba zenkialako. Eta zure zeloak iruditu eragin eutzuen zure senarra, barkuan, emakume atsegiñen atzetik ibilliko zala, eta jakiña, nire inguruan. Eta telegrama bi bialdu zenduzan, Bilbora eldu aurretik, eskutatu zendun alaba il zala niri sinistu eragitearren, bere billa ibilli ez nedin.

KAPI: Toba! Ez dago geiagorik? Nun da gizonaren eskubidea eta senarraren izatea? Nun alkarri eskiñi geuntsan alkartasun eta konfiantza? Nun da billatu nai zendun zorion bidea?

PELI: Yone izan lei bidea.

IZAR: Yone nirea da.

KAPI: Yone gurea da. Yone gurea da! Nik sortua ez ba da be gurea da. Ta bear ba da... nik sortua. (Bizi.) Galoiak galduko dodaz, entzutea zikinduko dot, osasuna bera minduko yat betiko... baiña Yone gurea da.

IZAR: Odolez ez!

KAPI: Eskubidez bai!

IZAR: Eskubidea zurea dala uste ba dozu, nik be eskubidea daukat, alaba emon neutzun orreri, niretzako beste alaba bat zugandik eskatuteko.

TOBA: (Garratz.) Kapi!

IZAR: (Bigun.) Toba! (Alkarri begira, buruekin, ezetzak egiten ditue.)

PELI: Kapitana, zer egin bear dogu orain?

KAPI: Ez dakit.

IZAR: Sopelanara jo.

PELI: Etxeari zerbait erantzuteko ordua da. Polizia be zai dago.

KAPI: Erantzun.

PELI: Zer?

IZAR: Ontzian sua dagola ta ezin leikela osterarik egin.

KAPI: Aboitiz kapitana bere jaube ez dala.

PELI: Ori ez da egia.

KAPI: Nik ez dakit zer dan egia bizitzan.

IZAR: Nik ba dakit zer dan egia bizitzan.

KAPI: Zeri itxaroten? Ez dozu erantzun nai? Onez ez ba da, aginduz. Esan argi: Aboitik kapitana andre atsegiñak zoratu dabela, beretik atara dabela. Andre atsegiñak itsutu dabela.

PELI: Ta poliziari?

KAPI: Emengo drogak andre atsegiñetan dagozala.

PELI: Kapitana!

KAPI: Zer?

PELI: Ekatzuz galoiak.

KAPI: Zetarako?

PELI: Arrisku ta guzti, ontzia Sopelanako aurrera eruango dot, Yone'ren aurrean, ezer ez dakian Yone garbiaren aurrean, bizia ames eta gogo barriz asi daigun. Bilboko ibaiaren lurruna astunegi da bizia argi ikusteko!

 

AMAYA

 

Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970