Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

VI'gn. Jardunaldia

 

Lengoak, BERETERRETXE, PETIRI SANTZ, MUSDE ARNAUTON (eskuak katez lotuta), gudari taldea, katigu batzuek eta SANTXO ARHANTZETA'ren illotza kamaña batean

 

BERETERRETXE: (Etsipenari jota.) Berandu, berandu... En Santxo Arhantzeta zaldun leñargi ta zintzoaren bizia salbatzeko!

GRAZIAN: Garaiz, ordea, inphernuko deabru au (Musde Arnauton señala beza.) bere lanean atxemateko.

GARTXOT: Belaunika gaitezen illotzaren aintzinean eta erreza dizaiogun Aita Gure bat gure Egille Aundia'ri, Santxo Arhantzeta zenaren arima bere atsegiñean artu dezan. (Belaunikatuz eta txapelak kenduaz.) Aita gurea... (Agur Maria eta Aintza'rekin anuaitu bezate.)

BERETERRETXE: Petri Suhara: Aukeratu lau arranbelari eta eraman illotza gazteluko eskaratze nagusira. Illotzak Bustanobi'ko jauregian diraun artean lau gudari euki bitza etengabe alboan armetan txutik.

PETRI: Zuk agindu ala eginen da. (Petri Suhara'k berexi bitza lau arranbelari eta eraman bezate illotza gaztelura.)

BERETERRETXE: (Grazian Gramont'i.) Emen dakarkizut, agindu bezala, katez lotuta munduan den gizeraillerik makurrena.

GRAZIAN: Eskarrikasko, seme. Ire itza bete duk. Orain ordainduko dizkik denak batean bere ilketa guziak.

PETIRI: (Grazian Gramont'engana aurreratuz.) Jauna, indazu grazia ziraunkume onen iltzalle izan nadin.

MUSDE: Traidore kixkilla! (Karkaxa bota bezaio arpegira bere gudari izanari.)

PETIRI: Nor uste duk aizela niri karkaxa botatzeko? To, urde putza! (Masaillekoka jo beza ta lurrera bota.)

MUSDE: (Amorruz lerde-jario.) Irekin biotzbera izanak ekarri zidak ondamendia... Azi zak belea eta aterako dizkik begiak.

GRAZIAN: Ago ixilik, zakur ori! Berriketarako gogoa baldin ba'daukak nire gudariak eziko aute aguro.

BERETERRETXE: (Apaizari.) Altxa adi lurretik eta oillarkeri gutxi gero! Berriz aborik zabaltzen ba'duk neronek astinduko aut zigorrez. (Altxa bedi Musde Arnauton.)

PETIRI: (Grazian Grarnont'i.) Jauna, nire eskabidea ontzat artzen al-duzu?

GRAZIAN: Neronen eskuz iltzeko asmoa nikan, Otsoa nire semearen eriotzaz apentzeko. Alabaiña, eizea iri zor diagun ezkeroz, ezin diat ukatu ire eskabidea. Zorroztu zak begia ire geziak uts egin ez dezan. Ire arranbelaren lana ikusiaz aguretxo au ondotxo gozatuko duk.

GARTXOT: (Bereterretxe'ri.) Aurrena zorionak eman nai dizkiat apaizaren jabe egin zeratelako. Alabaiña, oraindik ez diguk esan nola arrapatu duzuten.

BERETERRETXE: Oihanbeltz'eko gure sarobetik urbil zeuden bilduta goiz-otordua egiñaz. Ziarozko ustekabean arrapatu ditugu eta gure gezipean jausi eztirenak ematen egin dute. Batek ere eztigu itzul egin. En Santxo Arhantzeta'ren gorputza zoko batean baztertuta zeukaten. Ilberri zegon, oraindik bero, eta soin-arpegiak geziz josiak zituen.

MUSDE: Bai, phesta bukatzeko denbora doi-doi izan dugu.

GRAZIAN: Ixilik egoteko agindu diat lenago ere, nire zigorra probatu nai ezpaldin ba'duk ire larru gañean.

