Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

III'gn. jardunaldia

 

Lenguak (une batean), GRAZIAN, MARI BELTXA eta GARTXOT BUSTANOBI. Gero: MARGARITA eta CATHERINE

 

MARI: (Korrika atereaz.) Tristan, ene Tristan! Nora zoazkit agurtu ere egin gabe? (Alkar besarka bezate.)

BERETERRETXE: Barkatu, Mari Beltxa, baiñan egiteko larri batek garamatzi.

MARI: Ez al-zera, bada, egun batzuek ene onduan deskantsuan egotea etorria?

BERETERRETXE: Asmo orretan etorri nintzen, baiñan, orain egiteko nagusiago bat daukat.

GRAZIAN: (Bereterretxe'gana urbilduz.) Nora zuazte, seme?

BERETERRETXE: Musde Arnauton'en billa. Baldin, gaur ekartzen ezpa'dugu, apika ezpaitugu sekula ekarri ahal izanen.

GRAZIAN: (Pharrez.) Petiri Santz'ekin egin tratuak frutu onik ekarri dik, nunbait.

BERETERRETXE: Frutua zori dago; biltzen ote dakigun ikusi bear orain. Musde Arnauton Oihanbeltz'ean omen da. Santxo Arhantzeta bere atzaparretan omen dauka eta aguro ibilli bear dugu bere mendetik bizirik atera nai ba'dugu.

GARTXOT: Zer diñozu,. Tristan? Albiste oiek arriturik uzten naute.

BERETERRETXE: Arrituago geldituko zerate Musde Arnauton katepeturik dakarkigunean. Agur danoi; ba-goaz txoriak itzul egin baiño len. (Bijoaz.)

GRAZIAN: Ondo joan eta suerteak lagun zaitzatela.

MARI: Agur, Tristan, Jaungoikoa'k lagun zaitzate. (Begira geldi bekio luzaro, aldentzen ikusirik, nigarra begietan.)

GRAZIAN: (Gartxot'i.) Zapelatz orrek berea egin dik orain ere. Santxo Arhantzeta nirekin egotekoa ukan gaur En Bertrand de Montferrand'i buruz erabakiak artzeko eta bere bitartez Lukuze'ko Baroiarekin artu-emanean jartzeko.

GARTXOT: Nunbait, gure jauregiko bide-sarreran itxoin ziotek eta bertan arrapatu. Naiko lan izanen dik zapelatz orren atzaparretatik biziarekin ateratzen.

GRAZIAN: Bereterretxe garaiz elduko al-duk gizagaixo orren bizia salbatzeko! (Alaba negarrez dagola oartuz, bere bularrean maiteki estutu beza eta malkoak txukatu bizaizkio.) Mari Beltxa, etzanela negarrik egin, laister bein betiko alkartuko baitzerate eta bein betiko zoriona ezagutuko duzute.

MARI: Ez, aita. Ezin ninteke zorionekoa izan, baldin egunero-egunero bildurrak pasatuta egon bear ba'dut, ene senarra noiz galduko gezi batek zearkatuta. Etorkizun beltz orretan pentsatzen ari nintzen, aita.

GRAZIAN: Zaldun guztien andreak'orrela egon oi ditun, alaba.

MARI: Ni ezin ninteke, bada, orrela bizi: etorriko ote, etorriko ez oteka...

GARTXOT: Orretara ere oitu eginen aiz, gizakumeok zernaitara oitutzen baigaitun mundu ziztrin onetan.

GRAZIAN: (Etxetik datozen emakumei begira.) Orra gure andretxoak zer gerta ote den jakin-miñez.

GARTXOT: Baiñan, beti bezala berandu irixten dira. Jaungoikoa'k egin zituen emakumeak begiluze ta ankamotz. (Emazteari.) Nola demontre moldatzen zerate leku guzietara berandu irixteko?

MARGARITA: (Sartu ala.) Gure buruak ematen baidizkigu lanak.

GRAZIAN: Noski, etxe-atarira jeixteko ere apaindu bearra duzute-ta. Zuen senartxoak apainketa aundirik gabe ezagutzen zaitute ba, orratik.

CATHERINE: Au bestea! Etzazutela pentsa, ordea, gure senartxoak ikus gaitzaten prestaketan aritu geranik. Ez, gero, olako ilusiñorik egin! Alabaiña, alako zalapartak eta iskanbillak entzunda, pentsatu baitugu jaun aundikiren bat ote zetorren eta alakoren bati arrera egiteko ez giñan, bada, nolanai aterako.

GARTXOT: Dena dela, ainbeste ots ta iskanbilla ateratzen ibillitakoak joan zaizkizute. Beraz, beste nunbait ase bearko duzute zuen jakingura.

CATHERINE: (Mari Beltxa'ri.) Baiñan, zer du gure alabak ain trixteturik egoteko?

GRAZIAN: Orra, niretzako pozgarririk aundiena izan dena, Mari Beltxa'rentzat naigabe larria izan da. Tristan joan zaio eta orrek tristetu du. Niri ere Tristan joan zait, baiñan gure etsairik aundiena illa edo bizia ekartzera. Otsoa'ren eriotza mendekatzeko unea eldu zaigu eta ala gerta ba'ledi, Santxo Arhantzeta'ri eta zuei agindutako itza beteko dut, En Bertrand de Montferrand libre utzirik.

CATHERINE: Benetan poztutzen nauzu asmo orretan irauten duzula ikusirik.

MARI: Baita ni ere, aita.

GRAZIAN: Agindua, zorra, esan oi da eta niri etzait gustatzen iñorekin zorretan bizitzea. Alabaiña, bildur gera, En Santxo Arhantzeta gizajoak ez ote duen libre ikusiko zaldun gaskoina.

CATHERINE eta MARGARITA: Zergatik ez ?

GRAZIAN: Santxo Arhantzeta une ontan Musde Arnauton'en mende dagolako, Orregatik atera da Bereterretxe korrika ta presaka bere gudariekin. Garaiz ibilliko al-dira bere bizia salbatzeko.

CATHERINE: Baiñan apaiz galdu orrekin iñork ba'ote dauka segurantzirik?

GARTXOT: Zeuk diñozu, iñork ere ez. Orain Santxo Arhantzeta bezala, noiz-nai zu edo ni izan giñezke bere ilgaiak.

MARGARITA: Ene! Txantxetan ere etzazula orrelakorik esan.

GRAZIAN: Zoritxarrez, eztizu txantxetan esan, benetan baizik eta oso benetan eta gure biziak gaurgero segurantzirik eztaukatelako piztitzar ori bizi den artean, luzetsi gabe akabatu bear dugu...

GARTXOT: (Erne jarrita.) Zaldi otsa eta mintzo otsa da. Gizatalde aundia dator gure gaztelu aldera.

GRAZIAN: Ene bada-ta! Oso oker ezpanaiz, danen aurrelari zaldi zuri bikain orretan datorrena Leirin'go Jaun Kuntia da.

MARGARITA: Gure buruak apain-apain jartzen asmatu egin dugu, beraz. (Maltzurki irri egiñaz.) Izan ere, ezpaita nor-nai «kondestable» jauna.

GRAZIAN: Eztakit zer nai ote digun Maule'ko Jaun Kuntiak, baiñan, dena dela, etzazutela txintik atera Musde Arnauton'ez eta Santxo Arhantxeta'z aditutakoaz. Beraz, zuhur mintzatu «kondestablearekin».

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962