Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

III'gn. jardunaldia

 

EN GRAZIAN jauna eta BERETERRETXE

 

BERETERRETXE: Jainkoak dizula arratsaldeon, En Grazian jauna.

GRAZIAN: Orobat, Bereterretxe. Berri onik al-dakarrek?

BERETERRETXE: Zaharrak berri, esan bearko. Alabaiña, trukea egiteko xehetasunak oro burutu ditugu.

GRAZIAN: Pozten nauk. Zenbatean mugatu duzute azkenik truke ori?

BERETERRETXE: Berreun florinetan egin dugu tratua.

GRAZIAN: Berreun florin? Burutik egin al-zaio orri?

BERETERRETXE: Ba-dakit diru-zurrupatze aundia dena, baiñan Otsoa bizirik ateratzeko ortaratu bear izan dut.

GRAZIAN: Ongi egin duk. Egia esan, kopuru izugarri orrek zirrara aundi bat egin zidak, baiñan semea seme duk eta etzaioak dirumugarik jarri bear.

BERETERRETXE: Joan aurretik orrela mintzatu zintzaidan eta ezin izan dut salbatu mutillaren bizia gutxiagorekin. Gaiñerakoan, erraztasunak ematearren, kopuru ori beste diru klasetan ordaindu dezakegula esan dit, alegia, tornesetan edo santxetetan.

GRAZIAN: Ez izan diruaren ardurarik, Bereterretxe. Gure mutilla dirutan kostatzen dena azkeneko xoxeraiño pagatuko baiditek. Begia begi truk eta ortza ortzaren truk pagatuko dizkitek beren zorrak.

BERETERRETXE: Zure agindupean naukazu, edozertara gertu, Lukuze'ko Baroiak eta Musde Arnauton'ek beren zorra ordaindu dezaten.

GRAZIAN: Milla esker, Bereterretxe. Ire zerbitzuak ez dizkiat aliantzirik eukiko. Eta truke baldintzetan alkar artu al-duzute?

BERETERRETXE: Bai, ortan ere alkar artu dugu zure baiezkoa baldin ba'dugu. Ona nola izango den: Ba-dakizunez, Musde Arnauton Santxo Arhantzeta'z baliatu da truke au egiteko. Santxo Arhantzeta jauna errespetu eta konphiantza guzikoa dugu bi taldekuok, bai-baitakigu bere pake-naia egi-egiazkoa dela eta bizia ere emanen lukela agramontesen eta Lukuzetarren artean pakea egiñik ikusteko. Zoritxarrez, ordea, Santxo Arhantzeta'ren asmo zuzen eta ederra ezin bete diteke, gizon-iltzalle ta traidore oiekin pakea egitea Jaungoikoa'ren legea lokaztea bailitzake.

GRAZIAN: Bai, Tristan, arrazoi duk; agramontesok naiago diagu milla bider bizia galdu deabrukumeok nagusitzen utzi baiño.

BERETERRETXE: Mintza gaitezen, ordea, orain truke-baldintzetaz.

GRAZIAN: Bai, mintza adi.

BERETERRETXE: Orra, ba; trukea Sorhabil'eko zelaigunean egitea proposatu du arratseko amabietan.

GRAZIAN: Zergatik ez egunez?

BERETERRETXE: Justiziaren beldur delako, berak diñonez. Traiziñorik izan ezkero gure partez, gauak itzulbide errazagoa emango omen dio.

GRAZIAN: Baita berak guri traizioren bat egiteko aukera obea ere.

BERETERRETXE: Eztago, ordea, trukea egunez egitekotan. Otsoa, bere ezpataz lenago garbituko omen du.

GRAZIAN: Madarikatua!

BERETERRETXE: Alaxen da, baiñan, Otsoa'ren bizia salbatu nai ba'dugu, eztago beste alderdirik baldintza oietatik igaro baiño. Ez bildurtu, ordea, traiziñorik gerta ez dadin neurriak artu baiditut.

GRAZIAN: Argi ibilli, Bereterretxe; argi ibilli otso madarikatu oiekin.

BERETERRETXE: Egon trankil, En Grazian jauna. Enegan konphiantzarik ba'duzu gauzak ongi aterako baitira.

GRAZIAN: Bai, Tristan; igan jartzen diat ene uste osoa. I aut, Bereterretxe'ko seme, ene zahartzaroko zurkaitza.

BERETERRETXE: Ni zure agindupeko morroi besterik ez nauzu... Entzun, ordea, orain, trukea nola eginen dugun: bi taldeok bat etorri gera En Santxo Arhantzeta aukeratzen trukea egiteko. Bi taldeok eun urratsetara jarriko gera alkarrengandik. Santxo Arhantzeta'k gure sailletik aterata, berrogeitamar urrats emanen ditu dirua erakarriz. Arnaut Arrokiaga, Santxo'ren adiskide aundia eta ura bezala pakezale zintzoa, Lukuzetarren sailletik aterako da Otsoa'rekin eta gure aldera berrogeitamar urrats eginen dituzte. Bi taldeen erdibidean, ots, berrogeitamar urratsetara trukea eginen da. Santxo Arhantzeta'k biziarekin erantzungo du Lukuzetarren aintzinean eta bere adiskideak, ots, Arnaut Arrokiaga'k, gure aintzinean Otsoa'ren biziaz.

GRAZIAN: Ongi derizkiot, Tristan, txit ongi. Santxo Arhantzeta'gan uste osoa zeukat. Ori duk gizona, gizonik ba'da! Bere probetxurako deus eskatu gabe bere bizia orrela arriskatzen!

BERETERRETXE: Bai, geroak esan beza gizon oni Euskalerria'k zor diona. Gure aldetik ziur egon diteke traiziozko gezirik sistatuko etzaiona. Baiñan Lukuzetarrak on egiña esker txarrez ordaintzen dute. Orduan, onesten duzu Lukuzetarrakin egindako tratua?

GRAZIAN: Bai, onesten diat, batez ere ire eskuetan dagolarik. Baiñan, erne ibilli traidore kasta orrekin. Salkeririk somatzen ba'duzute Lukuzetarren artean, ez zalantzik egin zuen geziak jaurtitzen. Bereterretxe, entzun ongi: ik daukak erantzunbearra Otsoa'ren, Santxo Arhantzeta'ren eta Arnaut Arrokiaga'ren biziaz.

BERETERRETXE: Entzun dut, jauna.

GRAZTAN: Bertrand de Montferrand'ekin zeukat egonbearra orain. Mari Beltxa ikusten ba'diat, esango zioat iri laguntasuna egitera etortzeko.

BERETERRETXE: Milla esker, Grazian jauna zure adeitasunari. (Bijoa Grazian.)

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962