MUSDE: Musde Arnauton eztuk ixilik egotekoa agramontes baten aginduz.

BERETERRETXE: Ixilik egoten ezpa'aiz, nire zumezko zigorraz eziko aut.

MUSDE: Errespeta ezak apaizaren izena. Nor aiz i niri ika egiteko?

GRAZIAN: Tristan Bereterretxe nire gudarien buruzagi edo kapitana duk. I, berriz, nire prisionerua ta gizon-iltzalle bat besterik ez aiz.

MUSDE: Baiñan, zuek nai ba'duzute edo nai ezpa'duzute, apaiza nauk eta tratu txarrik ematen ba'didazute apezpikuarengana joko diat keja emanaz.

GRAZIAN: Eztuk orretarako betarik izanen, zakur orrek. Oraintxen bertan ordainduko baituk Otsoa'ren eta Santxo Arhantzeta'ren eriotza.

MUSDE: (Eriotza uste baiño urbillago ikusirik, izututa eta izketa doiñu apalean.) Jauna, erruki zakizkit; gogoan euki apaiza naizena.

GRAZIAN: Bai, ala aiz, zoritxarrez. Gure Eliza Donearen izena zikintzeko apaiztutako gizon dollorra. Ire bizimodu lotsagarriarekin Zuberoa'ko eta inguruetako kristau guziak eskandalizatu dituk eta orain Jaungoiko gure Jaunak nire eskuetan jarri au Bere bengantza egarriaren asegarri izan nadin. (Bat batean emakumiengana zuzenduz.) Zuek, emakume on oiek, otoi, etxera zaitezte. Emen ikusten ari zeratena eta ikusiko duzutena ezpaita zuen biotz xamurrentzat egokia.

CATHERINE: Bai, goazen etxera, nire senarrak ongi diñonez auzi au ezpaita guretzakoa. (Bijoaz.)

GRAZIAN: (Musde Arnauton'i.) Esan, zergatik il ukan nire semea?

MUSDE: (Izu-laborritan.) Nik ez nuen zure semerik il.

PETIRI: (Aurreratuz.) Bai, ik il ukan erorren eskuz, madarikatu orrek! Nire bixtan il ukan gaiñera. Zertan ukatzen duk egia?

GRAZIAN: Ta semea ilda gero erreskatea eskatu idaken, gizeraille ta lapur orrek.

MUSDE: Ezta egia! Petiri Santz gezurretan ari da. Gorroto ninduelako saldu nau.

PETIRI: Gorroto autela egia duk, zin egin bainikan, ik niri egindako bidegabekeria mendekatuko nikala, Jaungoikoa'k ortarako abagunerik eman ezkero. Baiñan egiati nauk eta ez gezurti. I berriz, apaiza izanarren gezurretan ari aiz, ire jantzi donea bein bat geiago loituz...

MUSDE: (Apalki, Petiri Altzaikoari.) Petiri Santz, gogoan euki zak bizirik utzi indutala ire bizia nire eskuetan zegoenean...

PETIRI: Deusen errurik gabe urtebetean ziega eze batean goseak amorratzen eta usteltzen euki ondoren... Bapo ziok! Milizka gozoagorik egiten ezpaldin ba'dakik jai duk nirekin. Besterik esango diat nik iri: Ik lenago jakin izan ba'u ni izan nintzela Otsoa'ren eriotzaren salatari, Santxo Arhantzeta bezala garbituko nindukan. Alabaiña, nik irabazi diat partida. Eldu zaik bada garaia ire gizerailketak ordaintzeko.

GRAZIAN: (Ezpata-muturra sabelean jarriaz apaizari.) Aitortu ezak beraz, i izan aizela Otsoa'ren eta Santxo Arhantzeta'ren iltzalle. (Musde Arnauton ixilik gelditu bedi.)

BERETERRETXE: En Grazian Gramont jaunak itz egin dik. Mintza adi!

MUSDE: Il bear ba'nauzute, ez dizutet atsegin ori emango.

