Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

V'gn, jardunaldia

 

Leirin'go JAUN KUNTIA (LUIS I'GOA) eta MUSDE ARNAUTON, Barkoxe'ko apaiza

 

MUSDE: Ez nengon oker. Begiratu ongi iru gizaseme aiek. Erdikoa, En Grazian Gramont berbera da, ezkerrekoa semea eta eskubikoa Santxo Arhantzeta delako azpi-suge ta bazter-nahastalle madarikatua. Ez dira gutaz oartu, baiñan Musde Arnauton aspaldi dabilkie beren urratsai jarraiki. (Begira geldituz.) Orra, Gillen'en ardandegian sartu dira oraintxe.

JAUN: (Ezpata beza gerrian.) Diñotenez (Maltzurki mintzatuz.), Santxo Arhantzeta biotz aundiko gizona omen dugu. Agramontesen eta Lukuzetarren arteko pakea besterik ez omen du billatzen.

MUSDE: Urde ziztrin ori pake billa? Lepoa jarriko nuke agramontesakin bat eginda dabillela gu ondatzeko. Jakin gura nuke orain ere zer berriketa zerabilten Olhaibi'ko zakurtzar orrekin.

JAUN: Ez deritzait oker zabiltzanik zure usteetan. Baiñan, nola jakin dezakezu zer solas zerabilten iru gizon oiek?

MUSDE: Musde Arnauton'entzat ez dago eziñezko egitekorik. Agramontes petral oien itz eta pentsamentu bakoitza jakin izan dut orain artean eta une oietan gure kontra bilhatzen ari diren egiteko makurra laister jakingo dugu.

JAUN: (Irriparrez.) Ba'ote nauzu zure konphiantzaren merezigarri egin asmo duzuna jakiteko?

MUSDE: Jaun Kuntia, zu gure adiskiderik leialena ta laguntzallerik onena zaitugu. Lukuzetarrok ziñez zorretan gaituzu, zuri eskerrak, agramontesen odolez eskuak zikindurik dauzkagunok, kalean baigabiltza, Justizia'ri burua makurtu-azteko ezpaita zu bezalako gizonik.

JAUN: (Kinismuz.) Eztakit, zure gorespenagatik ziaro arrotu ala ziaro lotsatu egin bear dutan... Baiñan esaidazu zure asmoa.

MUSDE: Ordu laurden bat baiño lenago gure sakristaua igorriko dut ardandegi ortara, Otsoa'ri eleizara joateko aginduz erretore jaunaren partez. Ez Otsoa'k eta ez bere aitak ez dute ezer txarrik pentsatuko eta erretore jaunaren deiari kaso eginen dio. Elizaren atean ezkutatuta guretako bi mutil jarriko ditut. Kolpe batez korde gabe utziko dute eta ondoan prest izanen dituzte zaldiak itzul egiteko, Otsoa berekin eramanaz. Olhaibi'ko zaldunaren semeak emanen digu izketaldi orren berri, bizia kontserba nai ba'du beñepein. Baiñan, oraindik kutsu geiago ere atera genezaioke sasikume orri. Aitari erreskatea eskatuko diogu eta bere seme kuttuna bizirik ikusi nai ba'du, aguro soltatuko digu zizkua.

JAUN: Nik uste baiño gizon argiagoa ta trebeagoa zaitut.

MUSDE: Oraintxen bertan nire eginkizunean asi bear dut, txoriak kabitik iges egin baiño lenago.

JAUN: Joan baiño len, bi albiste eman gura nizkizuke. Bat ona eta bestea txarra.

MUSDE: Esan azkar, joan bear baitut.

JAUN: Orra ona: Naparroa'ko Errege jaunak kondestable titulua aitortu dit.

MUSDE: Zorionak, jaun Kuntia! Eztakizu zenbat poztutzen nauen albiste orrek.

JAUN: Bestea ezta ain ona: Inglaterra'ko Errege Jaunak, Maule'ko gaztelua, Johan de Foix, Candale'ko konde gaskoinari entregatzeko agindu dit.

MUSDE: Ezta egia izanen!

JAUN: Zorigaitzez egi-egia da ba.

MUSDE: Ori zuretzat bezain kaltegarri da guretzat. Johan de Foix'ek ez digu bere babesik emanen gure eginkizunetan.

JAUN: Ez, noski. Beraz, zuen laguntasuna agintzen didazute?

MUSDE: Oso osoa. Baiñan, mintza zaitez ortaz zure lengusu Baroiarekin.

JAUN: Mintzatu naiz eta nirekin daukat.

MUSDE: Beraz, ba-dakizu zer egin bear duzun.

JAUN: Henri VI'garrenaren agindua ez obeditu. Bere aurka jaiki eta datorrela Candale'ko konde gaskoin arroputza Maule'ko gaztelua artzera.

MUSDE: Datorrela! Antxen itxoingo diogu. Lukuzetarren berri jakingo du onduantxe.

JAUN: Zuaz, orain, txoriak itzul egin baiño len.

MUSDE: Agur eta eutsi gogor zure asmo orri.

JAUN: Ondo joan eta eizea ongi erten dakizula. (Bijoa Musde Arnauton.)

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962