Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

VIII'gn. jardunaldia

 

BERTRAND eta YOHANA

 

BERTRAND: Gizaseme atsegiña benetan jaun Kuntia. Ba-dizu orretxek gazte maiteminduen berri.

YOHANA: Ene aitak baiño geiago, bai, beñepein. Eztut gizon gogorragorik ezagutu gaztien biotz-sentipenak aintzakotzat artzeko.

BERTRAND: Nolabait ere ardietsi dugu gutarteko maitasun sutsua onetsi dezan.

YOHANA: Bai, ori iritxi dugu. Baiñan, lortuko al-duzu zure aita nireak eskatzen dizun itun ortara makurtzea?

BERTRAND: Alegiñak eginen ditut ene aita onez-onean irabazteko.

YOHANA: Eta onean lortzen ezpa'duzu?

BERTRAND: Aita-iltzalle biurtuko naiz.

YOHANA: Bertrand, orrelakorik ez! Sekula ez!

BERTRAND: Eztut uste ortara iritxi bearko dugunik; baiñan, gure maitasunera makurtuko ezpa'litz, eztukegu beste biderik.

YOHANA: Ez, Bertrand, ez, Jaungoikoa'k zigorkatuko gaitu. Lenago...

BERTRAND: (Asaldatuta, itza ebakiz.) Lenago, zer?

YOHANA: Uztea obeto dugula, alegia.

BERTRAND: Nola esan dezakezu orrelakorik? Zuk benetan maite al-nauzu, Yohana?

YOHANA: -Bertrand, zuk ba-dakizu maite zaitutana. Baiñan, nola ilko duzu zerorren aita gure alkartasunaren oztopo delako? Zer erru dauka berak?

BERTRAND: Eta zer erru daukagu guk? (Eskuak alkartuz.) Gu biok batu egin bear dugu. (Besarkatuz.) Orrelaxe, tinka-tinka, estu-estu, maitasunik sutsuenaz, eta gure batasunerako oztopo ditezkean guziak jo ta garbitu bear ditugu, zuzen ala oker ari geran begiratu gabe.

YOHANA: Bildurtzen nauzu, Bertrand.

BERTRAND: Yohana: etsiko ote zenuke ni gabe bizitzen?

YOHANA: Ez, Bertrand.

BERTRAND: Nik ere ezin nezake, bada. Eriotza naiago dut, baiñan, au ezpadatorkit, neronek ilko dut traban jartzen zaiguna.

YOHANA: Bertrand, baiñan gizon-iltzalleak eztute ando bukatzen. Arrapatuko zaitute eta urkamendira eraman aita-iltzalletzat salatuta.

BERTRAND: Ez zaitzala uste orrek kezkatu. Ene aita nork il duen eztu iñork jakingo.

YOHANA: Pentsaturik ote duzu, apika, zure aitari bizia nola kendu?

BERTRAND: Enaiz orretan pentsatzen jardun, baiñan burutik pasatu zait.

YOHANA: Jaungoikoa'k barka bekizu!

BERTRAND: Etzaitez orrela illundu, Yohana. Seguru aski ezpaitugu orretara jo bearrik izanen. Alabearrak ortara bultzako ba'nindu, ordea, ba-da gure eize barrutian amilpe bakarti bat... Edozer aitzeki edo aki-akula asmatuta, eize-taldekoen artetik bakanduta aita ara eraman nezake. Bultzaka txipi bat aski litzake ene egitekoa amaitzeko.

YOHANA: Bertrand, goazen, goazen emendik aguro, ikara ematen didazu-ta.

BERTRAND: Elizuke orrek ikaratu bear, Yohana, gure soin-biotzak betiko ez alkartzeak baizik.

YOHANA: Ba'liteke, Bertrand, baiñan, goazen, goazen aguro, buru au izu-laborriz irakiten baitut gal-gal... (Bijoaz.)

 

OIALA

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962