Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

II'gn. jardunaldia

 

Lengoak eta EN BERTRAND DE MONTFERRAND

 

BERTRAND: Arratsaldeon dizuela Jainkoa'k, jaun-andre leñargioi.

IRUROK: Ala ekarri, Bertrand de Montferrand jauna.

GRAZIAN: Nola zaitugu emengo aldi? Ezpaitidazu zure bixitaren albisterik igorri.

BERTRAND: Etzait orretarako betarik sortu, ain presaka bainabil. Beste eginkizun batzuk Euskalerri'ra erakarri naute eta zurekin solasaldi bat egiteko aprobetxatu dut.

GRAZIAN: Prest naukazu zuri aditzeko, En Grazian de Montferrand. Baiñan, exeri gaitezen (Exerlekua eskeiñi bizaio.), exerita lasaiago ta patxada obian mintzatzen baita.

BERTRAND: Eskarrikasko, Grazian jauna, baiñan... ez derizkiot egoki nire esanbearrari andereño auen aintzinean.

GRAZIAN: Alegia, nirekin bakarka mintzatu naiago zenduke...

BERTRAND: Orixe berbera; nik dakardan jarduna, gizonezkoen artean soilki tratatzeko obea baiderizkiot.

CATHERINE: Zure baimenarekin ba-goazkizu, beraz.

BERTRAND: Otoi, barkatu, andereñuok.

MARI: Barkatua dago. (Bijoaz.)

GRAZIAN: Exeri gaitezen (Exeri bitez.) eta zerorrek esango duzu zerk zakarren nirekin mintzatzera.

BERTRAND: Bildur naiz eztela zure atsegiñekoa izanen nire esan bearra, baiñan gutarteko auzian eskubidez ari naizela iste dut.

GRAZIAN: Baldin, eskubidez ari ba'zera, zuzen ari zera eta eztut uste asarrebiderik izanen dugunik.

BERTRAND: Orra ba: gutarteko alkar-laguntasun ituna urratzerat natorkizu.

GRAZIAN: Zure aitarekin egindako alkar laguntasun ituna urratzera? Txundituta uzten nauzu, Ezin sinistu nezake orrelakorik, Bertrand. Gure artean eztugu sekula asarrebide txipienik izan.

BERTRAND: Egia diñozu.

GRAZIAN: Zer du, beraz, zure aitak nire kontra?

BERTRAND: Ene aitak, deus ez; il baitzen.

GRAZIAN: Zure aita il zela? Enekien ezertxore.

BERTRAND: Bai, gaur amabost; eizera ertenda, amilpe batean jausi zen eta il.

GRAZIAN: Sentitzen dut; oso benetan sentitzen dut. Zaldun zuzena eta itzekoa baitzen zure aita.

BERTRAND: (Kinismuz.) Ain zuzena eta itzekoa! Neronek dakit ondotxo! Alabaiña, orain ni nauzu Montferrand'eko jaun eta nagusi bakarra eta eskubide osoan naiz ene aita zenak zurekin egindako tratua urratzeko.

GRAZIAN: Eztizut ukatuko. Orain, ordea, galdera bat egin gura nizuke: nirekin tratua urratzea egin al-duzu soilki, ala nire etsaiarekin ene kontra itundu zera?

BERTRAND: Enaiz ez zure alde eta ez zure aurka itundu. Ene aita zenak zurekin zeukan alkar-laguntasun tratua Lukuze'ko Baroiarekin egin dut eskubide guziz.

GRAZIAN: (Bere onetik aterata.) Madarikatua! Ene etsairik makurrenarekin!

BERTRAND: Ez ote naiz libre nai dutanarekin alkartzeko? Ala, zure komenientziaren begira egon bear dut?

GRAZIAN: Egin zenezake nai duzuna, baiñan gaurgero nire etsaigoa billatu duzu. Jakin ezazu nire etsaiaren adiskidea, ene etsaia da.

BERTRAND: Zerorrek billatu duzu gutarteko etsaigoa, ni pake-zurrean etorri bainaiz. Ene aitaren oroipenez zurekin pakean bizi gogo nuke, baiñan, ene oldeari ongi ezpa'derizkiozu...

GRAZIAN: Lukuze'ko Baroi dollorrarekin alkarturik zauden artean ezin liteke!...

BERTRAD: Orduan, gure bizian etsai bearko dugu, Lukuze'ko Baroia'rekin bein betiko alkartzen bainaiz.

GRAZIAN: Zer diñozu?

BERTRAND: Lukuze'ko jaun Baroiaren alabarekin ezkontzen bainaiz ene aitaren beltzaldia igaro bezain laister.

GRAZIAN: (Berekiko.) Lukuzetar kasta dollorra! Orain ere makurkeriz irabazi didak jokua, Baroi urdea! Ire alaba ederra Montferrand'go galaiari saldu diok, ene lagunik onena etsai biurtu dakidan.

BERTRAND: En Grazian jauna, zure etxean gaur gaberako arrotz ar nazazun egin dizut eskabidea. Ala're arroztasun legerik bete nai ezpa'duzu, ba-noakizu berealakoan.

GRAZIAN: Ez, nire tellatupean zaude eta nire etsairik aundienari ere eztiot ukatuko arrotz legeak agintzen duen arrera. Gurean aphaldu ta lo eginen duzu eta biar goizean ba-zoazke Lukuze'ko zirauntegira angoekin jan-edanetan ospatzera zuen gurenda. Baiñan entzun ondo, Bertrand de Montferrand: ene etxeak damaizun babesa utzi orduko, nire etsaietakoa izanen zera.

JAUREGIZAIA: Bereterretxe jauna emen da.

GRAZIAN: Jaunari eskerrak! Urduri bainengon bere zai. Igaro-azi zaiozu. (Bertrand'i.) Jauregizaiak lagunduko zaitu ene andrea ta alabarengana. Berak atendituko zaitute jaun onekin nagon artean.

BERTRAND: Anitz esker zure adeitasunari, Grazian Gramont jauna. (Bijoa.)

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962