Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970

 

V

 

Lengoak eta PELI

 

PELI: (Agertuaz.) Egunon eta parkatu.

IZAR: Telegrama bat?

KAPI: Ez zaitez jolastu.

IZAR: Egiz. Barkoan nabillelakoan. Peli! Ekaitz egunetan zer egiten dozue itxasoan?

PELI: Lepoz gora lo. Kapitanaren kontsejua da.

IZAR: Andre bildurtien antzera. Beraz ekaitzean, gizonak, andren antzeko dira. Pentsaten neban. Baiña ez nekien itxasoan eulirik bizi danik.

KAPI: Gizon guztiak ez dira bardiñak.

IZAR: Basurtoko andre guztiak be ez dira esaten diran lakoak. Geiagorik jakin dozu, Peli?

PELI: Kanposantura eroan dodazan lorak, neskatil bateri eskiñi dautsadaz.

IZAR: Zegaitik? Loraen usaiñak nezkatillak aizetu ta zoratu eragiten ditue.

PELI: Ez nekien. Eta azurrak? Zetarako bear ditue lorak? Ariñago austuteko?

IZAR: Kapitanak naiago izaten dabe andre ezkonduei eskiñi.

KAPI: Izar! Galoien neurriari begiratu, mesedez. Nire pilotoaren aurrean zagoz. Itxurak zaindu bear dira.

IZAR: Andre ezkonduak, batzuk... Gizon ezkonduak eta andre ezkonduak neurotikoako izaten dira ezkongabeak baiño. Ez zenkien? Zegaitik? Ez ei da berezko legea, bizi moduaren legea baiño. Bizitzako adarrak, eta ez beti zuzenak.

KAPI: Zer dala ta ain zital.

IZAR: Bizi gordiñaren billa ez diarduzue? Esanak mindu egiten gaitu eta egiteak ez. Baiña esanak egunez zabaltzen dira ta egiteak gabez.

KAPI: Zetan dator ori?

IZAR: Nik ezagutu neban gizon zorrotz bat, ez-une eta gose aldietan, etxeko gosea kendu nairik janari billa ibilten ziran andrak estu artzen zolia zana, bideetan. Baiña ederrena, itxurazkoena, bere gelara eroaten eban bildurraren indarrez eta izorratu. Nik eztakit zein dan estraperlo andiago; gosea kentzearren legeari gaiñetik egin, edo andrak izorratzea.

KAPI: Bata ta bestea gosearen ondorenak dira.

IZAR: Gose batzuk sortu egiten dira ta besteak biztu. Beti be gosea ta premiña lotsagabeak dira.

KAPI: Eztakit zer esan nai dozun orrekin.

IZAR: Igarri ez? Arritzeko da. Itxasora joan aurretik, erriko zaindari ez ziñan ibilli?

KAPI: Ta zegaitik niri min laban eta gaiztoak asmatutako gertaera bota?

IZAR: Nik esan egin dot bakarrik. Ez neban uste zuretzat artuko zendunik. Zegaitik artuko zendun, arrik euki ezik? Itaun, galdera bat egiten laga egidazu. Zein da gizarte erreari piparra botaten dautsana? Esan gura dot...

KAPI: Ez zaitez mingain zorrotz. Ziri billa?

IZAR: Ez. Eztakit zelan asi, batez be ain zurbil jarten zareala, ain nahastu ikusi ondoren. Niretzako, gizona ta andrea, mallatuta gelditzen diran sagar bi dira. Paradisuan be ez al zan sagarra bitarteko? Zein usteltzen da lenago? Beia jota gelditu dana, edo gizonak jota adarrean geratzen dana?

KAPI: Bigunena. Lizunena.

IZAR: Eta zein da sagar biguna eta lizunena: arra ala emea?

KAPI: Ez dakit nundik zabizan edo nora jo nai dozun.

IZAR: Itxasontzian, Bilbora urreratzean, ez zendun jakin nai nire bizitza? Telegrama batek eten genduzan. Emen ez dago telegramarik. Barakaldoko suen oritasunari begira barik be, nire edesti gorri eta latza agertu ta jakin erazoteko gogo bizia daukat.

PELI: Kapitana! Emaztea begira daukazu.

KAPI: Nun?

IZAR: Adardun telegrama izango da ori. Ain zuzen be? Ixil gaitezen.

 

Lurrunpean, Agustin Zubikarai
Egan, 1/3-1970, 1/3-1970