Gabon-gabontzeta, Arkotxa'tar J.A.
Egan, 5/6-1957

 

IRUGARREN AGERALDIA

 

APALLU ta LANPERNAX

 

(APALLU'k amugiten jarraituko du. LANPERNAX agertu arte.)

 

LANPERNAX: (Barrendik arrai saltzeko deia.) Bixigu bizi-biziaaaaa! Orain eekarriaaaa! (Agertuaz.) Bixigu-bixiguaaaa!

 

(Otarran bixigu batzuek dakarzki.)

 

APALLU: (Oso alai.) Agur, Pantxika. Ori den eztarri ederra, ori!

LANPERNAX: (Urreratuaz.) Beste gauz guziak ere, eztarria bezain ederrak ditut nik. (Bere gorputzari eragiñaz) Nere xaxara ikusi bestela.

APALLU: Ori den, ori! Amaikak artuko lekizkiñe.

LANPERNAX: Baita amabik ere.

APALLU: Egia dion. Eta orrela ta guztiz, urteak aurrera ik eta arria geldik oraindik.

LANPERNAX: Nere erruz ez gero arria geldik? Amaren gonapetik irten nai eztuten mutillengatik baizik.

APALLU: Neska, etzan esan orrelakorik.

LANPERNAX: Zer neska ta zer mutillondo!

APALLU: Eztin neskak geiegi aurreratu bear.

LANPERNAX: Zergatik ez?

APALLU: Emakumezkoak, emakumeen mallan iraun bear dezutelako.

LANPERNAX: Mallan beti gu, ederki. Eta gero, erbestetik agertzen diran neskame galbaiaren ondoren asi emengo mutillak.

APALLU: Ezten egia izango?

LANPERNAX: Ezetz?

APALLU: Ezti ez beintzat.

LANPERNAX: Ezti? Ederra arraia aurrera atera dezuna!

APALLU: Ez al den ire gogokoa?

LANPERNAX: Bai; nere gogo-gogokoa da; baña, aspaldi ontan, erruko aizeak artuta edo dabil. Eta mu-egiten ditala uste det.

APALLU: Ez al zaudete zertuta ba?

LANPERNAX: Zertuta gu egon? Nik bai nai. Aren mandatua entzuteko irrian beti ni, baietza emateko ta, ura berriz: eguzkiaren musu berotan; loren esnatzeak ikusten; txoritxoen goiz-abestiak entzuten; errekatxoen mur-murrak, biotzera, maite-kontu asko esaten diotela; aizearen esku legunak maitetsu urrumakatzen duala; izarretan idatzia dala bere maitearen izena; eta eztakit beste zenbat onelako tretza naste buruan dituala.

APALLU: Eta ni, zuen ezkon-deia noiz entzungo zai. Eztago urrian, orduan, gure marmiteko jana.

LANPERNAX: Or aurreko neskame kalaputxi orrek du errua; ez beste iñork.

APALLU: Ezti bera ere, lorarik-lora ibiltzen dan erlea den gero?

LANPERNAX: Neskame orrekin Ezti asten bada eztakit zer gertako dan, gero, gure artean.

APALLU: Kale erdian, atzamarkadaka, etzerate asiko beintzat?

LANPERNAX: Geiegirik ez esan.

APALLU: Orrelakorik etzan egin, neska.

LANPERNAX: Ajol gutxi neri. Lendik ere gaizto entzutea degu Lanpernax'tarrok errian eta, neskame orri eskuka bat txima kendu arren ezkera gaiztoago izango. (Joanaz.) Banua orain.

APALLU: Orrenbestez baua?

LANPERNAX: A...! (Itzuliaz.) Ea aztu zitzaidan. (Bixigu bat emanaz.) Zuri emateko esan dit Manuel'ek bixigu au.

APALLU: (Artuaz.) Eskerrikasko. Eta nere bixigu ta guzti bauan?

LANPERNAX: Barkatu. (Joanaz.) Bixigu bizi-biziaaaa!!!

 

(APALLU bere bixiguaz poz-pozez dabillen bitartean.)

 

EMAKUME BATEK: (Barrendik.) Ai zu, zenbatean dezu?

LANPERNAX: (Barrengo goi aldera begira.) Oso merke, etxekoandre; oso merke. Merkeagorik eztezu arkituko gaur. Jetxi zaitez; eta konponduko gera.

EMAKUME BATEK: Esan zaidazu zenbat bear dezun lenengo.

LANPERNAX: Ona, bixigu ederra! Amu-lapurrekoa berau: arrantzaleak beren etxetarako artzen dituztenetakoa. Ezkera aserretuko, etxeko-andre.

EMAKUME BATEK: Ezetz?

LANPERNAX: Ez, emakumea, ez. Zuri merkeago emango dizut. Len saldu ditudan biak, amabiñan eman ditut, au baño txikiagoak ziran arren. Eta au, zu zeralako, amarrian emango dizut. Gabon erregalo obeagokorik eztezu arkituko gaur onen merke.

EMAKUME BATEK: Artuko dizut zortzian bada.

LANPERNAX: Zortzian? (Eskua bekokira eramanaz.) Aitaren eta Semearen!!! (Otarratik bixigua artu ta begiratuz.) Bixigu eder oni begiratuta, zortzi eskeintzeko arpegia dezu?

EMAKUME BATEK: Garesti da amarrean.

LANPERNAX: Garesti? Etzera merkatari makala, alajaña. Garesti bixigu eder au! Sutondoan kukulumutxu egon ta uste al dezu bixiguak ekartzen dirala? Biali zazu Ixkote aldera zure gizon mardul ori, ta ikasiko dezu merke ta garesti zer diran: Ondo asko ikasi ere. Zortzi eskeñi; zortzi!

EMAKUME BATEK: Etzaitez orrela berotu, emakumea?

LANPERNAX: Berotu esaten dezu? Suak artu ere bai. Garesti dala ta, zortzi eskeñi! Aundiagoak entzungo ditugu oraindik!

EMAKUME BATEK: Zortzian eman nai ezpadidazu, zurea da bixigua ta, saldu.

LANPERNAX: Salduko det, bai: ondo saldu ere. (Agertu dan beste aldetik joanaz.) Bixigu bizi-biziaaaa!!!

 

Gabon-gabontzeta, Arkotxa'tar J.A.
Egan, 5/6-1957