Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

V'gn. jardunaldia

 

Lengoak, EN GRAZIAN eta SANTXO ARHANTZETA

 

GRAZIAN: (Santxo'ri soilki.) Gure gazteak eztute betarik galtzen.

SANTXO: Bikote jatorra, Grazian.

GRAZIAN: Bai, orixe: ene zahartzaroaren pozgarri izanen al-dira!

SANTXO: Euren biotzak ortarako asmotan dirudite.

GRAZIAN: Ala biz. (Alabari.) Mari-Beltxa, sentitzen dut benetan zuen alkar-izketa gozoa urratu bearra, baiña Santxo Arhantzeta jaunak Tristan'ekin eta nirekin bakarka itz egin nai luke.

MARI: Ulertzen dizut. Ba-noakizute ta mintzatu patxadan. (Bijoa.)

GRAZIAN: Zer berri, Santxo?

SANTXO: Txarrak berri.

BERETERRETXE: Ez al-dira ain txarrak izanen!

SANTXO: Ain txarrak, ain beltzak... Nola aditzen eman ere eztakit.

GRAZIAN: Dena den, mintza zaitez azkar eta garbi, baiñan ez, gaitzazu estuasun ontan eduki.

SANTXO: Orra, ba: Musde Arnauton'ek zure semea il du.

GRAZIAN: Il duela? Madarikatua!

BERETERRETXE: Baiñan, ori ezin liteke. Trukea egiteko bearrekoa du mutilla bizirik idukitzea.

SANTXO: Bearrekoa luke, baiñan, bere asarre-irakiñari ezin eutsirik, bere eskuz il du, nai zituzkean albisteak eman eztizkiolako.

GRAZIAN: Baiñan, noiz eta nola jakin duzu ori?

SANTXO: Gaur goizean jakin dut eta jakin bezain laister zaldia presta-erazi diot ene ezkutariari eta zuregana eldu naiz.

BERETERRETXE: Berriro diñozut ori ezin litekela. Lenago ez al-zenduen zerorrek morroillopean bizirik ikusi?

SANTXO: Bai, neronek ikusi nuen. Begiak zapi batez estalirik eraman ninduten nire etxetik, nora neramaten igarri ez nezaion: baiñan, zegoen tokian zegoela, bizirik eta osasuntsu zegoen.

BERETERRETXE: Eta orain ilda ikusi al-duzu?

SANTXO: Ez, ez dut ikusi, baiñan ikusi duenak esan dit.

GRAZIAN: Eta nork ikusi du?

SANTXO: Arrituko zerate. Bere menpeko arranbelari batek, Petiri Santz Altzai'koak.

GRAZIAN: Eta Petiri Santz'ek nola esan dizaizuke Musde Arnauton'en gudari-taldekoa ba'da?

BERETERRETXE: Ez ote da au Musde Arnauton'en nahaste berri bat diru geiago ateratzeko edo nik al-dakit zertarako?

SANTXO: Ez, ez, ezta orrelakorik, Petiri Santz'ek ezin eraman zuen Musde Arnauton'en zitalkeri ta ankerkeria. Bein, bide.gabe gogor bat egin omen zion. Onela izan omen zen: Bere taldeko arranbelari batek, tabernan jokoan iri zirela sastakaiaz eraso omen zion, Petiri'k tranpa egin zion aitzekian. Petiri Santz'ek, ordea, jokoa garbi garbi irabazi omen zion eta jokoarekin diru mordoska galanta: ingurukoek ala egin omen zuten testigutza. Ondikotz, ardoak berotu xamarrik zeuden bi mutillak eta bereala puñalak atera zituzten. Borrokan, bere burua aldeztu bearrez, Petiri Santz'ek bere laguna zauritu zuen eta ilko zukean, Musde Arnauton une artan sartu izan ezpa'litz ardandegian eta biak bakandu-azi, Musde Arnauton'ek zauritutakoa oso begiko zizun eta Petiri Santz, ostera, berak diñonez, ezin begiz ikusia. Musde Arnauton'ek bere bi menpekoekin justizia onela egin zuen: zauritua libre utzi eta Petiri Santz urtebeteko epean gaztelu bateko kalabozo zahar batean sartu eta bitarte ontan goseak eta ziegaren ezeak ondatzen eduki asegarri bakartzat txerri-jana ematen ziotelarik. Orduan zin egin omen zuen Petiri'k Musde Arnauton'ez mendekatzea. Salakizun au bere aurkako lenengo egitekoa omen du, baiña luzaro gabe bere arranbelarekin gorputza alderik-alde pasako omen dio.

BERETERRETXE: -Guztiori egia baldin ba'da mesede aundia dugu.

GRAZIAN: Ezta dudarik. Gure etsaien artean adiskide bat eukitzeak asko balio digu. Tristan, delako Petiri Santz'en adiskidetasuna billatu bear dugu.

