Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

I'go. jardunaldia

 

JUANES, LUKUZE'ko BAROIA eta BERTRAND DE MONTFERRAND ZALDUNA

 

(Bi aitorsemeok aldi artako zaldun jantzian ager bitez. Biok ezpata beramate gerritik zintzilik eta Bertran'ek gaiñera arranbela eta gezi-zorroa ggeziz beterik.)

 

LUKUZE'ko BAROIA: Beraz, Yoana nire alabarekin ezkondu nai ukek?

BERTRAND: Bai, jauna. Ori da bion gurari hizia.

LUKUZE'ko: Zuen alkar-maitasunari ez derizkiot gaizki. Biok zerate etxe leñargikoak, jatorri garbikoak, aundikiak, egiazko aitor seme-alabak..., baiña...

BERTRAND: Baiña, zer?

LUKUZE'ko Guztiori eztela aski... zorigaitzez. Gazteok, biotzaren aldetik bakarrik dakusazute ezkontza-auzia, baiñan mundu onetan ba-dituk beste milla auzi-mauzi ta katramilla eta gaur-gaurkoz ezin diat itxaropenik eman.

BERTRAND: Baiñan, zer dela-ta? Zer eragozpen jarri nai diozu gure alkar maitasunari, gure asmo zuzen eta garbiari ?

LUKUZE'ko Eziñezkoa dela, Bertrand, eziñezkoa...

BERTRAND: Maitasunarentzat eztago eziñik, Baroi jauna. (Etsipenak eman oi duen ausardiz.) Zure baimenarekin edo baimenik gabe, ni Yoana'rekin ezkonduko naiz...

LUKUZE'ko (Suminduta.) To! Bapo ziok. Errezago esan duk egin baiño. Jakin ezak, ordea: Lukuze'ko Baroiaren baimenik gabe ez aiz Yoana'rekin ezkonduko!

BERTRAND: (Etsipenak eraginda.) Esan zaidazu, bada, zer egin bear dutan zure alabarekin ezkon nadin. Edozer ere aginduta, gertu naukazu egiteko.

LUKUZE'ko: (Gozatuta.) Ori, besterik da... Ontara, ba'litekek alkar aditu ahal izatea. Entzun: Ire aitak, itun bat, tratu bat, egiñik zeukak Grazian Gramont deritzan Olhaibi'ko jaunarekin. Itun onen bitartez, erorrek ba-dakiken bezala, gerrate guzitan alkarri laguntzeko agintza egiña zeukatek. Grazian Gramont, Olhaibi'ko ta Ahauze'ko jauna ene etsairik aundiena izan duk gaztetandik. Bere billaukeriak ez ditek izenik. 1425'etik 35'erako bitartean agramontesak eta Lukuzetarrok, Joanes de Foix bitarteko genduela, egin geniken amar urteko pake-aldia ere etziken errespetatu. Noiz-nai, bere gizataldeak nire,jendea iltzen, bazterrak sakailtzen, etxeak sutzen, emakumeak galtzen ziarduten. Pake-ituna amaitu ezkeroz, gure etsaigoa biziago ta gordiñago billakatu duk eta alkarrenganako gorrotoa eta odol-egarria duk gutarteko bizilege bakarra.

BERTRAND: Ulertzen dizut... Baiñan, ene aitak eta nik eztizugu sekula kalterik egin. Eztitugu zure barrutiak ankaperatu ta sakaildu, eztugu zure eremutan burnizko eriotzik egin...

LUKUZE'ko: Egia diñok, baiñan, ala're, burua lengo lepotik zeukat. Zuek, adiskidego tratuaz lotuak zaudete nire etsaiarekin eta nire etsaiaren adiskide dena, ene etsaia duk

BERTRAND: Eta Grazian Gramont'ekin dugun alkar-laguntasun-tratua autsiko ba'genu, aginduko al-zenidake zure alabaren eskua?

LUKUZE'ko: Ori litzake bide bakarra...

BERTRAND: Ori bada zure baldintza, itza demaizut eginen dutala.

LUKUZE'ko: Eginen dukala? Ez aiz i nor erabaki ori artzeko, ire aita baizik.

BERTRAND: Ene aita makurtu-eraziko dut nire naiera. Ta baldin makurtu nai ezpa'du, sorbaldan daramadan arranbelarekin edo gerriko ezpata onetxekin kenduko diot bizia.

LUKUZE'ko: ltzetan bezain odolberoa izango al-aiz egiñetan, Bertrand.

BERTRAND: Gure alkarmaitasunaren oztopo eta eragozpen guziak jo ta birrintzeko erabakia arturik daukat. Yoana da ene biziaren arrazoi bakarra, ene elburu ta amesa... amets lilluragarria, ta iñork oztoporik jarri ba'lezait ene maitasun-bidean, dena dela, nire ezpata bere odolaz gorrituko dut.

LUKUZE'ko: (Gurendaren gozoa ausnartuz.) Jo zak bosteko ori, Bertrand. (Eskuak estutu bitzate alkar.) I bezalako gizon ausartak eta pijoak ba'nizkikek nire gudari-saillean, bein-betiko mendekatuko nindukek Grazian Gramont etsai zital ortaz.

BERTRAND: Enaiz, iñolaz ere, gorespen oien merezigarri, Baroi jauna. Orain, ordea, oker ezpa'deritzazu, iskribauaren aintzinean bear dugu gure tratua legezkotu.

LUKUZE'ko: Txit ongi derizkiot burupide orri... Baiñan, tratu au bilbatzen ari geran ezkero, ertzak ongi lotu bearrak zioztik. Ots, ene alaba emaztetzat nai baldin ba'duk, En Grazian Gramont'ekin urratu ez-ezik, ire aitak eta ik nirekin egin bearko duzute alkarlaguntasunezko gudu-tratu berbera.

BERTRAND: Gero ta geiago eskatzen duzu, Lukuze'ko Baroi jauna.

LUKUZE'ko: (Mutillaren itxumenaz oartuta, segurantzi osoaz.) Euk ikusi, bada. Ori duk nire baldintza alabaren truk.

BERTRAND: Ongi da, Yoana'ren maitetasuna irixtearren, inpernuko zuloan anka ta buruz murgilduko nintzake. Nire bidean eztut zalantzarik edo atzerarik eginen. Zuzenaren odolaz kutsatuko ba'naiz ere, Yoana nirea izanen da.

LUKUZE'ko: Beraz, goazen iskribauarengana.

BERTRAND: Bai, goazen, tintaz egindako tratu onek odola ekarriko ba'du ere. (Bijoaz.)

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962