Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970

 

VIII

 

TOBA eta KAPI

 

KAPI: (Agertuaz, garratz.) Toba! Itz egin bear dogu.

TOBA: Ez.

KAPI: Zegaitik ez?

TOBA: Izar'ek itz egin dautzu.

KAPI: Ta?

TOBA: Esan geinkena ba dakizu.

KAPI: Zer? Benetan? Egia? Ez da guzurra?

TOBA: Mingain gaiztoak benenoa eukiten dabe mingañaren puntan, estututa aurkituten diranean botateko.

KAPI: Baiña, esan egidazu...

TOBA: Ba dakizu.

KAPI: Zer dakit?

TOBA: Entzun dozuna.

KAPI: Entzun dodana? Dana?

TOBA: Edozer ba da be, bai!

KAPI: Ezin lei. Ezin lei. Ezin nei sinistu.

TOBA: Sinistu egizu.

KAPI: Toba! Ni zirikatzen zabiltz. Ni tentatzen diarduzu. Nire urteerak eta nire erreaziñoiak ikusi nai dozuz.

TOBA: Ez. Egia da.

KAPI: Zer da egia?

TOBA: Gauza onetan... norbere bizi modua eruan daben batek bakarrik jakin leikeana.

KAPI: Ogetalau urte daroaguz alkarrekin. Sekula itz erdika bat ez daustazu esan... Ezin lei. Ez nitzake senarra, sinistuko ba neu... ez nitzake gizon be.

TOBA: Ez nagizu larritu. Ez zaitez orrela jardun. Itz egizu, nasaitu zaitez... asarratu, garraztu, sutu...; urten nai ba dozu zeuretik eta esan edozer, edozer, esan edo egin... baiña nigandik urrun. Ba dakit eskubiderik ez daukadala. Ba dakit.

KAPI: Zegaitik ez zendun sasoiz agertu?

TOBA: Noiz?

KAPI: Asi giñanean.

TOBA: Itsuegi zengozan. Igarten neutzun. Esan da be... ez ninduzun bastertuko... parkatu egingo zendun. Ba dakit. Ziur nago. Eta orain besterik ez esan.

KAPI: Ta? Orain jakinda be...

TOBA: Jakin ba zendu... emakume galdu bat izango nitzan bizi guztirako zuretzat. Nortasunik ez neban eukiko bizitzan. Zu be keixu ibilliko ziñan beti, beti kezka orrekin.

KAPI: Zure ustea da ori.

T0BA: Ez dago gizonik barruan bein arra sartu ezkero botaten dakianik. Barruan eruaten ez dabenik.

KAPI: Ez nazu ezagutzen. Ta txarrena, nik be ez zaitut ezagutu.

TOBA: Kapitan batek ibillaldi bat egin ondoren, osterako liburua sarratuta lagaten dau betiko.

KAPI: Laga kapitanen kontuei.

TOBA: Barcelonara juan nitzanean...

KAPI: Nun zendun semea, nik libre ezagutu ba zindudazan beti? Nun?

TOBA: Ara juan nitzanean, semaren maitasunez joan nitzan.

KAPI: Semea lagata.

TOBA: Ba nekien Bilbon barriro jausiko nitzala, emengo girora egiña negolako, ezagun geiegi neukalako ta barriro zirikatuko ninduelako.

KAPI: Ta ez zendun ezer esan. Zegaitik? Atzipetu ninduzun, engañatu, salduta erosi!

TOBA: Esan eta ukatu ba ninduzun... barriro jausteko posibilidade bat igarri neban. Barriro kalean asteko bildurra neukan: barriro zikin tokietara joateko arriskuan ikusten nitzan... ta... (Negarrez.) ezin dot... Laga nagizu!

KAPI: Zer? Len egin bear zendun negar. Esan. Jarrai.

TOBA: Ni galduta negoan. Barriro lengo bidera jo eskero, ez ninduen bildurtzen biziodun gizonak. Ez ninduen bildurtzen familiei traiziñoia eginda bizi diran gizon galduak, gaixoak. Oraindik garbi diran gazteak bildurtzen ninduen. Nundik jokatu ez dakien gazte barriak atzeratzen ninduen. Ta... naiago izan neban bat bakarrari lotu.

KAPI: Bat izorratu.

TOBA: Ori ez. Ez zan ori nire asmoa. Zorioneko egiteko asmo eta garretan ninduzun.

KAPI: Engañutik ez datar zorionik. Sekula be ez. Egiak, garratz izan da be, egiak bakarrik dakar zoriona. Nik ez nekiala, seme bat euki zendun. Gizon galdu baten semea. Ta aitatasunik ez eutzun emon. Eta diruz mututu ziñan. Bere langille errukarrien izerdiak biziotarako eta putatarako zitun gizon nasai bateri, diru apur batzuekaitik, beste askoren antzera segurutik, izenik ez zeuntsan loitu izan nai. Eta niri... zuri bakarrik eskiñi nitzan oneri...

TOBA: Ba dakit. Esan zeinkena ba dakit. Ez jarraitu. Ixil, ixil zaite, mesedez!!

KAPI: Ni... ixil...! (Makurtuz.) Ixil bear... ittotasunez!

 

Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970