Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970

 

IV

 

IZAR eta TOBA

 

TOBA: (Agertuaz.) Kapitana nun dabil?

IZAR: Zein? Zure senarra?

TOBA: Kapitana. Kapitana bat izaten da.

IZAR: Jantziz bai. Ba nekien emendik zebizana. Puentetik ez al da ondo ikusi eta zainduten esku-banda onetako jarrileku au? Barakaldoko keiak eta lurrunak likindu eta itsutu egiten al dautzue leyoetako kristala?

TOBA: Ez daukazu itzik ziri bakorik.

IZAR: Itzak aizeak eruaten ditu.

TOBA: Betikoa zara!

IZAR: A! Betikoa! Ezagutzen ninduzun aurretik? Poztuten naz. Nun ezagutu ete giñan lenengoz? Gogoratzen?

TOBA: Laga lengoari. Lengoa joan zan. Nora joan da kapitana?

IZAR: Atsegin artuko neuke jakitearekin. Zu «Klabeliñak» kafetetxean ez ziñan geratzen? Ta gero «Potxoletara» alfatu ziñan. Ez ete zan antxe lenengoz ezagutu giñarean? Ez estutu. Itxasoa zabala da. Itxasoan ez dago oyartzunik, ekorik. Zure senarrak esaten daki, itxasoa ez dabela eztul baten zurbilduten.

TOBA: Nire gizonak itz geiegi egiten dau sarritan, eta ez bear dabenarekin.

IZAR: Ez illundu eta galdu zeloetan. Eta ain zuzen be. Zetan geratu zan Kety? Nora joan zan?

TOBA: Zein Kety?

IZAR: Ez ba zenki lez! Oraindik gogoan daukat Potxoletako kantua. Adarra joaz, ziri-zirika abestuten euskuen gazteak: Izar, kolko betebizar. Kety, zeloetan beti; Toba, danak baiño oba. Gogoratzen ez? Alaxe ziñan; gaur ez ba zara be.

TOBA: Ez dot nai entzun be lengorik. Geiegi agertuko genduke.

IZAR: Beraz ba dakizu asko agertu zeinkena. Ezagutzen dozunean be! Nik benetan gorrotatzen dot lengoa. Bizitzako txirristada larri ta lotsagarri bat euki gendula ba dakit. Argalkeria. Itsutasuna. Salduta be irabazteko garra.

TOBA: Ala dala, ixil gaitezan.

IZAR: Baiña itz egin ondoren. Suertea euki zendun Barcelonara juatean Artxandako kondeak dirua bialduten jarraituten dautzu?

TOBA: Niri? Zegaitik?

IZAR: Beragandik euki zendun semeagaitik.

TOBA: Zer nai dozu? Zeren billa zabiltz?

IZAR: Min asko eroan eta sufridu zendun orduan. Il ez ziñanean be.

TOBA: Zer dakizu zuk? Ao zitalen berba guzurtiak besterik, zer dakizu?

IZAR: Negar egiten gendun guk, gure aal eziñean, zuri lagunduten. Etziñaldi bateko alogera zuretzako lagaten gendula aaztu dozu? Gogoan daukat osagilleak esan euskula geiago ez zendula ume arriskurik izango, amatasunaren urratz guztiak kendu eutzuezalako. Jakin eban ori ezkontzeko lortu zendun senarrak?

TOBA: Zetan dator au? Zeren eske zabilt? Zegaitik nai dozu nire bakea eten?

IZAR: Ez. Ez zaitut mindu nai. Sasoi bateko konfiantzatan itandu dautzut. Ba dakizu zegaitik gagozan geldi, urten barik?

TOBA: Sarri egoten dira olako aginduak.

IZAR: Zenbat gatoz orain, barkoan?

TOBA: Ez dakit.

IZAR: Kapitanaren emazteak nortzuk datozan ez jakitea, arrigarri da.

TOBA: Ez naiz sekulan ikusmin eta jakin miña izan.

IZAR: Ni bai, edozein andre lez.

TOBA: Izar! Nik ez dakit zer dabiltzun. Nik ez dakit zer nai dozun. Ikusi orduko zirikatuten asi zara, min emoten, akulari.

IZAR: Ez. Itz egin nairik.

TOBA: Itxasoan, itz egin amesez ibilten diranak, sakon sakonean billatzen dituez jardun-lagunak: sirenak. Sangada bat eta naiku izaten da. Ikasi dozu?

IZAR: Toba!

TOBA: Kezka eta buruauste asko da daukazuz, laster amaitzen dira or. Entzun? Jakin? (Arrokiro joaten da.)

 

Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970