Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

IX'gn. jardunaldia

 

CATHERINE, MARI BELTXA, SANTXO ARHANTZETA eta lengoak.

 

GRAZIAN: Nola dago Montferrand'go zalduna?

CATHERINE: Obeki dijoa. Zauria sendatu diogu ta odol-jarioa gelditu. Orain lo gozo batean gelditu da.

SANTXO: Onik aterako al-da!

MARI: Aterako da, ezpaitu zauri sakona.

BERETERRETXE: Gure il ala bizi artan eriotzez ez jotzeko alegiñak egin nituen, ezpai'nuen uste etxean atotsitako zalduna iltzeko eskubidean nintzanik.

SANTXO: Iñoiz eztauka gizonak lagun-urkoa iltzeko eskubiderik. Jaungoikoa da soilki biziaren jabe bakarra. Bera da bizi-emallea ta berari bakarrik dagokio kentzea.

CATHERINE: (Senarrari.) Santxo Arhantzeta jaunak arrazoi daukala derizkiot. Grazian, zaldun gazte oni barkatu egin bear zenioke.

SANTXO: Nik ere eskabide berbera egiten dizut.

MARI: Nik ere libre utziko nuke, aita.

GRAZIAN: Zer da au? Danok nire kontra al-zerate?

SANTXO: Zure kontra ez, Grazian, Bertrand'en eskubidearen alde baizik...

GRAZIAN: (Ebakiz.) Zer eskubide euki lezake aita-iltzalle batek?

CATHERINE: Nor da aita-iltzalle?

GRAZIAN: Zuei ain begiko egin zaizuten ziraunkume ori.

SANTXO: Nola dakizu ori?

GRAZIAN: Ja, ja, ja! Nola dakiten? Berak il-zorian aitortuta. Ezpata-joku bitartean emen izan ba'ziñate, zerok aditu ahal izanen zenioten Bereterretxe'k eta nik bezain ongi.

SANTXO: (Bereterretxe'ri) Egia al-da ori?

BERETERRETXE: Egi-egia.

MARI eta CATHERINE: Ene! (Catherine'k bakarrik.) Jaungoikoa'k gorde gaitzala! (Mari Beltxa'k.) Aditzeko guziak eztitugu aditu!

GRAZIAN: (Garaikor.) Orain zer diñozu, Santxo Arhantzeta jauna?

SANTXO: Oroi zaitez zure etxearen babesa eskeiñi diozula eta zuk zure zaldun itza janaz preso artu duzu.

GRAZIAN: Baiñan ez al-duzu aditu aita-iltzalle makur bat dela?

SANTXO: Ori ezta zuri dagokizun auzia. Arlo ori justiziaren barrutikoa da: arek epaitu beza.

GRAZIAN: Jaun-goikoarren, zaude ixilik, Arhantzeta, askotan pentsatzen baitut saltzalle dollor bat ez ote zeran !

SANTXO: Egia esaten duena ezta saltzalle. Egiak askotan erre egiten gaitu, baiñan alaz ere maiteago bekigu egi erregarria, gezur gozagarria baiño.

GRAZIAN: Errazago da esaten, egiten baiño. Zuek guztiok oso barkaberak zerate, baiñan nola erakutsi bear dizkiet ortzak Lukuzetarrai ene semearen eriotza mendekatzen ezpa'dut ?

BERETERRETXE: Nik emanen dizut zure semeaz mendekatzeko aukera. Zure semearen iltzallea eskuratuko dizut nik egun asko baiño len.

GRAZIAN: Aditzen duzute jaun-andreok Bereterretxe'k diñotana? Orra ba, entzun ondo danok: Bereterretxe'k bere itza betetzen ba'du, Bertrand de Montferrand zalduna libre utziko dut. Areago nire itza betetzen ezpa'dut, madarikatua ta loitua izan bedi ene izena eternitateko. Zer diñozu orain Santxo Arhantzeta?

SANTXO: Zure azal gogor orren azpian biotz biguin eta barkabera bat ba-dela.

GRAZIAN: Eta zuek, emazte ta alaba?

CATHERINE: Zu bezalako senartxorik eztala beste bat munduan.

MARI: Eta zu bezalako aitatxorik are gutxiago.

GRAZIAN: Eta ik zer diñok, Bereterretxe, ene seme laztan orrek?

BERETERRETXE: Auzi onetan bide zuzena aukeratu duzula eta munduan gizon zuzen eta onik baldin ba'da, Santxo Arhantzeta jauna dela.

MARI: Egia ori, Tristan. (Atsaldi bat artuaz oiu egin beza.) Gora En Santxo Arhantzeta zaldun pakezalea!

DANOK: Gora!

SANTXO: (Apal eta lotsati.) Jaun-andreak, lotsa-arazten nauzute, ezpainaiz iñolaz ere laudorio oien merezigarri.

GRAZIAN: Bai, Santxo, gorespen oiek eta geiago merezi dituzu zure lan ederragatik eta gaiñera barkapena eskatu nai dizut nire itz iraingarriagatik.

SANTXO: Zure iraiñak sutu-aldi baten semeak izan dira soilki. Beraz, barkatua dago, biotz-biotzez barkatua.

GRAZIAN: Orain, jaun-andreak, Santxo Arhantzeta jaunarekin onezkoak egin ditugularik, gertakizun aundi bat azaldu bear dizutet danoi: Tristan Bereterretxe'k gure alaba Mari-Beltxa eskatu ditala emaztetzat eta nik poz-pozik ematen diotala, ene andretxoak ortarako baimenik ematen ba'dit beintzat.

CATHERINE: (Pharrez.) Senar duenak jaun du. Zertarako, beraz, ene baimena?

GRAZIAN: (Mari Beltxa'ri ta Tristan'i begiak zorroztuz.) Gazteak, alkar laztandu ezazute maiteki (Berak alkartu ta laztan-erazi bitza bi gazte lotsatiak.) eta ospatu dezagun gertakizun zoragarri au edaririk onenakin eta janaririk bikaiñenakin. (Emazteari.) Etxe-koandre, atera gure ardorik zaharrenak eta edaririk goxuenak eta poztu gaitezen, eztai-eguna urbil baitago.

SANTXO: (Laztandurik dauden gazteak siñalatuz.) Jaungoikoa'k nai dezala, orain gazte auek bezala, gartsuki ta maiteki, Euskalerri gaixo ontako bi etsaitaldeak tinka-tinka laztantzea. Orduan, euskaldun-biotzak poztu bitez, zitalkeriak eta makurkeriak menderatutako Euskalerria garaikor zutituko baita. Gutarteko norkeri ta ezin ikusiak baztertzen ditugunean eta Euskalduntasuna bakarrik ederresten eta maitatzen ikasi dezagunean izanen baitu Euskalerria'k bere EZTEI-EGUNA.

 

OIALA

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962