Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

II'gn. jardunaldia

 

PETIRI SANTZ eta BERETERRETXE

 

BERETERRETXE: Agur, Petiri Santz. Zer berri?

PETIRI: (eskua emanaz.) Agur, Bereterretxe. Albiste onakin natorkizu. Musde Arnauton atxeman nai baldin ba'dugu, eztugu une bat galtzeko.

BERETERRETXE: Nun da ba gure gizona?

PETIRI: Emendik urre-urrean, ordu laurdeneko biderik ez... Amar gizon armatu ditu ondotik eta katigu bat.

BERETERRETXE: Nor arrapatu dute?

PETIRI: En Santxo Arhantzeta, Bustanobi'ra zetorrelarik.

BERETERRETXE: Madarikatua! Eta ilko du erraigabe orrek...

PETIRI: Ori seguru; ezpaitio barkatzen Otsoa'ren eriotza Grazian jaunari salatua. Alabaiña, erail aurretik, Otsoa'ren ilberria nork eman zion aterazi naiko dio, tormentua emanaz eta bizia aginduz itz egitekotan.

BERETERRETXE: Bai ta zure izena atera ta gero zakur bat bezala ilko du.

PETIRI: Etzazula dudarik egin. Orain, ordea, lenbailen joan bear dugu En Santxo biziarekin ateratzeko eta txoriak iges egin ez dezan. Zenbat gizon dituzu?

BERETERRETXE: Amabost inguru nireakin eta Gartxot ene osabarenakin. Ba-nua ots egitera. (Bijoa etxera ta oju egin beza.) Petri Suhara!

PETRI: (Barrendik.) Ene jauna!

BERETERRETXE: (Barrenean.) Armak artzeko moduan zaudeten guztiok prestatu egiñalean, presaka estuan atera bear baitugu. (Artu bitzate arranbelak, geziak, jabalinak, lantzak eta gabiak, ezpata ta sastakaiaz gaiñera. Emen, aldi artako iskillu batzuen izenak aipatu ditut, antzezlari talde bakoitzak ahal ditzanak eskuratu ditzan.)

PETRI: Berealaxe, ene jauna. (Barrenean agindu itzak, otsak eta zaratak entzun bitez prestatu ditezen artean.)

BERETERRETXE: (Agertokiratuaz.) Oraintxen datoz. Eta zu, Musde Arnauton'ekin al-zentozen taldean?

PETIRI: Bai, berarekin nentorren eta basoan, iñork igarri gabe itzul egin ahal izan dut.

BERETERRETXE: Ez al-du zutaz susmo txarrik?

PETIRI: Oraintsu artean etzuen, baiñan, ni phalta naizela oartzean, onenian igarriko dio ni naizela salataria, ots, Santxo Arhantzeta'ri eman niona Otsoa'ren ilberria. Gaiñera, tormentu bidez Santxo Arhantzeta'ri ateratzen baldin ba'dio nire izena, ez da geldituko ni erail artean.

BERETERRETXE: Ba'ote daki ni emen naizena?

PETIRI: Ez, eztaki ezertxore Jaungoikoa'ri eskerrak.

BERETERRETXE: Eta nola arrapatu dute Santxo Arhantzeta?

PETIRI: Aspaldi zebilkion atzetik eta zelatari baten bitartez jakin zuen Santxo Bustanobi'ra etortzekoa zela gaurko egunez. Musde Arnauton'ek aurrea artu dio eta Oihanbeltz'eko parean bide inguru guzian zabaldu gera bere zai. Bi ordu barru, Santxo Arhantzeta gizajoa Musde Arnauton'en sarean eroria zegoen. (Gudari urrats-otsa entzun bedi.)

BERETERRETXE: Emen da Petri Suhara bere mutillekin. (Atera bitez amabost guda-mutil inguru, eskudoaz gaiñera lenago aipatutako iskilluaz armaturik.) Gure lana burutzeko aski gerala derizkiot. (Guda-mutillak atera bitez eta Petri Suhara'ri mintza bekio.) Gertu al-gera?

PETRI: Bai, jauna.

BERETERRETXE: Otoi. nire eskudua, arranbela, geziak eta gaiñerakoak ekarzkidazute.

PETRI: Allande'k ekarri ditu. (Allande gudariari ots egiñaz.) Allande, kapitanaren iskilluak ekarri. (Ekarri bitza eta jantzi.)

BERETERRETXE: (Iskilluak jarritakoan.) Aurrera mutillak, Musde Arnauton'en billa! Illa edo bizia Bustanobi'ra ekarri bear dugu.

GUDARIAK: Il edo bizi, aurrera!

BERETERRETXE: (Petiri Santz Altzaikoari.) Petiri Altzaiko, goazen biok aurretik eta gogoan euki zure partetik traiziñorik somatzen baldin ba'dut, nire lenengo gezia zure biotzean sistatuko dela.

PETIRI: Enaiz zure geziaren beldur, Bereterretxe kapitana, Musde Arnauton'en justiziaren beldur baizik. Ura bizirik gelditzea ene eriotza litzake eta zakurrak eriotza gozoagoa izan oi dute Musde Arnauton'i traiziñoa egiten dienak baiño, (Ateratzera dijoazen unean, Grazian Gramont, Mari Beltxa eta Gartxot Bustanobi jatxi bitez agurtzera.)

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962