Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

III'gn. jardunaldia

 

Lengoak, GRAZIAN GRAMONT eta CATHERINE ONEN EMAZTEA

 

GRAZIAN: Berriketan, gazteak?

MARI: Bai, aita, kontu batzuek esanaz... (Gurasoai.) Ezagutzen duzute, noski, Tristan arranbelaria, Larraun'go Berteretxe'koa.

CATHERINE: Oker ezpa'naiz, Bustanobi'ko zaharrak ospatu zituzten urre-ezteietan ikusi zindutan.

BERETERRETXE: Bai, andrea, an nintzen; gu ere, zuek bezalatsu Bustanobi'koen aide baigera. Mari Santz ene ama, Bustanobi'ko Gartxot'en arreba da.

GRAZIAN: Ni baiño aide urbillagoa aiz, izan ere. Ni Gartxot'en lengusu jatorra nauk.

MARI: (Gurasuai.) Orain, Bordele'ra dijoa, etxean egonaldi bat egin ondoren, iri aundi artan baitago arranbelari.

GRAZIAN: Norekin ago?

BERETERRETXE: Roger Longueville jaun leñargiarekin.

GRAZIAN: Ba-dut aren aitzea... ta gustora al-ago Roger zaldunarekin?

BERETERRETXE: Eztaukat kejarik... Arranbelari ta gudari on bat izatea berari zor diot... Baiñan Bordele urrutiko da guretzat, euskaldunentzat, alegia.

MARI: Bai, aita; oraintxen ere pena ederrarekin zijoan Bordele'ra guraso zaharrak etxean utzita.

GRAZIAN: Naiko al-ukek nire serbitzura etorri?

BERETERRETXE: Ahal ba'ledi... bai pozik.

GRAZIAN: Mire etxeko ateak zabalik dituk, bada. Nai dukenean etorri.

BERETERRETXE: Milla esker, En Grazian Gramont... Oraindik, ordea, iru illabeteko alkar-tratua daukat En Roger Longueville zaldunarekin; beraz, denbora orren buruan bearko nuke etorri.

GRAZIAN: Ik nai dukanean nire gazteluko ateak zabalik izanen dituk.

BERETERRETXE: Orduan, etorriko naiz; zin dagizut.

CATHERINE: Ongi etorri gurera.

MARI: Eta lenbailen etorri.

GRAZIAN: Ots, enetxuok; begira nor datozen! Otsoa gurea eta Santxo Arhantzeta zaldun jauna. (Emazteari.) Berarekin egon bearra daukat bakarka. Zer nai ote digu jaun pakezale onek?

CATHERINE: Gu pasiatzen ibiliko gaituzu bada, jaun orrekikoak antolatzen dituzun artean.

BERETERRETXE: Agur, ba, En Gramont jauna eta milla esker berriz ere zure eskeintzagatik.

GRAZIAN: Agur eta osasunarekin etorri. (Bijoaz Bereterretxe, Mari Beltxa eta Catherine.)

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962