BERETERRETXE: Orretan pentsatzen ari nintzen neroni ere. Nun edo nundik urbilduko natzaio.

SANTXO: Petiri Santz'en esanak egiztatzen dituen beste zertxobait ere ba-da. Alegia, trukea gauez egiteko arrazoirik nagusiena Otsoa bizirik ez eukitzea omen da. Zure semearen ordez, onen antzeko beste mutil bat eraman bear omen dute ta, noski, gauaren illunarekin etziñakete oartuko mutilla zuen artean eta dirua beren eskuetan euki arte. Gau illunaren babesean, berriz, berealaxe sakabanatu ta aienatuko lirake.

BERETERRETXE: Ezta gaizki pentsatua, baiña ortarako Arnaut Arrokiaga'k joko ortara etorri bearko luke.

SANTXO: Arnaut Arrokiaga preso artzeko asmotan dira ta onen papera beretako gizonen batek eginen luke. Gauaren illuna guztiontarako lagungarri zaie.

GRAZIAN: Entzun ondo, En Santxo. Zuk diñozuna egia baldin ba'da, Musde Anauton'ek nire semea il baldin ba'du, zin dagizut ene etxean arrotz daukaten zaldun gaztea neronek ilko dutela.

SANTXO: Ori ezin dezakezu egin, En Grazian. Etzaizu zillegi!

GRAZIAN: Etzait zillegi, Baiñan eginen dut, bai, alajainkoa!

SANTXO: Zure arrotza da, zure etxe babesean daukazu!

GRAZIAN: Eta Otsoa nire semea da, nire zaiñetako odola!

BERETERRETXE: Baiñan Bertrand de Montferrand ezta zure semearen iltzallea.

GRAZIAN: Bai, ordea, iltzallearen adiskide.

BERETERRETXE: Barkatu, En Grazian Gramont, baiñan ezta gauza berdiña. Gaiñera, En Santxo Arhantzeta'k esan dizunez, En Bertrand zure tellapeko dugu eta Euskalerria'n eta zaldun artean batez ere gauza sakratua da etxe-babesa.

GRAZIAN: Arroztasun usarioak eta tellape-babesak amaitu dira niretzat. Gure etsaiak errespeturik eta kristau-legerik ezagutzen ezpa'dute guretzat, guk ere eztugu ezagutuko berentzat. Begia begi truk, ortza ortzaren truk!

SANTXO: Jaungoikoa'k ere neurri berberarekin neurtuko zaitu, En Grazian.

GRAZIAN: Inphernuan ondatu nazala! Baiñan enaiz geldituko mendekuaren gozoa xurgatu gabe! (Bereterretxe'ri.) Bereterretxe! Ekar zazu En Bertran de Montferrand zalduna onera. Gertatzen dena esango diot eta nire semearen berri ziur jakin arte gazteluan preso geldituko da. Lukuzetarren adiskidetasuna maiteago zuen gurea baiño. Bejondeiola! Ondotxo damutuko zaio aurki, eta erregu egin dezaiola Jaungoikoa'ri Otsoa bizirik egon dadin...

SANTXO: En Grazian: ni enaiz onera etorri gerra jartzera, pakearen alde baizik.

GRAZIAN: zaude ixilik zure pakearekin, gaiñerakoan Bertrand'ekin batean ilko baitzaitut!

SANTXO: Ori al-da zure esker ona?

GRAZIAN: (Damuturik.) Barkatu, En Santxo, baiñan zuk eztakizu seme bakarra galtzearen oiñazea zernolakoa den. (Bereterretxe'ri.) Tristan, ua eta ekartzak arrotza.

BERETERRETXE: Bereala, jauna. (Joateko mugimendua egin beza.)

SANTXO: Zaude pixkabat, Bereterretxe, nik ere joan bear baitut Grazian jaunaren baimenarekin.

GRAZIAN: Ba'zoazke nai dezazunean, Santxo Arbantzeta jauna, eta esker anitz zure zintzotasunagatik. Ala're, gelditu nai ba'duzu. Bertrand'ekin izanen dutan solasaren testigu izan ziñezke.

SANTXO: Ez, nik eztut gizon orrekin zer ikusirik eta egitekorik ere ez, beraz. Berarekin gizonki ta kristauki portatu zaitezela da ene eskabide bakarra.

GRAZIAN: Esaten errazago da egiten baiño... Nire aldetik besterik dizut esanbearra, alegia, gaur arratsean ene maikide ta tellapeko izaten ohore aundia izanen dutala.

SANTXO: Zure etxe-eskeintza pozik onartzen dut, bada, onezkero berandu baita gurera abiatzeko.

GRAZTAN: Geroarte, bada.

SANTXO: Bai, geroarte. (Bijoaz Santxo Arhantzeta ta B'ereterretxe.)

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962