GRAZIAN: Ik ezpa'duk aitortu nai, ire gudariak aitortuko ditek eta orrekin nire konzientzia libre izanen diat ire eriotzaz. Mintzatuko al-aiz?

MUSDE: Nire odola ixuri nai baldin ba'duzute, ene aitorrik gabe egin bearko duzute.

GRAZIAN: Ongi da, ire ordez, lekuko izanak mintzatuko dituk. (Petiri Santz'i.) Petiri Santz Altzaiko: Jesukristo gure jaunagatik eta Ebanjelio Santuagatik zin egiten al-duk Musde Arnauton izan dela Otsoa nire semearen iltzalle?

PETIRI: Bai jauna, zin dagit. Neronek ikusi nuen bere eskuz nola il zuen.

MUSDE: Gezurra!

GRAZIAN: Aurreratu ditezela orain Oihanbeltz'eko sarobean preso artutako mutillak. (Bospasei mutil aurreratu bitez alkarren artean sokaz edo katez lotuta.) Esan, mutillak: nork il du En Santxo Arhantzeta zaldun leñargia? (Ixilik beude.)

BERETERRETXE: Mintza zaitezte, zakurrak, mingaiñik gabe gelditu nai ezpa'duzute. (Zigorraz meatxu egin bizaie.) Esan aguro nork il zuen En Santxo Arhantzeta, bestela nire zigorrak zuen bizkarrak larrutuko baitizkik.

ARRANBELARI ATXILLOTU BAT: (Urrats batzuek aurreratuz Grazian Gramont'enagana.) Bizia agintzen al-diguzu aitortu ezkero?

GRAZIAN: Agintzen dizutet.

ARRANBELARI: Orra, ba, esan: bere aginduz il genduen En Santxo Arhantzeta.

GRAZIAN: Jesukristo gure Jaunagatik eta Ebanjelio Santuagatik zin egiten al-duzute?

BOST ARRANBELARIAK: Zin dagigu.

MUSDE: Saltzalle dollorrak!

ARRANBELARIA: Oroitu, ordea, bizia agindu diguzula.

GRAZIAN: Nire itza gordeko dut. (Ondoren Bereterretxe'ri.) Bereterretxe: agindu Petri Suhara talde buruari atxillotuok gaztelura eramateko.

BERETERRETXE: (Gartxot'i.) Zein torretan sartuko ditugu, osaba?

GARTXOT: Eguterako torrera eraman ditzatela agindu ezak, besteak baiño egokiago baizegok.

BERETERRETXE: ZUk irizten diozun bezala eginen dugu. (Bereterretxe mintza bedi Petri Suhara talde-buruarekin eta eraman bitzate katepetuak.)

GARTXOT: (Grazian'i.) Musde Arnauton ere preso sartu bear ote dugu?

GRAZIAN: Ez, noski. Biziarekin gelditzeko ate bat zabaltzea litzake ori. Justiziak entzungor eta ez ikusi egiten duen ezkero gizon iltzalle auekin, neuk egingo diat justizia.

GARTXOT: Orain il bear al-duk?

GRAZIAN: Oraintxen bertan. (Arranbelariai ots egiñaz.) Arranbelariak, erne! Gibeleko aritz tantai artan (siñalatuz.) lotu ezazute Musde Arnauton, (Eraman eta lotu bezate.) Petiri Santz Altzaiko: berexi ezak ire gezitan zorrotzena eta teinkatu ezak ire arranbela. Musde Arnauton: esan zak «Nire Jesukristo Jauna» ire biotza damutzeko gauza baldin ba'duk.

MUSDE: (Izu-laborritan.) Grazian jauna, erruki zakizkit!

GRAZIAN: Lagun urkoarentzat errukirik ezagutzen ez duen gizonak eztik eskubiderik errukia eskatzeko.

MUSDE: Otoi, indazu, beñepein, apaiz bat ene pekatuak aitortu ditzadan.

GRAZIAN: Eman al-ioken nire semeari? Eman al-ioken Santxo Arhantzeta jaunari?

