Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

VI'gn. jardunaldia

 

JAUN KUNTIA, bakarrik (komentaritan)

 

JAUN: (Elizako erlojuari begira.) Amaikak jotzer daude ba oraintxen elizaren kanpatorreko erlojuan eta Lukuze'ko Baroiak bart esan zidanez amaikak jo gabe plaza nagusi ontara elduko omen zen. Beraz, okerrik ezpa'dauka, bizpairu minutu barru omen dugu. (Atsaldi bat egiñaz.) Inglaterra'ko Errege dollorrak egin dit niri joko makurra! Amaika urte auetan Glocester'ko dukearen ordezkari bezala, ni naiz Maule'ko gazteluko agintari ta jaun bakarra. Johan de Foix gaskoin madarikatu ori, ordea, ezta gelditu bere azpi-lanean; bere suge narraztarien bitartez, makurkeriz, lausenguz, losintxaz eta meatxuz iritxi du azkenean Henri VI'garrenak Maule'ko gazteluaren zaindaritza berari eskuratzea. Alabaiña, Maule'ko gazteluaren giltza eztu nai bezain erraz lortuko. Lukuze'ko Baroiak bere laguntasuna agindu zidan bart eta arestian Musde Arnauton'ek agindu dit. Bi gizon auek nire alde eukirik eztut ezeren bildur izan bear, Zuberoa'ko eta Naparroa Behereko Lukuzetar eta Beaumontes guziak nirekin izanen baiditut. Datorrela, beraz. Candale'ko konde dollorkumea, bere arranbelari, lantzalari eta laguntzalle izanen ditun agramontes ziraunkumeakin. Maule'ko gaztelurik eztute artuko ta artu ba'lezate, eztute idoroko arririk arri gaiñean. Gaztelu izandakoaren ondakiñak eta beaumontes zangarren illotzak izanen dira beren guda-sari bakarra.

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962