Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

V'gn. jardunaldia

 

GRAZIAN GRAMONT, GARTXOT BUSTANOBI, MARGARITA, CATHERINE eta MARI BELTXA

 

GARTXOT: Gogor jardun zerate, ohartu ahal izan geranez.

GRAZIAN: Aditu al-duzute gure auzia?

CATHERINE: Leiotik xeletan egon gera, baiñan eztugu ezertxore aditu.

MARGARITA: Nunbait, «gure» kondestable jauna presaka estuan zebillen. Etxea zabal-zabalik eskeiñi eta sartzen ukatu. Nor uste du dela orrek, amalau?

MARI: Izan ere, Jaun Kuntiak egin digun destaiña! Uste aundikoa, alakoa!

CATHERINE: Bera zerbait baldin ba'da, gu ere ba-gera, gero!

GARTXOT: Ta presaka zebillela esan. Larrua bear gizonak! Presa eztakit baiña, beste zerbait ba-zuen orrek. destaiña, errezelua edo alakotsu.

GRAZIAN: Bietatik zerbait. Leirin'go Jaun Kuntia zakur zaharra da eta eztu lur txirristakorrean urratsik egin gura.

GARTXOT: Eta zer nai zizun?

GRAZIAN: Bere lengusuaren partez etorri zait.

CATHERINE: Lukuze'ko Baroiaren partez?

GRAZIAN: Bai, aren partez Bertrand de Montferrand'en libertatea eskatzera.

GARTXOT: To! Ez al-zuen Lukuze'ko Baroiak ene jauregira etortzeko kemenik?

GRAZIAN: Errezago ta seguruago baita Maule'ko gobernadoreaz baliatzea. Arek, bere indar soillaz eginen bailidake zemai, eta Lukuze'ko Baroia'ren zemaiak bildur gutxi eragiten didate niri. Maule'ko gazteluko kapitan jaunalÐ, ostera, legearen indarrarekin meatxu egin dit.

MARI: Eta amor eman al-duzu, aita?

GRAZIAN: Erdizka bakarrik.

CATHERINE: Osorik eman bear zenduke, bada, Grazian. Ba-dakizu auzi orretan arrazoirik eztaukaguna eta kondestable jaunak, Inglaterra'ko Errege'ren ordezkari den aldetik Zuberoa'ko konde-errian, gaitz aundia egin lizaiguke.

GRAZIAN: Enaiz jaun kuntiaren beldur eta enaiz izanen. Nik neuk ere naiago dut pakean bizi, baiñan, guda nai ba'du, guda izanen du!

CATHERINE: Grazian: kondestableak legearen izenean guda eginen digu eta gaiñera, Lukuzetarrak alkartuko zaizkio laguntzalle. Desegingo ta txikituko gaituzte jaun kuntiaren gudariak.

GRAZIAN: Ez ain errez. Guk ere izanen ditugu laguntzalleak eta ondotxo gogoratuko zaio kondestable billau orri Grazian Gramont Olhaibitarra nor den.

GARTXOT: Grazian, argi ibilli azeri orrekin. Nik neronek ere auzi onetan burua makurtuko nuke.

MARI: Bai, aita. Askatu zazu Bertrand; dijoala pakean.

GRAZIAN: Auzi onetan Bereterretxe'k dauka itza. Jaun Kuntiari argi ta garbi esan diot auzi au luzaro gabe erabakiko dutala. Erantzupenarekin biar joaten ba'natzaio, Bertrand libre utziko dutala, baiñan, etzi joaten ba'natzaio, Otsoa'ren eriotzari erantzun bearko diola. (Bat-batean adar-ots legor bat entzun bedi urrutian.)

GARTXOT: Grazian Gramont, adar-ots ori Bereterretxe-rena duk. Emen dituk beraz.

GRAZIAN: Adar-ots tristea! Berri txarrak ditugu.

MARI: (Urrutira begira.) An urrutian gizatalde bat ageri da. Euren artean ezta poz-algararik, oiurik eta irrintzirik. Danok burumakurrik datoz.

GRATXOT: Eizeak itzul egin die, nunbait.

GRAZIAN: Urde madarikatua! Itzul egin duk orain ere, itzul? Beste batek ordainduko dik biziarekin ire partez!

MARI: (Zorrotz begira) Begira nun datorren Tristan, danen aintzinetik. Gizajoa!... Ba-noa, ba-noa bere billa. Jaungoikoa'ri eskerrak bizirik dator eta ori da premiazkoena, Nik kontsolatuko dut bere pena aundian, (Bijoa Bereterretxe'ri arrera egitera.)

CATHERINE: (Gizataldeari zorrotz begiratuz.) Oker ezpa'naiz, Grazian, norbait dakarte katepeturik...

GRAZIAN: (Arrituta.) Arrazoi duzu, emazte... (Atsaldi bat egiñaz.) Baiñan, zer dakuste ene begiak? Musde Arnauton berbera katepeturik dakarte! Jaungoikoa'ren justizia dollor orren gaiñean erori da noizpait. Tristan ene seme laztana! Baiñan, nola eztuzute egiten oju, irrintzi ta kantu? Nola daude tristerik zuen biotzak pozez lertu bear luketenean? Noizko uzten dituzute euskaldun menditarren irrintzi alaiak? (Sututa.) Burutik egin al-zaizute itxura triste ortan etortzeko? Ala, aiton zahar onek alaitu bear ote ditu zuen bekosko illunak? (Ojuka.) Ba-natxiak, Tristan, ba-natxiak eta bejondaikela ire egiteko bikaiñagatik!... (Bijoa.)

CATHERINE: Beste norbait ere ba-dakarte zauriturik edo illotzik makillezko kamaiña batean etzanda.

GARTXOT: Egia da. Zoritxarrez, illotzik dakarte, arpegia txamar batekin estali baitiote... (Bat-batean.) Alajainkoa! Egingo nuke illotza Santxo Arhantzeta dela.

CATHERINE: Jaungoiko maitea! Bera Ote da?

GARTXOT: Ziur egon baietz, apaizak eriotz-epaia bota baitzion.

CATHERINE: Orain ulertzen dut garaitaren trixtura ta ixiltasuna.

GARTXOT: (Abotsa goruntz jasoaz.) Euskalerria'ren seme zintzo ta leiala, zer pekatu egin duk eriotz merezigarri izateko?

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962