MUSDE: Indazu, ordea, niri, betiko inphernuan gal ez nadin.

GRAZIAN: Inphernura joan bear duk ik. Ura duk ire tokia!

MUSDE: Jauna, indazu apaiz bat!

GARTXOT: Ez al-duk aski erorren buruarekin

GRAZIAN: Esan diat lenago ere «Nire Jesukristo Jauna» esateko Jaungoikoa'gan sinisten baldin ba'duk. Aitortzallea bost ajola zaik iri. Ba-dakik sobra emen eta inguruetan apaizik eztela eta ire bizia salbatzeko denbora irabazi naiean ari aiz.

MUSDE: Grazian jauna, zure kristau-fedeagatik, arren, apaiz bat eskatzen dizut. Pekatu larriz okiturik nago eta Jaungoikoa'k ene apaizgoaren kontu zorrotza eskatuko dit. Lapurretaz, gorrotoz, lizunkeriz, iraiñez eta gizon-odolez zikinduta daukat nire burua. Errukitzen ezpa'zatzait, betiko inphernuan galduko naiz.

PETIRI: (Mendekuaren gozoa xurgatuz.) Ta zer nai duk ik, gizerailketa guziak eginda gero zeruan sartzea? Ortaz, iri bizia kenduta mesede bat egitien nikek. Ez orixe! Inphernuko sutara joan bear duk deabru tartean dantzatzera eta ik egindako gaitz eta kalte guziak ordaintzera.

MUSDE: (Etsi-etsi eginda.) Otoi, jauna, apaiz bat, apaiz bat!... Bestenaz, inphernuko sutan amilduko naiz anka ta buruz.

GRAZIAN: Amildu adi ba! Orixe nai diat. Nire semeari ez ioken aitortzeko abagunerik eman. Petiri Santz'ek esanda zekiat. Bide gabe litzakek, beraz, ene seme maitea pekatu larri bategatik inphernura joan ba'duk, i, ire gizerailketa guziakin, zerura joatea.

MUSDE: Jauna, zure semea berotasun une batean il nuen, ustekabean, naigabe, eta etzidan betarik eman aitortzalle bat emateko.

GRAZIAN: Nik ere orrelaxe ilko aut: itxumenean, berotasunean, gorroto irakiñean. Bizitzeko kristau-erlejiñorik bear ezpa'ukan, iltzeko ere eztuk bearrik.

PETIRI: Jauna, nai duzunean agindu eta nire geziak zakur orren biotza alderik-alde igaroko du.

GRAZIAN: Tristan Bereterretxe: ik atxeman duk eta iri dagokik iltzeko agindua ematea.

BERETERRETXE: Ez, jauna; ni zure zerbitzari bat besterik ez naiz. Illa edo bizia ekartzeko esan zenidan. Orain zure prisioneru da; beraz, zuk erabaki ta agindu.

GRAZIAN: Ongi derizkiot. Betor niregain gizon onen eriotz-erantzukizuna eta agindu onetan ene bengantza-egarria goza bedi. (Petiri Santz'i.) Petiri Altzaiko: Teinka arranbel ori!

MUSDE: (Etsipenari emanda, amorrazioz.) Madarikatua! Jaungoikoa'k ire azken orduan ez bizaik eman aitortzallerik! (Zemai onekin Grazian Gramont ikaratuta gelditu bedi eta une batez luzesten du bere agindua. Petiri Santz'ek, ordea, Grazian'ek atzera egingo duen bildurrez gezia jaurtitzen du.)

PETIRI: Ori nai ukek ik!... To, erantzuna! (Itz oek esanaz Petiri Santz'ek gezia jaurtitzen du ta Musde Arnauton ilda eror bedi.)

GRAZIAN: Ongi egin duk. Ikustak arnasik ote darion eta bizi aztarnik somatzen ba'diok, buka zak lana. (Bijoa. Petiri Santz.)

BERETERRETXE: Musde Arnauton: Zuberoa'ko erria eztuk gaurgero ire bildur izanen!

 

OIALA

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962