Gabon-gabontzeta, Arkotxa'tar J.A.
Egan, 5/6-1957

 

ZAZPIGARREN AGERALDIA

 

Neska GABON-ESKALEAK eta DON PELLO ta DAMA JUSTA

 

(Poxpolin buru dutela seiko nexka taldea agertuko da lenengo eskui aldetik. Euskel jantziz eta lau lagunen arte, Jesus'en-Jaiotza txaboltxoa dakartela. Era berean, DON PELLO ta DAMA JUSTA beren etxetik ateria ta aurrez-aurre ikusten dira nexka taldeaz.)

 

POXPOLIN: Asi gaitezen.

ESKALEAK: (Abesten asten dira.)

 

                Belen'go portalean

                Arbola eder bi:

                Bata laranja eta

                Bestea madari.

                Iriki zazu bada

                Kurtiña eder ori,

 

(Txaboltxoan duan kurtiña zabaltzen dute.)

 

                Ikusi daigun bada

                Gure jesus ori.

 

DON PELLO: (Txabol barnera begira.) Oso polliki eratuta daukazute jaiotza.

DAMA JUSTA: (Onek ere begiratu ondoren txabolara.) Oso ederki, oso ederki.

POXPOLIN: «Aingeruak esan.»

ESKALEAK: (Abesten dute.)

 

                «Aingeruak esandu

                Or mendi gañean

                Jesús jaio zaigula

                Belengo estalpean

                Gloria Zeruan ta

                Pakea Lurrean

                Borondate oneko

                Gizonen artean.

                A zer konsuelua

                Guk orain daukagun

                Jaungoikoaren

                Semea Etorri da lagun.

                Erakutsiko digu

                Zer egin biegun,

                Beraren alabantzan

                Kantatu dezagun.»

 

DON PELLO: Ederki. Naikoa dezute. Nor dezute diru-zain?

POXPOLIN: (Bat erakutsiaz.) Ori, jauna.

DON PELLO: (Dirua emanaz.) Ona nere oparitxoa, Jesus-Aurtxoaren izenean.

GUZIAK: Eskerrik asko.

DAMA JUSTA: Ni gaztetxoa nintzala abesten genitugun bertso banakak badakizkit oraindik ba? Eztakit zuek jakingo dituzuten. Onelaxe asten zan bat: «Gizonak bentanara nekez urtetzen.»

POXPOLIN: Badakizkigu guk ere. Ara:

ESKALEAK: (Abestuaz.)

 

                «Gizonak bentanara nekez urtetzean.

                —Zer darabiltzue emen gauaren erdian?

 

                —Dontzella bat dakarkit nerekin batean,

                Semea daukala bere sabelean.

 

                —Dontzella ta semea nola izan liteke?

                enbustero faltsuak emendik zoazte.

 

DON PELLO: Ederki. Naikoa dezute.

DAMA JUSTA: Oso ederki, oso ederki, gazte maiteok. Jarrai onelaxe gure oitura zarrari jarraitzen. Zuen abestiak, otoitzak dira. Eta zuek, atez-ate onela ikustean, Joxe ta Maria ere, onelaxe aterik-ate ibilli zirala munduari agertzen diozute. Zoazte bada, Jesus-Aurtxoak ekarri zigun Pakearen berria zabaltzen.

ESKALEAK: Eskerrik-asko. (Joaten dira.)

EMAKUME BAT: (Barruan.) Poxpolin!! Poxpolin!! Atoz. Beriala joango zera.

 

Gabon-gabontzeta, Arkotxa'tar J.A.
Egan, 5/6-1957