Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

VIII'gn. jardunaldia

 

GRAZIAN GRAMONT eta BERETERRETXE

 

GRAZIAN: Nola ziok mutilla?

BERETERRETXE: Eztu ematen zauri sakona denik. Alegiñak egin ditut il-zauririk ez egiten eta nik uste ontatik aterako dela.

GRAZIAN: Nun dik zauria?

BERETERRETXE: Ezkerreko saietsean. Odol-jario aundi-xamarra izan du baiñan, ene ustez, aurki geldi-eraziko diote. Zure andrea ta alaba ari dira sendaketan.

GRAZIAN: Bapo ziok! Ni ziraunkume orri bizia kendu naian eta eulaztea ta alaba il ez dadin sendatzen ari.

BERETERRETXE: Eztut uste, ordea, En Bertrand zure kontrako gaiztoz aritu denik. Aditu diozunez, amodio itxu batek eragin dio ortara.

GRAZIAN: Baiñan, berari adituta zekiagu ere aita-iltzalle dela ta zalantzik eztuk ogen orregatik ilgarri dela. Izan ere, aita-iltzalle den semea pizti nardagarri ta iguingarri bat besterik eztuk.

BERETERRETXE: Ori ala da. Alderdi ortatik eztu bizirik merezi.

GRAZIAN: Alabaiña, alderdi orrek, amorrua baiño errukia eragiten zidak geiago. Lukuze'ko Baroi makurra izan duk orain ere azpisuge aritu dena. Bertrand'en bere alabaganako itxumena noraiñokoa zen igarri zioken orduko, etziken dudarik egin sasikume orrek bere alabaren truk enekin urratu-aztea eta Montferrand zaharra joku ortara makurtu etzenean, semeak etziken beste alderdirik izan aitari bizia kendu baiño.

BERETERRETXE: Eriotza urbil ikusi duelako aitortu du bere pekatu izugarria, gaiñerakoan elitzake sekula jakingo bere dollorkeriaren berri.

GRAZIAN: Jaungoikoa'k bere esku ahaltsuaren bitartez modurik arrigarrienaz azaleratzen dizkik ilketarik ezkutuenak. Ez likek pentsatuko Bertrand'ek bere aboz aitortu ta jakin-erazi bear zuenik eriotza iguingarri au. Orrelakoak izaten dituk Jaungoikoa'ren bide ezkutuak. Bertrand gaztea nire eskuetan jarri dik bere pekatu ikaragarria oso-osorik xurga dezan eta En Grazian Gramont'ek eztik dudarik izanen Jaungoikoa'ren gogoko justizia egiten.

BERETERRETXE: Bertrand de Montferrand bere aitaren eriotzagatik ilgarri dela ezin uka diteke.

GRAZIAN: Baiñan, eriotza orregatik ezpalitz ere, ilgarri ukek. Ene semeak Musde Arnauton'en atzaparretan erori delako il bearra ba'ziken. Bertrand'ek ere il bear dik ene atzaparretan erori delako. Eriotzari eriotzez erantzuten ezpa'ziokagu ater-gabeko gudu onetan, gu, gure senide, emazte, guraso ta aurrak Lukuzetarren oinpean deuseztuko gaituk.

BERETERRETXE: Ortan ere arrazoi duzu, En Grazian jauna, eta lendanik ba-dakizu, otso madarikatu oien aurka borrokatzeko zure agindupean naukazula.

GRAZIAN: Ortaz itz egin nai nikan, Tristan. Lukuzetarren aurka erabateko borrokari ekin bear zioagu.

BERETERRETXE: Lenbailen, gaiñera.

GRAZIAN: Aurren-aurrena nire seme-iltzallea bizirik edo illotzik ekarri bear didah. Bizirik obe, orrela neronek kenduko baizioat bizia ene eskuz.

BERETERRETXE: Ezta gauza erreza erbiñude ori nondik-nora dabillen jakiten, baiñan alegiñak eginen ditugu.

GRAZIAN: Ba-dakik, aren urratsai jarraitzeko zelatari jatorrak ba-ditugula. Omizepe'ko Gartxot'ekin egotea komeni litzaikek.

BERETERRETXE: Egonen naiz berarekin. baiñan, ba-dut beste asmo bat ene ustez obea.

GRAZIAN: Bai zera!

BERETERRETXE: Ez al-diozu entzun arestian Santxo Arbantzeta'ri, apaiz-gudariak ba-duela bere taldean arranbelari bat, bere nagusiaz mendekatzea zin egiña daukana?

GRAZIAN: Arrazoi duk, Tristan. Oker ezpa'natxegok, Petiri Santz duela izena esan dik. Ezagutzen al-duk?

BERETERRETXE: Ez, nik eztut ezagutzen, baiñan berarekin artuemanean jartzeko bidea arkituko dugu Santxo Arhantzeta'z baliatu gabe.

GRAZIAN: Eta zergatik ez Santxo'z baliaturik?

BERETERRETXE: Ene ustez, gizonaren sentimentuak baliotasun aundi bat dauka eta elitzake bidezkoa ainbeste zor diogun gizon zuzen orri bere borondatearen aurka jokatu-aztea.

GRAZIAN: Eta borondatez egiten baldin ba'dik?

BERETERRETXE: Eztu eginen. Gure artean pakea jartzeko edozer gauza egingo du, baiñan gerra pizteko urrats bat eman baiño naiago luke bertan il. Etzaitez, ordea, orregatik kezkatu, Grazian jauna. Santxo Arhantzeta'k, naigabe bada ere, esan digu nor den gure gizona eta nik laister jakingo dut bere berri, artu-emanean jartzeko.

GRAZIAN: Tristan, etzekiat nola eskertu nigatik egiten ari aizen guztia.

BERETERRETXE: Oraindik utsa besterik eztut egin. Musde Arnauton katepeturik ekartzen dizutenean, ordea, enetzako ditekean mesederik aundiena eskatzen ausartuko natzaizu.

GRAZIAN: (Zerbait somatuz.) Mesede ori irixteko eztuk Musde Arnauton ekarri-zai egon bearrik. Biotz-biotzez oraintxen ematen diat.

BERETERRETXE: Mari Beltxa?

GRAZIAN: Mari Beltxa ene alaba bakarra.

BERETERRETXE: (Grazian'engana urbilduz.) Aita!

GRAZIAN: (Laztanduz.) Seme!

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962