Gabon-gabontzeta, Arkotxa'tar J.A.
Egan, 5/6-1957

 

BOSGARREN AGERALDIA

 

APALLU ta EZTI

 

EZTI: (Bere eskuak igurtziaz.) Biar, eguarri eguna. Aukerakoa.

APALLU: Zertarako?

EZTI: Edozertarako.

APALLU: Eztek ori erantzun egokia.

EZTI: Zergatik ez?

APALLU: Etzekiat, baña, zerbait ire artekoren bat badabilkik.

EZTI: Biar jakingo dek.

APALLU: Eta gaur, zergatik ez? Gonak al dituk orain ere?

EZTI: (Abestuaz.) «Atera bearko dezu gona zar oriiiiii...»

APALLU: Pantxika Lanpernax'i abestu bear al diok?

EZTi: (Isekazko parrez.) Ja, ja, ja...! Pantxika Lanpernax'i nik abestu?

APALLU: Zergatik ez? Ondo emakume bikain askoa zeok.

EZTI: Ja, ja, ja...!! Pantxika Lanpernax'i nik abestu? Aurrerakorik!

APALLU: Orain izango al dituk. Arekin ere, bein baño geiagotan ikusi aut.

EZTI: Eztizut ukatzen; orain ordea... Enijoakizu esatera.

APALLU: Ez, nai ezpadidak; baña, bazekiat. Kaskar berotzalle berria dek orain.

EZTI: Nor ?

APALLU: Nor izango dek? Or aurrean bizi dan neskamea.

EZTI: Nola dakizu? Berak esan al dizu zerbait? Au poza!

APALLU: (Albora begiratuaz irri-parrez.) Bai.

EZTI: Eta, zer esan dizu? Zer?

APALLU: Zera... (Asma ezinda.) Zera...

EZTI: Emakume egokia da gero?

APALLU: Lanpernax exkaxago eztek.

EZTI: Zaude ixilik. Lanpernax, Mari-Domingi'ren abarketa txistanak askatzeko aña ere ezta.

APALLU: Mari-Domingi al dik izena?

EZTI: Egokia: biarko egunari dagokiona. (Abestuaz.) «Orra MariDomingi, begira orri...»

APALLU: Lanpernax gajoa! Ederra egin bear diok!

EZTI: Zer naidezu? Biotzaren gora-berak dira auek. Lanpernax, arrantzale batentzako egokia da; neretzat ez. Lanpernax'ek eztaki arrantzako gora-berak besterik: arraiak saldu, tretzak beitatu, otarrak garbitu, trein edo sareak josi, ta norbaitekin aserratzen bada, atzekoaz aurrera gauzak esan eta egiten.

APALLU: Mari-Domingi edo dan alako orrek ere zer besterik jakin lezakek ? Aida, Apala! O, Arrio! ta onelakoak.

EZTI: Ja, ja, ja...!! Bai zera! Eztituzu aren itz goxo ta egokiak zuk entzun. Etzenuke bestela ori esango. Aundizkien etxetan neskame diranak, «señoriten» tankera bera artzen dute. Nere goxotegirako aukerako etxekoandrea, Mari-Domingi.

APALLU: Ataun mikeletea ere, neskame orren ondoren dabillela uste diat.

EZTI: Ataun, Mari-Domingi'ren ondoren? Ja, ja, ja...!! Zezenak ere gorroto dioten praka gorriduna Mari-Domingi'ren ondoren? Ederki eman ere!

APALLU: Zergatik ez?

EZTI: Ez, Apallu, ez. Ataun'entzat ezta izango Mari-Domingirik.

APALLU: Etzekiat ba. Mur-mur-mur or ikusten dizkiat beintzat.

EZTI: Nundik ateratako mu-murrak Ataunek? Zergak biltzen besterik ezpadaki? Nik ordea, olerkiz, goxo-goxo, mandatu ere egingo diot:

                Bidezkari nazu,

                loretxo gurgarri!

                eguzki galdatan,

                maitasun egarri;

                intzaren tantoa

                zugan det iturri,

                biotz onez, arren,

                emaidazu neri.

APALLU: Nondik atera dek orren olerki dotorea?

EZTI: (Bere burua erakutsiaz.) Emendik, Apallu.

APALLU: Enikan esango orren azkarra intzanik.

EZTI: (Pozez.) Ez, e?

APALLU: Ez, txo!

EZTI: Banua barrena ea zerbait gertatzen detan.

 

(Joaten da. Goxotegira.)

 

APALLU: Ni ere bai.

 

(Amu batzuek bildu ta bizartegira joaten da.)

 

Gabon-gabontzeta, Arkotxa'tar J.A.
Egan, 5/6-1957