Gabon-gabontzeta, Arkotxa'tar J.A.
Egan, 5/6-1957

 

BIGARREN AGERALDIA

 

APALLU ta KOIPE

 

KOIPE: (Sagardotegitik agertuko da bere arakin jantsiz.) Apallu, zer dek ori? Gabon arratsaldean ere amugiten?

APALLU: Bai; beti zeok zerbait neretzat; Illea ezpada, bizarra; bizarra ezpada, amua: Gabon arratsalderako beti.

KOIPE: Ik nai dekalako.

APALLU: Nik nai?

KOIPE: Jakiña zeok ba. Ire esku daukak, guziak jaurtigi ta pelota-jokoa ikustera joatea.

APALLU: Eta apaitarako bixigua?

KOIPE: Apaitarako bixigu arrantzan ari aiz beaz?

APALLU: Bai; eta legorretik.

KOIPE: Beitatu gabeko amuaz gañera. Neronek ere jan nezakek bixigua, orrela izatekotan.

APALLU: Eginda, baña; eginda.

KOIPE: Jakiña zeok ba: eginda; gordiñik ez beintzat.

APALLU: Nik eginda baña.

KOIPE: Ik eginda? Bejaundeikala!

APALLU: Nik eginda edo... Tretza batentzako amuak egitearren.

KOIPE: A...! Uste nian, ala ere, bixiguak egiten ituala.

APALLU: Ondo eginda egongo dek. (Bere itzaz poztuaz.) An egongo dek: txir-txir-txir, Koipe jario ederraz txingar gañean erretzen. Nere emaztea ere bai, aren onduan, fu! ta fu!, putsadaka, geiegi erre eztedin gar biziak.

KOIPE: Etzak geiago aitatu; ortzak ere uretan zeuzkat-eta.

APALLU: Uretan? Apal-aurreko «Berrogei Agur Mariak» errezatzea eztek laburra izango gaur gurean. Gero, ordea, olio-aza gozoaz asi; mallakoa, pil-pil dala; bixigu erre-berria, sagar xaltxa, aia, kapea nai-ala txotxaz, bapo!, ollarraren tankeran jartzean, nork neri bertsotan kukurruku jo? Ezta Txirritak ere.

KOIPE: Bertsotan etzekiat; kukurruku jotzen ordea... Kukurruku kontuan, badakik ni nor naizen.

APALLU: Bai, orretan, bai. Bakoitzari berea ematen bazekiat.

KOIPE: Biar eguardian ere, kukurruko ederrak botako dizkik nere ollarrak.

APALLU: Biar al zaukatek jokoa?

KOIPE: Bai: Meza-nagusi ondorean.

APALLU: Eta... zer asmo dek?

KOIPE: Esan bearrik etzeok: irabazi. Ikusiko dek, nolako ollarra detan. Egundo eztiat izan oraingoa añakorik.

APALLU: Bikain askoak izan dituk ba lenago ere?

KOIPE: Oraingoa, ordea...: aren ibillera, aren ego arrotzeak, aren kukurruku biziak, aren... Naikoa neronek kukurruku jotzea, bera ere bizi-bizi kukurrukuka asteko.

APALLU: Bai? Saltzeko eztek eukiko orduan?

KOIPE: Saldu? Ez, orixe! Jokoak eratzen eta sariak irabazten ekin bear zioat orain.

APALLU: «Jokoa eztek gero errenta; obe dek kapoi bat erreta?»

KOIPE: Berriketak dituk oiek: berriketak. (Pelota-tokiko. txaloak bizi-bizi entzungo dira emen.) Baniak pelota-toki aldera. Ez al ator?

APALLU: Ezin nezakek.

KOIPE: Bixigua naiago ik, e?

APALLU: Eztituk berdiñak.

KOIPE: Baniak, baniak. (Eskui aldetik joaten da.)

APALLU: Ua, bai.

 

Gabon-gabontzeta, Arkotxa'tar J.A.
Egan, 5/6-1957