Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

VII'gn. jardunaldia

 

Leirin'go JAUN KIUNTIA, LUKUZE'KO BAROIA, onen emazte ANDRE GRAZIANA, MAYI ta YOHANA bien alabak eta BERTRAND MONTFERRAND

 

JAUN: Emen da Jaun Baroia. Laguntasun ederrik ba-dakar. Andre Graziana bere emaztea ta nire lengusu jatorra; Mayi ta Yohana beren alaba ederrak eta Bertrand de Montferrand zaldun gaztea, Yohana'z zoro-zoro maitemindurik dagon gaskoin odolberoa. (Denak, sartu bitez.) Agur jaun-andreok, agur denoi. (Alkar agurtu bezate bana-bana eskuak emanaz.)

LUKUZE'KO: «Kondestable» jaunari agur bereizi bat.

JAUN: Milla esker, Baroi jauna.

LUKUZE'KO: Gure phamilian albiste aundiak ditugu, Luis.

GRAZIANA: Aundiak eta berri-berriak.

JAUN: Zer duzute, bada? Jakin al-diteke?

GRAZIANA: Yohana gure aurra Bertrand de Montferrand gaztearekin itz emana dugu.

JAUN: Zorionak, gazteak. (Bostekoak jo bitzaie bi gazteai.)

YOHANA ta BERTRAND: Esker anitz, Jaun Kuntia.

JAUN: Eta zorionak zuei ere, Lukuze'ko Jaun-Andre Baroiak, pentsatzen baitut bi phamilien artean adiskidetasunezko lokarri berriak sortuko direla.

LUKUZE'KO: Alaxe da, izan ere. Odolezko alkartasun onen bitartez, Lukuze'ko etxeari, etsai zuena adiskide biurtzen baitzaio.

JAUN: (Baroiari zirika.) Etzaude zu auzi-konpontzalle txarra.

LUKUZE'KO: Zozoak beleari: ipurbeltz.

GRAZIANA: Oraintxen bota duk egia, senartxo. A ze bi zuek!

LUKUZE'KO: Ain zuzen ere, oraintxen egon gaituzu Bertrand eta biok iskribauarenean ezkontz aurrekoak prestatzen. Eztuk ala, Bertrand ?

BERTRAND: Alaxen da.

JAUN: Prestaera ori ezta ixilpekoa izanen, noski.

BERTRAND: Ez orixe. Lukuze'ko Baroiak Yohana bere alaba ezkonkidetzat ematen dit, baiñan baldintza batekin.

LUKUZE'KO: Olhaibi'ko En Grazian Gramont'ekin Montferrandarrak duten pake eta laguntasun tratua urratu dezatela eta nirekin egin.

JAUN: To! Eztuk kolpe txarra.

BERTRAND: Grazian Gramont jaunak tripak jango ditu jakitean.

LUKUZE'KO: Jan ditzala bapo guk eskuak pozez igurtzitzen ditugun artean.

GRAZIANA: Gizonak munduan agintzen duten artean eztugu pakerik ezagutuko. Emakumeok ez genduke olako buruauste ta katramillik sortuko.

LUKUZE'KO: (Umore-jario.) Ezetz, e, andretxo? Orain ere nork izeki du sua emakume batek izan ezik? Bertrand galai gazteak gure alaba ezagutu izan ezpa'lu, elitzake sekula sortuko zorioneko katramil au.

GRAZIANA: Orra, orra; orain ere emakumeak kulpa. Goazen, goazen etxeruntz, aditzeko guziak ez ditugu aditu-ta.

JAUN: (Yohana'ri ta Bertrand'i.) Zuek, gazte maiteminduok, geldi ziñezkete alkarrekin, esanbearrik asko izanen duzute-ta.

GRAZIANA: Gure kondestable jaunaren eskabidez gurasoen baimena duzute bakarrik gelditzeko.

YOHANA: Esker anitz, amatxo.

BERTRAND: Esker milla, kondestable jauna.

LUKUZE'KO: Mayi, egiozu laguntasuna gure kondestable jaunari, nik, ezin bestean, ene andretxoari egiten diotan artean.

MAYI: Atsegin aundiz, aita. (Urbildu bekio alkarrekin ateratzeko.)

GRAZIANA: (Umoretsu.) Senartxo, asarretuko natzaizu, gero, orrelakoak esaten ba'dizkidazu.

JAUN: Goazen, goazen denok pakean andre ederren eztitasunaz gozatzen. (Bijoaz.)

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962