Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

I'go, jardunaldia

 

Aurrena PETIRI SANTZ bakarrik. Gero, NESKAMEA

 

PETIRI: Auxen da, noski, Bustanobi jauregia, Bereterretxe'ren lengusu egiten den Gartxot jaun zaldunaren egoitza. Bereterretxe'k esan zidan bizpairu egun auetan emen egonen zela, En Grazian Gramont bere phamiliarekin bolara bat pasatzen emen baitago aspalditxoan. Izan ere, Bustanobitarrak Bereterretxe'ren aide dira batetik eta Grazian Gramont'enak bestetik. Jaungoikoa'k nai dezala Bereterretxe bere osabaren jauregi onetan egotea, bestela, ezpaitugu arkituko berriz olako okasiñorik. Jo dezagun atea. (Jo beza aldaba.) Agur, Maria!

NESKAMEA: (Barrutik.) Graziaz betea. Nor zaitugu?

PETIRI: Bereterretxe'n laguna nauzu. Ez beldur izan eta ideki atea.

NESKAMEA: (Atea idekiaz.) Zure arpegia etzait ezagun. Nor zaitut?

PETIRI: Ez bekizu orren ajolarik. Berak ba-daki nor naizen eta aski da. Etxean al-da?

NESKAMEA: Bai, jauna; noren partez esan bear diot?

PETIRI: Petiri Santz Altzai'koa emen dela esaiozu eta egiñalean etortzeko.

NESKAMEA: Zu Lukuzetarra ez al-zera?

PETIRI: Ala naiz, baiñan ala ta guziz ere Bereterretxe'ren laguna. Esaiozu aguro etortzeko eztagola betarik galtzeko-ta.

NESKAMEA: Esango diot, baiñan, otoi, zaude kanpoan, zuek etzerate phiatzekoak-eta. (Atea itxi beza.)

PETIRI: (Atekada ostean.) Etxean zertan sarturik etzeukanat, zuntzun alena! Alajainkoa, etzeukagu oraintxen egoteko betarik, sobera luzesten ba'diagu erbiak itzul eginen baiziguk eta Bereterretxe'ko zaldunak eztik eizatuko bere bizian erbi mardulagorik! Eta alare, neskame zuntzun onek atearekin muturrez jo zidak. Arrera gozoagorik merezi nian Bustanobi'n eta egin ere ala egingo zidaken zertara natorren ba'zetxekikan. Gaiñerakoan, zuntzuna ala zentzuduna, guria ta gustagarria zioken neskatilla, bai alajaiña! Beste batean lasaiago etorriko natzaiok bixitan. Alako perretxiku gozorik eztuk nun-nai eta noiz-nai arkitzen eta penagarri litzakek berorren gozorik txastatu gabe gelditu bearra. Amodiorik gabeko gaztaroa eta ardaorik gabeko bazkaria, alatsu. Biziaren latzak tarteka-marteka eskeintzen dizkigun atsegin-aldiok ez ditzagun arbuia, geroko damuak ezpaitu balio deus!...

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962