Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970

 

VII

 

KAPI eta IZAR

 

IZAR: Zital agertu naz nure emaztearekin. Parkatu. Ikusi orduko ez nitzan garraztu bear.

KAPI: Nik biztu ete dautzut zitalkeriaren txingarra?

IZAR: Ez Jakin.

KAPI: Ontzirarte ez zaitut ezagutu. Edo ez naz konturatzen.

IZAR: Bakar batekin ibilli ba ziña konturatuko ziñan.

KAPI: Ba daukazu itzik akulu barik? Barkutik urten ondoren, gaur ikusi gara... Ezagutzen zendun nire Toba?

IZAR: Sasoi baten zuk aiña edo obeto.

KAPI: Nundik?

IZAR: Inguru oneitatik. Minduten zara?

KAPI: Nik Barcelonan ezagutu neban.

IZAR: Danok eukiten dogu bizi-bideari iges egin naiko une bat. Jaso gura edo nortasuna zaintzeko deia. Argitasun bat lez. Bizi bide gordiña da gurea. Garratza. Saldua.

KAPI: Edozeiñenan antzeko.

IZAR: Ez. Argi itz egin daigun.

KAPI: Zetaz?

IZAR: Bizi bidea jakiten.

KAPI: Baketan laga nagizu. Osterea, biajea ez zendun gertatu nai? Ontzian itz egingo dogu.

IZAR: Gizonak, gizon diranak, dana jakin bear dabe. Bizia ez da sortu ta erneten intzentsu artean. Nik ez daukat gizontzat, gizadian sedazko kapulla lez ikutu barik gordeta bizi nai dabena. Edo luzatuten dautsen txikotetik, izerdi barik edo nortasun barik tatarrez sortu ta tatarrez ilten dan gizona.

KAPI: Alaxe da.

IZAR: Sustraitik ezagutu bear da bizia. Ta sustraiak lokatza daroa. Garbitu bear dan lokatza. Ta gizonak zaina ekarten dau sortzean. Zillari lotuta. Eten bear izaten da.

KAPI: Danok dakigu.

IZAR: Edo ez. Ta biziari negarrez agur egiten yako. Ta negarrean garbitu. Garbitu, entzun? Eta negar malkoetan intza emon. Ta bidea billatu. Eta jaso ta jausi, indartu ta... parkatu. Parkatu, entzun? Ez dakizu parkatzea legea danik?

KAPI: Danok dakigu.

IZAR: Edo ez.

KAPI: Ez nagizu illundu, argi biziteko.

IZAR: Origaitik. Argi itz egin nai dautzut. Lagako daustazu?

KAPI: Nire emazteari ikutu barik.

IZAR: Ezin nei. Nire kakua ortik dator.

KAPI: Irabaziak edo negozioak txarto edo oker joan yatzuz?

IZAR: Zegaitik itaun ori?

KAPI: Askotan barruko miñak sortu eraziten ditu negoziotako kezkak.

IZAR: Ba dakit nun nabillen.

KAPI: Bein joan nitzan osagillearengana. Min neban. Min, este nausian. Ta guntzurrunen neuralgiak zirala esan eustan osagilleak. Nik ez neban ezer sentiduten guntzurrunetan.

IZAR: Ez. Baiña nik sentiduten dot zerbait biotzean. Eta ez dira neuralgiak. Ez dira burutapenak. Ez dira nerbioen erruak. Kezkak dira. Barruko arra da.

KAPI: Kirioz, nerbioz gaiñezka ikusten zaitut, zuk ala uste izan ezarren. Tila pixkat eskatzea nai?

IZAR: Ez.

KAPI: Ontzian, «puentean» itz egingo dozu luze ta argi.

IZAR: Nik lenago argitu bear dodaz gauzak. Ni ez naz etorri diru billa. Etorri lez joan bear naz diruz. Baiña biotza nasaiago eroan bear dot. Ta ori, ementxe, aurrez nasaitu bear dot.

KAPI: Egin daigun, nik eztakit noiz eta zegaitik, noizbaiten ni maitatu ninduzula ta nire emazteak aurrea artu eutzula.

IZAR: Ez.

KAPI: Ba dakizu Euskalerrian dibortziorik ez dagola.

IZAR: Legez ez, nai ta bizikeran askotan egon. Legearen kateak ez ditue kontzientzien kateak estututen.

KAPI: Egin daigun...

IZAR: Egin daigun nire kontzientziak katerik ez daukala.

KAPI: Bai.

IZAR: Eta nire kontzientziak iñoren bildurrik ez daukala.

KAPI: Bai.

IZAR: Eta sentiduten dodana esateko eskubidea dodala.

KAPI: Ez beti.

IZAR: Orduan kontzientzi librerik ez dago.

KAPI: Ez.

IZAR: Zegaitik ez?

KAPI: Bizi-bideari begiratu bear da aurrez. Ingurueri.

IZAR: (Garratz.) Lau ankadun txarrien filosofia daukazu. Parkatu (ixilune laburra.)

KAPI: Bein Honolulura joan nitzan.

IZAR: Ta?

KAPI: Apalduten eroan ninduen.

IZAR: Ta?

KAPI: Paradisu baten gizara itxuratutako jatetxe bat zan.

IZAR: Korta edo ukullua baiño obea.

KAPI: Emakumeak, emakume ederrak, gazteak, liraiñak, yazekoenetan aukeratuak, sortu lez, narru gorrian, billoitz billoitzik etorten yakuzan janaririk atsegiñenak eskintzen, euren mamiñen ikutuekaz gure gorputsak berotuten.

IZAR: Ta?

KAPI: Nire emazteagaz gogoratu nitzan. Eta nire alabarekin.

IZAR: Ta zer?

KAPI: Iñori eskiñita negoala eta saldu ezin neikian gizona nitzala pentsaten igaro neban jatordua.

IZAR: Lengoak aztuta? Eta zer?

KAPI: Nire alabea sekula ez nebala alako toki batera diruz salduko, zin egin neban.

IZAR: Diruz?

KAPI: Anka bidun animalien sentzunez eta buruz jokatu neban.

IZAR: Orrekin ez diñostazu ezer.

KAPI: Ez?

IZAR: Kontzientzia eta sentimentuak bi dira.

KAPI: Alkarri lotuta.

IZAR: Eta sakonera jo ezkero... Bear ba da, zure nortasunaren, zure nortasun bildurtiaren jostallu lez jokatu zendun. Ez zure sentimentuen indarrez, ingurukoen, ingurukoen zer-esan eta bildurrez baiño.

KAPI: Beraz ni... ez naz ni.

IZAR: Segurutik ez.

KAPI: Parkatu. Aspertu naiz. Barkoan, kapitan lez, sayatuko naiz ibillaldi atsegiña eskintzen. Eta ingurukoen lotsa barik.

IZAR: Ez neban nai onetara eldu. Nik nai dodana... Konturatu zaitez. Ez gara sustraitik asi. Gaitz da benetan be.

KAPI: Zu eta ni zimelegi gara sustrai barriak botateko. (Asarre joaten da.)

IZAR: Kapi! Kapi!

 

Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970