Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

IV'gn, jardunaldia

 

OTSOA, SANTXO ARHANTZETA eta GRAZIAN GRAMONT

 

(Irurak ezpatadunak bitez.)

 

SANTXO: Jaungoikoa'k osasunez gorde zaitzala. Grazian Gramont jauna. (Bostekoa jo bezaio.)

GRAZIAN: Bai zeu ere, En Santxo Arhantzeta'ko.

OTSOA: (Aitari.) Kaledan oztopo egin dut Santxo Arhantzeta jaunarekin eta zurekin itz egin nai lukela esan dit.

GRAZIAN: ltzaren jabe zera Arhantzeta jauna. Mintza zakit, otoi.

SANTXO: Ba-dakizu, pakearen aldeko nauzuna ta ortikan igarriko diozu zertara natorkizun.

GRAZIAN: Bai, egiazki, borondate oneko gizona zaitugu gaurko Euskalerri nahaspillatu ontan. Zure biotz ontasuna eta zuzen-egarria danok aitortzen dugu, baiñan bildur naiz, zure itza, lur elkorrean jausten den azia ez ote den.

SANTXO: Lur elkorra, lur iori billakatu diteke borondate on pixka batekin.

GRAZIAN: Bai, baiñan Agramontesen eta Lukuzetarren artean borondate onak jai du.

SANTXO: Nai duzutelako, zuen arrokeriari amor eman nai eztiozutelako.

OTSOA: Gure artean odolezko ibai bat dagolako.

SANTXO: Ezpa'lego, elitzake anai arteko odol sakratu ori txukatu bearrik. Ain zuzen ere, odola ixuritzen delako nabilkizute pakea eginzale.

GRAZIAN: Bejondeizula, baiñan alperrikako lanean ari zera. Ibaiak iturri batean izaten dute jatorria eta gutarteko odol-ibaiaren iturria gorrotoa da. Beraz, odol-jarioari buru emateko, aurrena gorrotoa itzali bear da ta gure biotzak gorrotoz gal-gal daude.

SANTXO: Etzaizute, ordea, zillegi gorrotoa kristauak ba'zerate.

GRAZIAN: Makiñabat gauza eztira zillegi kristatasunean eta ala ere egiten dira, jentillen artean bezala edo areago.

SANTXO: Ori da kristautasunaren lotsagarri ta galera.

OTSOA: Nor dabil, ibilli ere, Lukuzetarren taldean eskandalurik aundienak jartzen eta eriotzik beltzenak egiten? Musde Arnauton, Barkoxe'ko jaun apeza.

SANTXO: Dollorrak ! Zer ikusirik dauka Kristo'k eta bere dotriñak Judas'ekin eta bere salkeriarekin? Orrela zuritu nai dituzute zuen buruak?

GRAZIAN: (Zorrotz.) Ez gabiltza gure buruak zuritu naiean, Santxo. Gorrotoa gure biotzen jabe egin da eta naiago dugu gorrotoarekin inphernuan murgildu, Lukuzetarrakin pakean bizi baiño.

SANTXO: Zuen guraria iritxiko duzute, bada. Gorrotoz mozkorturik zaudete eta eztiozute Jaungoikoa'ren deiari jaramonik egin gura. Gogoan artu, ordea, geroko damuak eztuela balio.

OTSOA: En Santxo Arhantzeta'ko, entzun ondo agramontesen izenean diñozutan au: Lukuze'ko Baroia, Leirin'go Jaun Kuntia eta gaiñerako Lukuzetar buruzagiak zeu bezalakoak ba'lira, gaur bertan, une onetantxe egingo genituzke onezkoak eta anaikiro besarkatuko giñake; baiñan, urde-billau oiekin eztago pakerik euren zaiñetako odola agortu dadin arte.

SANTXO: Ez duzute nai pakerik, beraz?

GRAZIAN: Mintza bitez gure illak eta esan bezate oiekiko pakea onartzen duten. Mintza bitez Gixarnaut Intzagorospe, Yohan Barrena, Yohanot Arrozpide, Yohan Ligi, Pees Torne, Etxegoren, Arhauzpe'ko Petri ta abar... Ez giñake gure ildakoen anai leialak beren odola mendekatzeke utziko ba'genu.

SANTXO: Ez dizutet eskatzen, ordea, erabateko pakea egin dezazuten, bai-baitakit ori zuentzat geiegi eskatzea dela. Pake-aldi bat eskatzen dizutet soilki, amar urteko pakealdi bat, 1425'ean egin zenaren antzekoa, odol jario au urritu dadin...

GRAZIAN: 1425'eko sasi-pakea? Eztugu berriro orrelako okerrik eginen. Johan de Foix zaldun leñargiaren kerizpean lukuzetarrak eta agramontarrok itundu giñan alkarri ez erasotzeko eta bizpairu illabete baiño len bi agramontes jausi ziren traiziñoz ilda Lukuzetarren gezipean. Orrelakoak erruzka gertatu ziren amar urte madarikatu oietan eta geienean iltzalleak kastigu gabe libratu ziren. Justiziaren mendean erori zirenak, berriz, testigutzarik etzelako edo Lukuzetar aundizkien bitartekotasuna zutelako, bizpairu urte barru denak kalean ziren.

SANTXO: Zuek ere eskuak odoldu zenituzten amar urteko pakealdian.

OTSOA: Bildotsak bezala odolustu gindezaten egon bear al-genduen?

GRAZIAN: Otsoari ortzak erakutsi bear zaizkio, gaiñerakoan aren agiñen janari billakatzen gera.

SANTX0: Bi taldeok bildots biurtzen ba'zerate, eztago otsoaren agin bildurrik.

GRAZIAN: Zuk, ordea, otsoak ardi larruz jantzi nai dituzu. Baiñan, jantzi paketsua eramanarren, otsoak otso dirau ta maltzurkerizko adimena zorrozten du.

SANTXO: Ba-dakust gaurkoz alperrik ari naizena; alabaiña, eztut amor ematen nire asmoan. Goazemazute aintzineko ardandegi ortara katillu bana ardo edatera eta beste egun batean mintzatuko gera lasaiago. (Bijoaz.)

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962